Harrotu ditzagun hautsak

Harrotu ditzagun hautsak

Madrildik gobernatzen gaituen presidentearen hitzek harrotu dituzte hautsak aurreko egunotan gazteei sare sozialen erabilera debekatzeaz ari zelarik; baita sare sozialen enpresetako zuzendariei helegiteak jartzeko lege araudia ezartzeko proposamenak ere. Estrategia politiko eta bestelakoak alde batera, erreakziook harridura eragin zidaten, uste nuelako neurri lagungarria suerta zitekeela azkenaldian han eta hemen seme-alaba adingabekoei sakelakoaren erabilera eta Interneterako sarbide kontuak mugatzeko egitasmoak sustatzen dabiltzan guraso taldeentzat.

Ez, ba! Honetan ere, oker nenbilen. Afera omen da gazte-nerabeen adina finkatzea, alegia, 16 urterekin nahikoa heldua ba ote edo ez, eta adin nagusitasunaren muga non ezarri erabakitzea.

Andaluziako trenen talkaren auziak ere harrotu zituen hautsak. Egia esan, ez dakit hildako eta larriki zauritutako adingabe kopurua zenbatekoa izan den, ezta adingabe zaharrenak (heldu gazteenak, nondik begiratzen den) zenbat urte zituen. Meningeetan iltzatu zitzaidan datuetako bat izan zen istripuko tren bateko gidariaren adina 28 urtekoa zela eta informatikan ingeniari ikasketak zeuzkala burutuak; oilo ipurdia ari zait jartzen tren gidari hori nire alaba edo semea izan zitekeela imajinatze hutsarekin; batetik, ohartuta, izan zitekeela, adinez gazteagoak izan diren eta badiren modura, ipar hemisferioko biztanle gazte bat, sare sozial berriak sortzeko eta kudeatzeko gai, gizartea hankaz gora eta buruz behera jartzen ibilitakoa.

Bestetik, ingurura begirada bota eta ohartzerakoan izan zitekeela, egunero zer edo zer sabelari botatzeko bizioa edukitzeagatik, beste hainbeste gazteren modura, eta horretarako ezinbestean, aldiriko tren baten makinan aurkitu zuena zorrak kitatu ahal izateko modua.

Jende ospetsu eta dirudun asko biltzen dituzten zinema jaialdiak direla eta, askoren ahotan dabil Los domingos filma; berriki zinema areto batean —eta ez hain modan dauden streaming plataformatan— ikusi ondotik, antzeko zerbait eragin dit, alegia, transmisioarenarekin, ongi, zuzen, egoki ari ote garen hausnartzearena. Zertan ari gara huts egiten? Mendeek aurrera egin ahala, egon izan den kezka bera al da? Sentimentalismo eta sentsazionalismoa (ere) alde batera, edozerk balio al du edonolakoa dela, edonolako egoeratan, edozer justifikatzeko?

XXI. mendearen lehen laurdena igaro berria dugula, denbora tarte laburrean teknologiek hankaz gora eta buruz behera jarri dituzte bizi dugun mundua eta gizarte globalizatua

XXI. mendearen lehen laurdena igaro berria dugula, denbora tarte laburrean teknologiek hankaz gora eta buruz behera jarri dituzte bizi dugun mundua eta gizarte globalizatua; egia ere bada Interneten boom-aren aurreko garaian sortu eta ondokoa pairatzen ari garenok zailtasunak ditugula iparrari eusteko, une oro egiten dugula talka geure buruarekin; abestiari plagioa eginez, zientziaren eta kontzientziaren artean asmatu ezinda gabiltza, oreka puntua ezin topatu.

Sare sozialak, penintsulan zehar dabiltzan trenak, Goya sarietarako izendapenak jasotako Los domingos euskal ekoizpeneko filma, Minneapolis, hurrena zer? Daukaguna daukagula, datorrena datorrela, gurpilek lez, jira eta buelta segituko dugu, irtenbiderik ezean, bizi iraupenaren legepean.