Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, neska adingabe bat bortxatzeagatik

Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, neska adingabe bat bortxatzeagatik

Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio 24 urteko gizon bati, 2024ko uztailean 14 urteko neska bat bortxatzeagatik, Iruñean. Zigortuak ez dauka Espainiako nazionalitaterik, eta sorterrira itzularaziko dute kartzela zigorraren erdia betetakoan. Ezingo du hamar urtean bueltatu. Kartzela zigorra bete eta gero, zaintzapean egon beharko du hamar urtean. Hamahiru urtean ezingo du neskarekin harremanetan jarri edo harengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu, eta 15.000 euro ordaindu beharko dizkio eragindako kalte moralengatik.

Gizonak eta neskak elkar ezagutzen zuten. Hasieran gezurra esan zion neskari: 17 urte zituela adierazi zion. Gau batean neskak lagun baten etxean lo egin behar zuen, baina lagunak gorabehera bat izan zuen, eta ezin izan zuen haren etxera joan. Bere etxera ere ezin izan zuen joan. Gizonak bere etxean lo egitea eskaini zion, eta neskak onartu egin zuen, «ez baitzeukan lo egiteko lekurik». Epaiak zehaztu duenez, gizonak etxera bidean jakinarazi zion neskari 22 urte zituela; horrek neska mindu zuen, eta gizonari esan zion ez zuela harekin «ezer izan nahi».

Zigor eskaerari buruzko akordioa

Gizonaren etxera iritsi zirenean, mutilak musu eman zion eta ukituak egin zizkion. Gizonak sexu harremanak izan nahi zituela esan zion, baina neskak ezetz erantzun zion. Bortxatu egin zuen.

Azaroaren 26an egin zuten epaiketa. Epaiketaren aurretik fiskaltzak hamahiru urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat; akusazio partikularrak, berriz, hamahiru urte eta sei hilabetekoa. Ahozko epaiketa hasi zenean, ordea, fiskaltzak zortzi urtera jaitsi zuen zigor eskaera, eta akusazio partikularrak eta defentsak eskaera horrekin bat egin zuen. Ondorioz, epaileak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio.

Beste atxiloketa bat, Gasteizen

Udaltzainek 20 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekideari ohiko tratu txarrak ematea egotzita. Atzo arratsaldean emakume batek laguntza eske dei egin zien. Agenteak Alde Zaharrera bertaratu ziren, eta bertan zeudela, gertakariaren lekuko baten dei bat jaso zuten. Hark adierazi zien emakumeari bikotekideak eraso ziola, eta ez zela halakorik egiten zuen lehendabiziko aldia.

Agenteek gizona eurekin eraman dute polizia etxera, ohiko tratu txar delitua egotzita.