Belateko tunelak bikoizteko herri lanek bi urte beteko dituzte maiatzean, eta honezkero 2.300 metro zulatu dituzte. Alta, Belaten ez dira soilik hondeamakinak sartu. Handik 32 kilometrora, Nafarroako Parlamentuan, lupekin sartu dira, eta sakon aztertu dituzte azpiegitura horren nondik norako guztiak. Tuneletik ez dira soilik tonaka harri atera, tonaka informazio eta datu ere atera dituzte. Nafarroako historia garaikidean ez dago inondik ere hainbeste ikertu den beste azpiegiturarik.
UPNk hasieratik jarri zuen Belate susmopean, eta horren adierazle dira datuak. Aurreko legealdian, oraindik adjudikazioa amaitu gabe zegoela, 37 ekinaldi egin ziren parlamentuan; oraingo legealdian, berriz, 46 egin ziren. Hau da, ikerketa batzordea sortu aurretik ere, Nafarroako Gobernuko arduradunek makina bat agerraldi egin dituzte, eta galderei erantzun, azalpenak eman… Dena den, ekainean Guardia Zibilak Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkaria Servinabar enpresarekin lotu zuenean, susmoak areagotu besterik ez ziren egin. Batzordearen lehen txanpan handitu egin da luparen graduazioa, eta ondorio nagusi bat atera dute: ez da frogatu esku hartze politikorik egon zenik.
Iraganeko aurrekariak
Testuinguruak zenbaitetan balio du esfortzu horri guztiari perspektiba emateko. Belateri dagokionez, egungo tunelen zati handiena UPNren agintaldian diseinatu eta eraiki zen, 1993tik 1997ra bitartean. Obra haren gainkostua %40tik gorakoa izan zen, eta zenbait tartetan %60tik gorakoa.
Okerrena da tunela ireki eta zazpi urtera jada Europako Batzordeak ohartarazi zuela tunelak ez zuela segurtasun baldintzarik betetzen. Bruselak laguntzak banatu zizkien eskualdeei tunelak zuzentarau berri batera egokitzeko, baina Nafarroak ez zuen ezer egin, eta bakarrik geratu da orain. Izan ere, hamalau urteetan UPNk kutxa batean gorde zuen afera, eta Barkosen gobernuak tunelean egokitzapen batzuk besterik ez zituen egin. Hala, N-121 errepidean 2+1 erraila eraikitzeko lanak Maria Txibiteren gobernuak egin ditu, eta horren barruan sartzen da obraren zatirik konplexuena: Belate eta Almandozko tunelen bikoizketa, alegia. Bruselak ohartarazi zuen tunela itxi eta milioika euroko isuna ezar zezakeela Nafarroako Gobernuak obra egin ezean.
Testuinguru politikoa ere ezin da ahaztu. Auzi judizialean, Acciona eta Servinabarreko arduradunei herri lanen truke komisioak ordaintzea leporatzen zaie, eta Santos Cerdani, Koldo Garciari eta Jose Luis Abalosi, komisio horiek kobratzea. Ikertutako herri lanak Espainian eta Katalunian daude. Dena den, Nafarroan enpresa horiek 23 aldiz aurkeztu dira lehiaketetara, eta sei kontratu publiko bereganatu dituzte. Horietatik mardulena da Belatekoa, eta UPNrentzat funtsezko auzia da. Ustelkeriaren susmoa zabaltzea da Nafarroako Jauregira iristeko biderik motzena, eta ikerketa batzordea horretarako baliatu nahi du.
Testuinguruari lotutako beste auzi garrantzitsua legedia bera da, baina. EBk behartuta, 2018an kontratu publikoen foru legea onartu zuten, eta nabarmen indartu zituzten gardentasun irizpideak eta prozedurak. Puntu nagusiena da kontratu publikoak erabakitzen dituen organoan, kontratazio mahaian, ezin dela kargu politikorik eseri. Belateren kasuan, zortzi kidek osatu zuten mahaia, eta guztiek adierazi zuten ez zutela Lurralde Kohesioko kontseilarien edo departamentuko zuzendari nagusien presiorik jaso.
Horregatik, kontratazio mahaian gertatutakoa xehe-xehe aztertu du batzordeak. Puntu polemikoenetako bat kide kopurua izan da. Lurralde Kohesioko Departamentuak sei kidetik zortzira handitzea erabaki zuen, baita bi ingeniari gehiago izendatzea ere. A posteriori, eskuineko oposizioak salatu du berdinketa hausteko asmoz egin zutela hori; baina departamentuko arduradunek arrazoitu dute obraren konplexutasun teknikoagatik hartu zutela erabakia, eta prozedura bera indartzeko modu bat izan zela.
Talka handia
Batzordeak agerian jarri du, hain zuzen, eztabaida sutsua egon zela enpresen eskaintza teknikoa aztertu zuten bost kide ingeniarien eta prozesuaren legezkotasuna aztertu behar zuten hiru kide legelarien artean. Talka hori bi kidek pertsonifikatu zuten: Jesus Polo mahaiko buruak eta Lorenzo Serena idazkari judizialak. Eskuineko oposizioak Jesus Polo mahaiko burua aurkeztu du susmagarri nagusitzat, baina Polok 45 kontratazio prozesutan parte hartu du, eta inoiz ez du arazorik izan. Horietatik hamahirutan Serenarekin bat egin zuen, baina bien arteko tentsioa hamalaugarrenean azaleratu zen: Belatekoan.
Prozesu barruan, Serenak salatu zuen Polok gainerako ingeniarien emaitzak jakinda eman zuela bere botoa, eta puntuazioa manipulatu zuela. Ordezko bat jartzea edo bozketa berriz egitea proposatu zuen hark. Polok, baina, batzordean irmo ukatu zuen bozkatzen azkena izan zela, eta Serenak bere profesionaltasuna auzitan jarri zuela salatu zuen. Serenak proposatutako irtenbideak azken emaitza aldatu eta prozedura are gehiago korapilatu zezakeela esan zuten beste kide batzuek.
Beldur hori puntu askotan azaleratu da, eta batzordeak agerian jarri du mahai barruan zein kanpoan presio handia egon zela. Izan ere, legelariek Belateko adjudikazioaren prozesuaren gaineko zalantzak planteatu zituzten, eta hiru boto partikularren bidez islatu zuten hori prozesu amaieran. Ingeniariek, aldiz, azaldu zuten lau aldiz aldatu behar izan zutela beren erabakiaren azalpen teknikoa. Desadostasun haren inguruko azken hitza Herri Lanen zuzendari nagusiak zuen. Kontratazio batzordean prozesua kontsultatzeko aukera zuen, baina aurrera jotzea erabaki zuen, berriro ere guztia katramilatu zitekeela azalduta.
Nafarroako Kontuen Ganberak eta Nafarroako Gobernuko kontu hartzaileak ondorioztatu dute ez dela irregulartasunik egon, baina uste dute bermeak handitzeko neurriak hartu behar direla aurrerantzean. Aldiz, Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak baliogabetzat jo du kontratua bera, eta agerian utzi du iritzi juridiko desberdinak daudela errealitate beraren gainean.
Zer egiten zuen halako azpiegitura handi batean esperientziarik gabeko enpresa txiki batek, Servinabarrek, Acciona eta Oses eraikuntza enpresekin batera elkarte batean? Beharbada horixe da auzi honetako punturik polemikoena. Administrazioak kontrol neurri argiagoak ezarri beharko lituzke, kasu honetan ez baitzuten ezer egin. Accionak tunelen inguruan duen ezagutza teknikoa berme nahikotzat jo zuten.
Beste puntua da ikerketa batzordea gutxietsi eta Nafarroako Parlamentuaren autonomia auzitan jarri nahi izan dutela zenbaitek. Ebroko eta Kantauriko ur konfederazioetako teknikariak ez dira joan batzordera, baina are larriagoa da Jose Luis Entrecanales Accionako presidentearen jarrera. Bi aldiz uko egin dio bertaratzeari, eta fiskaltzara jo du legebiltzarrak, desobedientzia delitu bat egin duelakoan.
