Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, bikotekide ohia bortxatzeagatik

Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, bikotekide ohia bortxatzeagatik

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio 34 urteko gizon bati, bere bikotekide ohia bortxatzeagatik. Zigorra hitzartu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak. Bi aringarri aplikatu dizkiote: alde batetik, buru nahasmendua zuela drogak hartzeagatik; bestetik, epaiketa hasi aurretik dirua ordaindu zuela eragindako kaltea konpontzeko.

Zigortuak ezingo du sei urtean emakumearekin harremanetan jarri, ezta harengandik 300 metro baino gutxiagora hurbildu ere. Espetxetik ateratakoan zaintzapean egongo da sei urtean. 27.000 euro ordaindu beharko dizkio bikotekide ohiari, eragindako kalte moralengatik. Iazko abenduaren 11n epaitu zuten, eta epaiketa egin aurretik ordaindu zituen 27.000 euroak. Baita mila euro gehiago ere, bikotekide ohia jasotzen ari den tratamendua ordaintzeko ere.

Hala ere, epaileak behin-behinean bertan behera utzi du zigorra bost urterako, zenbait baldintzarekin: zigortuak epe horretan deliturik ez egitea; droga mendekotasuna gainditzeko tratamendua jarraitzea eta bost urtean bertan behera ez uztea, medikuak lehenago sendagiria eman ezean; berdintasun, genero indarkeria eta sexu heziketa programa bat egitea; eta bikotekide ohiarengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekuak betetzea.

Gizona eta emakumea kafe bat hartzeko geratu ziren 2023ko iraileko egun batean. Gero gizonaren furgonetan sartu ziren, eta gizonak mendira eraman zuen, ibilgailua lokatzetan gidatzen erakutsiko ziola esanez. Furgoneta geratu zuen, emakumeari ukituak egin zizkion eta bortxatu egin zuen.

Emakumea tratamendu psikologikoa eta psikiatrikoa jasotzen ari da, bortxaketak eragindako trauma osteko estresa tratatzeko.