Geroa Baik oraindik ez du erabaki nor izango den hautagaia

Geroa Baik oraindik ez du erabaki nor izango den hautagaia

UPNk jada badu bere lehendakarigaia, eta PSNrena zein izango den ere argi dago. Urtebete baino gehiago falta delarik, baina, Geroa Baik ez du presarik. Uxue Barkosek ez du argitu berriro ere zerrendaburu izango ote den Nafarroako foru hauteskundeetan. Bere esanetan, uneotan EAJren eta Geroa Sozialberdeen arteko koalizioan ez dira hitz egiten ari hautagaiez. Argi utzi du, hori bai, Geroa Bairen aldeko apustu irmoa egiten dutela guztiek.

Iruñeko Geroa Bairen egoitzan prentsaurrekoa eskaini dute Uxue Barkosek eta Ana Ollok. Geroa Baiko bi ordezkarien arabera, eskuin muturraren goraldiaren aurrean gizarte ongizatean zein eskubide sozialetan atzera egiteko arriskua dago. Dena den, uste dute ultraeskuinari politikarekin eta lan zorrotzarekin egiten zaiola aurre, «eta ez hitzaldi sutsuekin». Espainian Gabriel Rufian ERCko diputatuak egin duen proposamenari begirako gogoeta izan da. Funtsezkotzat jo dute mehatxuari aurre egingo dieten gobernuak izatea.

Nafarroan ez dago argi zer gertatuko den hurrengo legealdian. Foru hauteskundeei begira, Barkosek aurreratu du koalizioaren aldeko konpromiso irmoa dagoela. «Geroa Baitik kanpo zenbaitek gogo handiak dituzte Geroak Baik jarrai ez dezan, baina Geroa Baik aurrera darrai eta osasun instituzional oso ona du, eta pentsatu nahi dugu ere Nafarroan ere osasun bikaina duela». Barkosen iritziz, Nafarroak nahi du oraingo bidetik jarraitzea, eta pluraltasuna islatuko duen gobernu bat osatzea. Dena den, ausardia eskatu dio PSNri. Autogobernuari dagokionez, kasurako.

Azken hamar urteetan Ana Ollok zuzentzen duen departamentuak memoriaren arloan egindako lana azpimarratu du koalizioak. Gogora ekarri du Ollok urte luzez Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoa bizkarra erakutsi zietela motibazio politikoko biktimei zein 36 gerrak eragindakoei. Era berean, ezker abertzaleak «indarkeria terrorista legitimatuko duten errelato konpentsatzaileak egin izan ditu».

Olloren esanetan, Geroa Baik memoria arloko bere agenda propioa bultzatu du, «jatorri politikoko indarkeriaren biktima guztiekin» hitz eginez. Barkosek gogora ekarri du UPNk asko hitz egiten duela biktimez, baina «ekintza gutxi» egiten duela:.2015ean Nafarroako Gobernura heldu zirenean, ETAren biktima asko babes gabe zeuden. Ollok gaineratu du 2010eko legea «zekena» dela eta horretarako beste lege aurreproiektu bat bideratzen ari direla orain».

Gainera, hamar urteoten 700 ikur frankista kendu ditu gobernuak eta jazarpen frankistaren toki ugari memoria gune bihurtu, espazio publiko hori demokratizatuz. Halaber, motibazio politikoko biktimen 2019ko legea nahikoa ez dela onartu arren, Ollok uste du biktima horiei zein torturatuei aitortzarako bide bat irekitzen diela. 

Azkenik, Barkosek gogora ekarri duenez Espainiako Senatuan, beste bederatzi talderekin batera, Geroa Baik Manuel Fragaren ikur bat kentzeko eskatu du Gasteizko eta Montejurrako sarraskiak bere ardurapean egin zirelako. Aste honetan, Espainian ospatu egi dute 1978ko konstituzioa historian gehien iraun duena izan dela. Horren aurrean, Barkosek lotsagarritzat jo du Konstituzioaren babespean oraindik lege frankistak daudela. Hala nola, sekretu ofizialen legea. Hori indargabetuko al duen galdera erregistratu du berriz Senatuan. «Badakigu erantzuna, baina PSOE ispiluaren aurrean jarri nahi dugu».