AHTaren sustatzaileak «mafiaren erara» aritzen direla salatu dute Iruñeko kaleetan

AHTaren sustatzaileak «mafiaren erara» aritzen direla salatu dute Iruñeko kaleetan

Traje beltza eta gorbata soinean, larruzko maleta esku batean eta zartailu bat bestean. Ustezko enpresaria oihuka ari zaie kasko eta peto laranjadun behargin batzuei, zartailuarekin zorua zirt eta zart jotzen duen bitartean: «Segi lanera, alfer halakoak! Aurrerabidea moteltzen ari zarete!». Nafarroako enpresari handi baten plantak egiten ditu trajedunak; itxurazko beharginek, aldiz, arrastaka daramate elefante zuri handi baten irudia, garapenaren eta azpiegitura faraonikoen ikur. AHT Abiadura Handiko Trenaren auzia umorez irudikatu nahi izan du Nafarroako AHT Gelditu taldeak, Iruñean egin duten manifestazioan. 

«Elefante zuria azpiegitura alferrikakoak, suntsitzaileak eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da. AHTa Euskal Herriko elefante zuririk handiena da, 12.000 milioi eurotik gorako kostua baitu, eta diru publikoaz finantzatuta dago», esplikatu du Beatriz Aranak, AHT Gelditu taldearen izenean, manifestazioa abiatu aurretik.

AHTaren aldeko enpresarien parodia, Karlos III.aren etorbidean. BERRIA

Tren lasterraren eragin ekonomikoa, soziala eta ekologikoa salatzeaz harago, baina, manifestariek AHTaren sustatzaileen jokabidea nabarmendu dute. Zehazki, iaz sortutako AHTaren Aldeko Plataforma jarri dute kritiken eta parodien jomugan: «Plataforma horrek lobby baten erara jokatzen du Nafarroako eta Espainiako gobernuekin, eta haren jarduteko modua mafia baten gisakoa da: hariak mugitzen ditu, politikarien erabakietan eragiteko», esan du Aranak. Plataforma horren sustatzaile nagusiak dira CEN Nafarroako Enpresarien Konfederazioa, Nafarroako Merkataritza Ganbera, Institución Futuro erakundea, ingeniarien zenbait elkargo eta UGT sindikatua. «Plataforma honek enpresarien elitea ordezkatzen du soilik, eta lotsagabea iruditzen zaigu, egungo krisi garaiotan, AHTa sustatu nahi izatea; hain zuzen ere, elite horiei eta politikari ustelei soilik mesede eginen dion azpiegitura bat». Erakunde horiei egin dizkiete kritika gogorrenak Iruñeko manifestazioan.

Irriak UGTri eta enpresariei

Nafarroako Gobernuaren parean hasi da protesta, Karlos III.aren etorbidean. Desjabetzaren aurrean, AHTaren mafia borrokatu irakur zitekeen pankarta nagusian. Haren atzean, AHTaren aurkako banderak eta pankarta txikiagoak zeramatzaten manifestari ugarik, AHTaren dirua hezkuntza publikoarentzat eta elefante txuririk ez bezalako leloekin. Ukelele baten doinuek lagunduta, kantu artean abiatu dute manifestazioa. 

Espainiako polizia bat, mozorrotutako manifestarietako batzuei alde egiteko eskatzen, CENen egoitzaren parean. BERRIA

Zaragoza etorbidean, geldialdia egin dute UGT sindikatuaren egoitzaren parean. «Barre algara herrikoia» egin dute, sindikatu horrek AHTaren auzian jokatzen duen rola kritikatzeko. Handik metro gutxira, CENen egoitzaren parean, AHTa sustatzen duten enpresarien parodia bat egin nahi izan dute, baina Espainiako Poliziak galarazi die, bultzaka.

Gurutzeko plazan amaitu da manifestazioa, antzezlan umoretsu batekin: manifestarietako batzuk, trajez jantzita, enpresaburuen rola egin dute, eta beste batek gobernuko lehendakaria parodiatu du —Mariatxi Fite izena eman diote—, txotxongilo bat balitz bezala trajedunen eskuetan. Kantu, irri eta txalo artean bukatu da protesta.

Manifestazioa, Bianako printzearen plazan. BERRIA

 

biometanizazio planten aurkako protesta, bihar

 

Biogasa ekoizteko makroplanten aurkako taldeek elkarretaratzea eginen dute bihar Arroitzen (Nafarroa), «landa lurrak defendatzeko» helburuarekin. 10:00etan, Iturriko zelaigunean elkartuko dira Estellerriko plataforma guztiak, eta jai giroko protesta egin ostean, proiektu horien inguruko informazioa banatuko dute.

 

Urtarrilean, Stop Biogas plataforma sortu zuten Arroizko herritarrek, eta Nafarroako Gobernuari eskatu zioten ez diezaiola baimenik eman AGR Biogas enpresari herrian biometanizazioko makroplanta bat eraikitzeko. Nabarmendu zuten herriko biztanle gehienak (%60 inguru) makroproiektuaren aurka agertu direla.