Luxuzko aurkikuntza Tafallan

Luxuzko aurkikuntza Tafallan

Tafallako La Celada muinoan aurkikuntza esanguratsu bat egin dute, eta mundu mailan garrantzia izango du, zenbait adituren arabera. Izan ere, 2019an, Iruñea eta Zaragoza (Espainia) arteko AHTaren linearen obretan, aztarnategi bat topatu zuten La Celadan, eta hainbat aurkikuntza interesgarri egin dituzte 2020tik 2024ra arte eremu hori induskatzen eta aztertzen aritu ziren adituek eta arkeologoek. Besteak beste, ohartu dira La Celadan aldi baterako herrixka bat izan zela Brontze Aroan. 

La Celadako aztarnategian aurkituriko hainbat pieza ikusgai daude Nafarroako Museoan otsailaren 5etik. Izan ere, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak Tafallako La Celada: Brontze Aroko altxor bat izeneko erakusketa aurkeztu du. Erakusketa horretan ikusgai daude La Celadako aztarnategian aurkitutako zeramikazko ontzi bat eta ontzi horrek barnean gordeak zituen kobrezko zenbait lingote. Aztarnategiko zulo batean gordeta aurkitu zituzten bai ontzia eta bai lingoteak; izan ere, Brontze Aroan jendeak zuloak egiten zituen lurrean, eta, besteak beste, gordailu gisa edo hileta errituetarako erabiltzen zituzten. Ikerketa lanak egiten ari dira oraindik, baina, orain arte egindako azterlanen arabera, aztarnategian aurkitutako kobrezko lingoteak duela 3.500 urtekoak dira, eta litekeena da diru tradizionala izatea, nahiz eta beste aukera batzuk ere ez dituzten baztertzen. Nafarroako Museoan irakur daitekeenez, diru hori erregistratutako «zaharrenetarikoa» da.

Irailaren 6ra arte izango da erakusketa Nafarroako Museoko 2.10 aretoan. Txaro Mateo eta Javier Nuin dira erakusketaren komisarioak. Biak Olcairum Estudios Arqueologicos enpresako arkeologoak dira, eta La Celadako aztarnategian lanean aritu dira. Nuinek aztarnategiaren aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu du: «Aurkikuntza honek mundu osoan du garrantzia. Ikerketa fasean dago, baina emaitzak argitaratzen direnean, ia mundu osoko esparru zientifikoan hartuko dute kontuan. Arkeologiaren munduko mapan jarriko du Tafalla». Halaber, haren ustez, La Celadako aztarnategiaren aurkikuntza Brontze Aroa ulertzeko «funtsezko pieza» izango da. Nafarroako Gobernuak nabarmendu du iragana ezagutzeko ez ezik oraina ulertzeko ere «funtsezkoa» dela aztarnategia.

Ehun bat zulo

Duela 3.500 urte inguru izan zen herrixka La Celada muinoan, eta, Nuinek aipatu duenez, herri horretako biztanleek zapaltzen zuten lurra galdua dago jada, «batez ere higaduraren eta nekazaritzaren ondorioz». Aztertutakoaren arabera, Nuinek dio garai hartako biztanleek gehienbat nekazaritzan jarduten zutela. Dena den, lurra mantendu ez bada ere, herritar haiek lurrean egin zituzten zuloak hor daude oraindik. Arkeologoak azaldu du herrixka hartan «bi txabola luze» eraiki zituztela, eta txabola horien inguruan hainbat zulo egin zituztela lurrean. Guztira ehun bat zulo hondeatu dituzte La Celadako aztarnategian; dena den, Nuinek azaldu du orain arte Brontze Aroko herrixkaren bizpahiru hektarea bakarrik induskatu direla, eta oraindik zazpi hektarea inguru daudela hondeatu gabe. «AHTaren obraren arabera egin da indusketa», adierazi du.

«Ia mundu osoko esparru zientifikoan hartuko dute kontuan. Arkeologiaren munduko mapan jarriko du Tafalla»

JAVIER NUIN Arkeologoa

Herrixkan egindako zulo horietako batean, Nafarroako Museoan ikusgai dauden zeramikazko ontzia eta kobrezko lingoteak zeuden. Museoan irakur daitekeenez, zulo horretatik kobrezko 191 lingote atera dituzte guztira. Lingote horietatik 183k aizkora forma dute, eta 20 gramo inguruko pisua; beste zortziek, berriz, «zapata zolaren» forma, eta 300 gramo inguruko pisua. Gainera, aizkora forma duten lingoteei dagokienez, Nuinek esan du lingote horiek hamarnaka multzokatuta aurkitu zituztela, eta horrek adierazten duela garai hartan matematikak ere erabiltzen zituztela. «Hori berria da. Kontabilitate sistema bat erabiltzen zuten», adierazi du. 

Aurkituriko lingoteek zuten funtzioari dagokionez, arkeologoak uste du diru tradizionala dela eta distantzia luzeko merkataritza egiteko erabiltzen zutela. Esan duenez, Frantziako hegoaldean, Garona ibaiaren bokalearen inguruan, zenbait pieza aurkitu dituzte, Tafallan aurkiturikoen berdinak, eta aipatu du Alemania hegoaldean ere agertu direla antzeko piezak. Lingoteen kobrearen jatorriari erreparatuta, ikerketek erakutsi dute kobrea Austriako eta Pirinioetako meategietatik datorrela. «Horrek agerian uzten ditu distantzia luzeko harremanak, eta Europako historiaurreko lehen ekonomia moduen eta truke sareen inguruko informazioa ematen du», adierazi dute Nafarroako Museoko erakusketan. 

Bestelako aurkikuntzak

La Celadako aztarnategian, Nafarroako Museoan erakutsitako ontzia eta lingotea ez ezik, «ezohiko» beste zenbait aurkikuntza egin dituztela jakinarazi du Nuinek: zista huts bat, elkarren ondoan kokatutako eta ongi mantendutako zeramikazko hamazortzi ontzi, eta bi lagunen hezurrak. Arkeologoak azaldu du ohikoa dela pertsonen gorpuzkiak aurkitzea horrelako aztarnategietan, baina haietako bat ahuspez aurkitu zuten, eta 30 kiloko harri bat buruaren gainean zuela. «Ehorzketa mota horiek, eskeletoa ahuspez dutenak, kontu negatiboekin lotzen dira», azaldu du.

La Celadako aztarnategiko zuloetako batean ahuspez aurkitu zuten hezurdura. OLCAIRUM

Aztarnategian induskatu gabe dauden hektareak aztertzeko aukeraz galdetuta, Nuinek esan du gaur egun ez dagoela proiekturik martxan horretarako, baina adierazi du ikerketa proiektu bat egiteko «leku egokia» dela.