«Transfobia salatzen segituko dugu, datorren tokitik datorrela»

«Transfobia salatzen segituko dugu, datorren tokitik datorrela»

Pertsona transen aldeko elastikoa eta ile urdina. Kafetegian sartu denean, halere, Edurne Correaren irribarrea nabarmendu da, bertze edozer gauzaren gainetik. Despertrans elkarteko presidentea da Correa (Madril, 1979), eta hagitz kontent agertu da elkarteak orain arte egindako bidearekin. Despertransek bost urte bete ditu, eta kideak lanean eta borrokan segitzeko gogoz dira.

Bost urte bete dituzue. Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Gurea elkarte txiki bat da. Bost urteotan, batez ere, mobilizazioaren esparruan aritu gara lanean; dibulgazioa eta formakuntza ere landu ditugu, eta, protestekin batera, tailerrak, hitzaldiak, jardunaldiak, erakusketak eta bertze antolatu ditugu. Nafarroan eta hemendik at aritu gara. Gainera, Trans Plataforma Federazioaren barruan gaude, eta horrek indar handia eman digu, sarean aritu baikara bertze talde anitzekin. Hagitz kontent gaude egin dugun bidearekin.

Egoerak hobera egin du azken bost urteotan?

Gauzak aldatu dira, baina ez nahi eta behar bezainbertze. Trans legearen alde anitz borrokatu ginen, baina onartu zutena ez zen trans kolektibook eskatutakoa, eta, gainera, gauza anitz ez dira betetzen ari. Adibidez, pertsona trans migratzaileen eskubideak ez dituzte betetzen. Legea 2023an onartu zuten; urtebeteko epea zehaztu zuten pertsona trans migratzaileen izenak aldatzeko protokoloa egiteko, baina oraindik ez dute egin.

Nafarroan Transbide dago, pertsona transak artatzeko unitatea. Ongi funtzionatzen du?

[Espainiako] Estatuko gisako bertze zerbitzu batzuekin alderatuz gero, ongi dago, baina zer hobetu bada. Denak ez du ongi funtzionatzen. Itxaron-zerrendak luzeak dira, adibidez. Gainera, unitatera jotzen duten batzuen hitza zalantzan jartzen dute; mutil transen kasuan, saiatzen dira bularra kentzeko ebakuntza ahalik eta gehien atzeratzen. Ematen du asmoa dela unitatera jotzen dutenek atzera egitea.

«Zerbait egin behar da sare sozialetan zabaltzen dituzten gorroto mezuak geldiarazteko. Beldurgarria da»

Legeen eta erakundeen esparrutik at ere bada zer hobetu?

Transfobia handia dago. Egia da aurrera egin dugula; ni duela hamasei urte iritsi nintzen Iruñera, eta anitzez ere urte gehiago dira hiria ezagutzen dudala. Orain ikusten ditudan gauza anitz pentsaezinak ziren duela hogei urteko Iruñean; hasteko, ni neu karrikatik paseatzen ikustea! Aurrera egin dugu, baina transfobia handia dago oraindik. Lanaz, etxebizitzaz eta bertzez hitz egiten badugu, egoera ez da samurra, estigma moduko bat baitugu pertsona transok. Borrokatzen jarraitu behar dugu, gaiaz hitz egiten, eta, gure eskubideak urratzen direnean, egoera horiek salatzen. Transfobia salatzen segituko dugu, datorren tokitik datorrela.

Erasoak ez baitatoz bakarrik eskuin muturraren esparrutik?

Ustez ezkertiarrak edo feministak diren esparruetatik ere badatoz, bai. Hori ikusi dugu azken urteotan. Eraso horiek salatu behar ditugu, eta eraso horiek egiten dituztenak seinalatu, agerian utzi.

Hezkuntzan eragitea ere beharrezkoa da?

Hezkuntzaren esparruan eragitea hagitz garrantzitsua da, baina zerbait egin behar da ere sare sozialetan zabaltzen dituzten gorroto mezuak geldiarazteko. Beldurgarria da zeinen azkar zabaltzen diren gisa horretako mezuak sare sozialetan eta hedabideetan. Plataforma handiek bertze alde batera begiratzea erabaki dute, eta emakume trans bati erraten ahal zaio gona daraman gizona dela, inolako ondoriorik edo zigorrik gabe. Inork ez du deus ere egiten egoera hori ikusita. Guk arautegi bat ezar dezatela eskatu dugu, behin eta berriz, gorroto mezu horiek hutsean utzi ahal izateko. Izugarria da gorroto mezuak zabaltzen dituztenek erratea adierazpen askatasunaren izenean ari direla. Ni gogor borrokatu naiz adierazpen askatasunaren alde, eta min ematen dit halakoak entzuteak.

Iritzi guztiei ez baitzaie errespetua zor, ezta?

Hala da. Gauza bat da iritzia emateko eskubidea izatea, eta bertze gauza bat da zure iritzia; erraten duzunak bertze norbaiten eskubideak urratzen baditu, ez du errespeturik merezi.

«Mugimendu benetan transfeminista baten alde eginen dugu lan, denen indarrak batzeko»

Uste duzu pertsona transen ahotsak gutxi entzuten direla oraindik ere?

Uste dut pedagogia handia behar dela, oraindik ere, pertsona transen egunerokoari buruz. Ez gaituzte erabat ulertzen. Enpatia handiagoa behar dugu. Nik pedagogia egiteko arazorik ez dut, oro har, baina egia da tarteka egoerak amorratzen zaituela eta ez duzula pedagogia hori egiteko gogorik. Finean, harresi bat dugu aurrean, eta pitzaduraz pitzadura egin behar dugu haren kontra.

Ez zaudete bakarrik, ordea, bertze hainbat kolektibo daude pertsona transak antolatzeko. Trans Plataformen Federazioan sarean ari zarete; Nafarroan ere bai?

Bai, harremana dugu bertze elkarte anitzekin. Nork bere lan esparrua badu, baina beharrezkoa da elkarlanean aritzea. Naizekin badugu harremana, adibidez. Duela 30 urte, guraso anitzek etxetik botatzen zuten transa zela erraten zuen nerabea; gaur egun, guraso anitzek laguntzen dute beren haurren bidea. Hori hagitz inportantea da.

Bost urte bete iragan eta gero, orain zer?

Lanean jarraitu behar dugu. Gauza anitz daude aldatzeko, oraindik ere. Mugimendu benetan transfeminista baten alde eginen dugu lan, denen indarrak batzeko, eta bertzeen eskubideak urratzen dituzten faxistak salatzen segitzeko. Martxoaren 8an karrikan egonen gara berriz ere. Handitzen jarraitu nahi dugu.