«Gazako emakumeen mezua da, zuzenean Nafarroako emakumeentzat: Salam Gazak egindako zapi solidarioa eros dezatela eskatu diete, haren bidez lortutako dirua ur eta janari bilakatu ahal izateko». Nafarroako Salam Gaza elkarteko presidente Ola Arafatek erran ditu hitzok, hunkituta, Iruñeko Geltokin egindako agerraldian. Martxoaren 8rako egindako zapia da Salam Gazak salgai jarri duena; Sakanako bi artista aritu dira diseinatzen eta serigrafiatzen —Olatz Aldasoro eta Jule Costa—, eta gaur eta ostiralean Geltokin erosi ahal izanen da, larubatean Salam Gazaren egoitzan, eta igandean Antoniuttitik abiatuko den Martxoaren 8ko manifestazioaren hasieran eta bukaeran. Salam Gazak bideo bat egin du Gazan, eta hango emakumeen eta neskatoen ahotsa jaso du, mundura zabaltzeko. Eguneroko borrokaz mintzatu dira, duintasunari eusteko konpromisoaz, eta behar duten elkartasunaz eta laguntzaz. «Gure elkartea zubi zuzen bat da Nafarroa eta Gazaren artean», berretsi du Arafatek.
Salam Gazak, hain zuzen, Gazan dauden gobernuz kanpoko bost erakunderekin egiten du lan, eta elkarlan horri esker, ura eta janaria banatzen du 3.500 lagunek osatutako kanpaleku batean. Azarotik, 1,6 milioi litro ur banatu dituzte, kanpaleku horretan ez ezik, zerrendako bertze hainbat eremutan ere. «Munduak jada ez dio Gazari begiratzen, baina genozidioa ez da eten, eta gazatarrak hurrengo eguneko argia ikusteko borrokatzen dira», salatu du Arafatek.
Gazan hagitz gogorra da aurrera egiteko eguneroko lana. Salam Gazarentzat filmatu duten bideoan ageri den emakume boluntario baten kasua aipatu du Arafatek, larritasunaren adierazgarri: «Duela zazpi egun, semea hil zitzaion. Gaixo zegoen, botika batekin senda zitekeen, baina botikarik ez zuten lortu». Gazako emakumeek aurrera egiten erakusten diete beren seme-alabei. «Ezin dugu beren ahotsa desagertzen utzi», gaineratu du Arafatek. Feminismoan oinarriturik, emakume nafarrak Gazakoekin bat egitera deitu ditu.
