Alpha Espazioa aurkeztu dute: ardoaren sektorean ekintzailetza bultzatzeko proiektua

Alpha Espazioa aurkeztu dute: ardoaren sektorean ekintzailetza bultzatzeko proiektua

Ardoaren lanketa erraztea, ardoaren sektorean belaunaldien arteko erreleboa indartzea eta ekintzailetza bultzatzea, eta Nafarroako produktuetan balio erantsia sortzea. Besteak beste, helburu horiek izan ditu Alpha Espazioa, ardoaren munduan ekintzailetza sustatzeko test gune berri baten sorrera proiektu pilotuak, aurkezpenean azaldu zutenaren arabera. Proiektuak gaur egun arte izandako emaitzak aurkeztu zituzten otsailaren 23an San Martin Unxen, eta, horrekin batera, Alpha Espazioak dituen zenbait berezitasun ere aipatu zituzten. Izan ere, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, akonpainamenduan oinarritzen den proiektua da, eta «talentu berriei» beren lehenengo ardo lanketekin hasteko aukera ematen die, «mahastizaintzako eta ardogintzako ekintzailetzaren fase bereziki konplexu bateko arriskuak murriztuz». Akonpainamenduari dagokionez, iaz zortzi hilabetez Pablo Iturgaiz ziraukiar gazteari bere proiektua martxan jartzen lagundu zioten. 

«Dauden ereduak aztertu dira, sektoreko funtsezko eragileekin lan egin da, eta benetako ekintzailetza proiektu bat lagundu da, ardoaren munduan ekintzailetza errazteko beharrezkoak diren laguntzak, azpiegiturak eta gobernantza ereduak ulertzeko helburuz», azaldu dute Alpha Espazioa proiektuaren webgunean. Iturgaizekin egindako akonpainamenduaren bitartez, Nafarroako Gobernuak dio «talentu gazteei» laguntzeko «eredu bideragarri bat» egiaztatu dela. Gehienbat gazteentzako proiektua bada ere, horretan parte hartzeko ez dute ezarri gehienezko adinik oraingoz. 

Alpha Espazioa martxan jarri dutenak Emplea fundazioa eta Evena Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Erakundea izan dira, San Martin Unxeko Udalarekin lankidetzan.

Pablo Iturgaizen proiektua

Alpha Espazioa ekinbideak eskainitako laguntzaren bitartez, Iturgaiz bere ardoa egiten hasi da. Ziraukin bildutako mahatsekin, Erriberrin dagoen Evenaren egoitzan landu du gehienbat ardoa Iturgaizek. Instalazio horiek uztea eskertu du gehien ziraukiarrak; izan ere, nahiz eta etxean ere baduen upategi bat, lizentzia jakin batzuk dituen toki bat behar du ardoa merkaturatzeko. Beste hainbat arlotan ere lagundu dute Iturgaiz: proiektua eta negozio eredua definitzen, sektoreko hainbat eragile eta aditurekin harremanetan jartzen, eta aholkularitza teknikoa eta estrategikoa ere eman diote.

«Nire herrian arazo bat da ez dagoela belaunaldien arteko erreleborik mahastizaintzan»

PABLO ITURGAIZ Ziraukiko mahastizaina

Bere ardoa egiteaz gain, Iturgaizek esan du ezagutzak handitu dituela, eta marka propioa ere sortu duela: Casa Iturgaiz. Nahiz eta oraindik ardoa Evenan egiten duen, ziraukiarrak espero du hurrengo urtean ardoa etxean duten upategian egiten hastea —obrak egin behar dituzte—. Alpha Espazioa proiektuaren bitartez egindako akonpainamenduaren ostean, «motibatuta» dagoela dio Iturgaizek. Proiektuan zergatik parte hartu duen ere azaldu du: «Nire herrian arazo bat da ez dagoela belaunaldien arteko erreleborik mahastizaintzan. Ikusi nuen zerbait egin behar zela herrian, mahasti zaharrak zaintzeko eta babesteko». 

Gaur egun, ardoa merkaturatzen hasteko aholkularitza jasotzen ari da Iturgaiz. Zenbait helburu ditu: ardoa saltzea, ekoizpena handitzea eta mahastiren bat gehiago landatzea. Herriko ohiturak ez galtzeko, ardoa egitetik bizi nahi du Iturgaizek, baina aitortu du ardoaren sektorea mundu «oso zaila» dela.

Aurrekariak

Ez da lehen aldia San Martin Unxen ardoarekin loturiko proiektu bat aurkezten dutena; izan ere, herri horretako udalak eta Emplea fundazioak 2022tik Vivid izeneko laborategia lantzen dute. Fundazioko proiektu teknikaria den Sara Valenciak azaldu du landa berrikuntzarako laborategia dela Vivid, eta ardoaren, mahastizaintzaren eta despopulazioaren inguruan lan egiten duela. Hainbat ildo ditu laborategiak; esaterako, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean jardun nahi dutenentzat sortutako Vivid akademia. Ildo horiek momentuan dauden beharren arabera aktibatzen eta desaktibatzen direla azaldu du Valenciak.

«Ikusten genuen pertsona asko motibatuta eta ekiteko gogoz ateratzen zirela akademiatik»

SARA VALENCIA Emplea fundazioko teknikaria

Ildo berri bat Alpha Espazioa izan da, eta Valenciak dio Vivid akademiaren segida bat izan dela: «Ikusten genuen pertsona asko motibatuta eta ekiteko gogoz ateratzen zirela akademiatik». Teknikariak azaldu du jende ugarik interesa erakutsi duela Alpha Espazioan parte hartzeko, eta 2026an proiektuarekin jarraituko dutela, Iturgaizekin ikasitako guztia praktikan jartzeko.