«Feminismoan oinarriturik, langile klasearen alde borrokatzera aterako gara karrikara». Horixe nabarmendu dute Nafarroako mugimendu feministako ordezkariek, gaurko Martxoaren 8ari buruz. Iruñean eginen dute herrialdeko manifestazio nagusia: 12:00etan abiatuko da Antoniutti parketik. Herriz herri antolatu dituzte protestak, halere, eta han eta hemen eginen dituzten manifestazioetan eta elkarretaratzeetan feministek tokiko baldintzei eta egoerei eginen diete so. Askotarikoa baita gizartea, askotarikoa mugimendu feminista, eta askotarikoak feminismoa oinarri hartuta egungo sistema patriarkalak, arrazistak eta kapitalistak eragindako eta borrokatu beharreko zapalkuntzak. Nork bere tokitik bizi du Martxoaren 8a.
Mugimendu feministak bertze mundu bat eraikitzera deitu ditu herritarrak, «gero eta nabarmenagoak» diren desberdinkeriei aurre egiteko. «Boteredunak gero eta indartsuagoak dira, eta sistemak zapaldutakoak gero eta zapalduago daude», nabarmendu dute Nafarroako mugimendu feministako kide Nora Gonzalezek eta Amaia Zubietak, asteon Iruñeko Gazteluko plazan egindako agerraldian. Otsailaren 20an Sarrigurenen jazotako hilketa matxista oroitu eta salatu dute, eta babesa agertu diote ustezko hiltzaileak zauritutako emakumeari. Babesa eta elkartasuna erakutsi diete, gainera, mundu osoko hamaika txokotan borrokan ari diren emakumeei.
Nadia Hernandez
«Ama eredu izan da niretzat; beti erran dit independente izan behar dudala»
La Romani elkarteko Nadia Hernandez. IÑIGO URIZ / FOKU
Nadia Hernandez (Tutera, 2002) erizain laguntzailea da, eta Gizarte Integrazioko goi mailako gradua ikasten ari da orain. Ikasketen bidea ez da batere erraza izan harentzat, ijitoa izanda hamaika aurreiritziri eta estereotipori egin behar izan baitie aurre. Anitzetan oroitu da bertze ikasleak molestatuko zituela erranez institutuan eskola hasi orduko gelatik kanporatzen zuen irakaslearekin. Ikasketak eta lana uztartzen ditu egun, Tuterako La Romanin aritzen baita. Elkarteko ordezkaria da Tuterako Berdintasunaren Kontseiluan.
Ama izan du Hernandezek erreferente nagusi. «Beti erran dit independente izan behar dudala, ez dudala gizon baten menpe egon behar. Ama izan zen gidabaimena atera zuen lehen ijito emakumea Tuteran! Eredu izan da niretzat». Martxoaren 8ak besta kutsua izan du beti Hernandezentzat. «Ama eta haren lagunak eta lehengusinak afaltzeko elkartzen ziren etxean, eta kantuan eta dantzan aritzen ziren». La Romaniko emakume gazte ijitoek eman diote segida ohitura horri, eta «elkartzeko» eta «boteretzeko» baliatzen dute Martxoaren 8an egiten duten besta.
Aldarrikatzeko egun bat ere bada, noski, tuterarrarentzat. Berdintasunaren aldeko konpromiso sendoa badu, eta gaur Tuterako karriketan izanen da. Azaroaren 25ean ere, indarkeria matxistaren kontrako egunean, karrikara ateratzen ohi da Hernandez. «Iaz, Rozalenen La puerta violeta kantatu nuen keinu hizkuntzan». Oroitu du amak animatu zuela azaroaren 25eko protestetan parte hartzera, eta harro dago La Romaniren izenean Berdintasun Kontseiluan egindako lanaz. Garbi du gizarteak aurrera egin behar duela eta badela garaia emakumeak baztertzen dituen zapalkuntza bazter uzteko. «Gauzak anitz aldatu dira, oro har, eta ijitoon artean ere bai, baina oraindik bada lan handia egiteko».
Farmata Watt
«Ikus gaitzatela nahi dugu, eta borrokan segitu»
Flor de Africa elkarteko Farmata Watt. AITOR KARASATORRE / FOKU
«Adin, jatorri eta arraza ezberdinetako emakumeok gure eskubideak aldarrikatzeko egun bat da». Horixe erran du Flor de Africa elkarteko Farmata Wattek, Martxoaren 8ari buruz (Guediawaye, Senegal, 1989). Berdintasuna eskatu du Wattek, «soldata eta aukera berdintasuna», bertzeak bertze. Emakume arrazializatuen alde mintzatu da Watt, batez ere: «Zaintzako eta etxeko lanetan aritzen dira anitz, egoiliar gisa, eta ez dute ateratzeko eta Martxoaren 8an parte hartzeko aukerarik. Emakume zuri batek etxetik ateratzeko aukera izan dezan, bertze emakume arrazializatu batek etxean gelditu behar du, zaintza lanetan. Hori kontuan izan behar dugu».
Wattek garbi erran du «lan handia» dagoela egiteko, Nafarroako mugimendu feminista benetan inklusiboa izan dadin, anitzetan «ikuspuntu antirrazista» bazter uzten baitute. Zehaztu du urratsak egin direla aurrera, baina bidean segitzeko beharra badela, bertzeak bertze, emakume arrazializatuek mugimenduan parte hartu ahal izanen dutela bermatzeko. «Ez da nahikoa erratea batzar bat nahi duten guztientzat zabalik dela; emakume guztiek parte hartzeko aukera izanen dutela bermatzeko pausoak eman behar dira». Hizkuntza ere muga izan daitekeela erantsi du, eta «denek uler dezaketen hizkera erabiltzeko» eskatu die mugimendu feministako kideei.
Watt Iruñeko manifestazioan izanen da gaur, Flor de Africa elkarteko gainerako kideekin batera. Hark azaldu du aurten ezin izan dutela manifestazioa prestatzeko lanetan parte hartu, baina garrantzitsua dela kalera ateratzea. «Lokal bat lortu dugu azkenean, eta atontzen aritu gara azken hilabeteotan. Lanez gainezka egon gara». Flor de Africako kideak atzo ziren elkartzekoak protestarako kartelak prestatzeko. «Guretzat hagitz inportantea da karrikara ateratzea: ikus gaitzatela nahi dugu, eta borrokan segitu, emakumeon eskubideak kolokan baitira». Wattek erantsi du martxoaren 21a dela arrazakeriaren aurkako eguna, eta mugimendu feministako kideak deitu ditu egun horretako protestetan parte hartzera.
Biki Garcia
«Orain Martxoaren 8an parte hartzen dugu, gure ahotsa entzuten dute»
Biki Garcia, Thycna Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileen elkarteko kidea. NAFARROAKO HITZA
Biki Garcia (Iruñea, 1967) Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileen Elkarteko kidea da. Harentzat Martxoaren 8a beti izan da borroka eguna, baina nabarmendu du etxeko langileen elkartean dagoenetik eguna «are bereziagoa» dela, lanak mugimendu feministaren barruan antolatzera eraman baitu. «Etxeko langileon elkartea izan zen gure lehen urratsa, eta etxeko langile gisa garbi genuen mugimendu feministaren barruan egon behar genuela». Garciak zehaztu duenez, urrats hori egin baino lehen, etxeko eta zaintzako langileak «argazkirako erabiltzen» zituzten irudipena zuten. «Ez genuen hori nahi; argazkian ateratzeko, barruan egon behar genuela garbi genuen».
Garciaren hitzetan, zaintzaren aldeko 2018ko greba orokorra «oso garrantzitsua» izan da etxeko eta zaintzako langileentzat, uste baitu greba horri buruz gehienbat emakume arrazializatuek egiten duten lanak duen garrantziaz ohartu direla mugimendu feministan eta gizartean. «Orain Martxoaren 8a antolatzeko lanetan parte hartzen dugu. Gure ahotsa entzuten dute».
Garciak ez du gaurko manifestazioan parte hartuko, gaixoaldian baitago, baina garbi du Martxoaren 8ko borrokaren parte dela. Zaintza lanak «funtsezkoak» direla berretsi du, baina aitortu du etxeko eta zaintzako langile guztiek ez dutela greba egiteko edo protestara joateko aukera. Martxoaren 31 da etxeko langileen eguna, eta Nafarroako elkarteko kideak karrikara aterako dira berriz. Martxoaren 30ean eginen dute elkarretaratzea, Iruñeko Udaletxe plazan. Herritar guztiak deitu dituzte batzera.
Eva Roncero
«Erakutsi nahi dut gai naizela bakarrik ibiltzeko»
Mejorana elkarteko kide Eva Roncero. NAFARROAKO HITZA
Eva Roncero (Iruñea, 1984) hezitzailea da, eta ongi daki batzuetan maldan gorako bidea izaten dela eskubideen aldekoa; ez bakarrik emakumeenak aldarrikatzekoa, baizik eta, bereziki, desgaitasun psikosoziala dutenena. Mejorana elkartearen bidez, sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten herritarren alde aritu da azken urteotan. Agentzia eta ahots propioa dutela nabarmendu du, eta agentzia horren aldeko oihu bilakatu nahi izan du aurtengo Martxoaren 8aren inguruko lana.
«Desgaitasun psikosoziala duten emakumeak ahaldundu daitezela nahi dut; niretzat hagitz garrantzitsua da gure arteko sareak ehuntzea», erran du Roncerok. Gaurko manifestazioarekin bat egin du, eta oroitu karrikara atera dela azken urteotan. Gaur, baina, bere «agentzia aldarrikatzeko» hautu bat egin du: «Donejakue bideko zati bat egin nahi dut ekainean, eta Martxoaren 8an Xabierraldian parte hartuko dut. Niretzat bideak ez du erlijioarekin zerikusirik. Erakutsi nahi dut gai naizela bakarrik ibiltzeko». Salatu du osasun mentaleko diagnostiko bat dagoenean bakarrik ibiltzen diren emakumeen inguruko «aurreiritziak eta estereotipoak are indartsuagoak» direla, eta haien aurka egin nahi du.
Ines Matxiarena
«Lanik ez egiteko eta kalera ateratzeko eguna da»
Berako Goldatz talde feministako eta udaleko zinegotzi Ines Matxiarena. NAFARROAKO HITZA
«Askotan, zaila da». Horixe erran du Ines Matxiarenak erakundeen eta gizarte mugimenduen arteko orekari buruz. Berako Goldatz talde feministako kidea da, eta, gainera, Berako Udaleko Gizarte Zerbitzuko eta Berdintasuneko zinegotzia. Matxiarenak garbi du badela zer aldarrikatu eta zer borrokatu Martxoaren 8an. Etxeko giroan ikasi du ahizpatasuna zer den: «Sei emakume gara!», erran du. Martxoaren 8a etxean beti «indar handiko» eguna izan dela azpimarratu du. «Guretzat lanik ez egiteko eta kalera ateratzeko eguna da; egun hagitz garrantzitsua».
Aldarrikatzeko ez ezik, «elkartzeko» eguna ere bada Martxoaren 8a Matxiarenarentzat, eta erantsi du ahizpatasunak «giro berezi eta polit» bat sortzen duela: «Ahizpatasunaren eguna da». Udala eta Bortzirietako erakundeak ere ari dira ahizpatasun horren alde. Azken urteotan, hain zuzen, Bortzirietako Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera antolatu ditu Martxoaren 8aren inguruan; aurten, Igantzira eginen dute emakumeen mendi martxa, eta han bazkalduko dute.
Matxiarenak aitortu du udaleko lana ez dela erraza. «Finean, gizonek segitzen dute boterean, eta ez da erraza hori kudeatzea. Asko kostatzen ari zait». Erantsi du arazoak sortzen direla feminismoaren aldeko leloak udalaren egunerokoan txertatu behar direnean. «Ustez denak gaude ados feminismoaren mezuarekin, baina gero ez da erraza gauzatzea». Gizonen ahotsa «pixka bat ozenago» entzuten dela gehitu du, eta «autoritate gehiago» aitortzen zaiela arlo askotan. «Hori da niretzat zailena, eta horregatik da hain garrantzitsua Martxoaren 8a».
Ola Arafat
«Gazatarren ahotsa izan behar dut»
Salam Gaza elkarteko kide Ola Arafat, Nafarroan bizi den gazatarra. NAFARROAKO HITZA
Ola Arafat jada ez da soilik Gazan jaiotako nafar bat; genozidio bilakatutako palestinarren aurkako azken erasoaldia hasi zenetik, Gazako emakume guztien ordezkaritzaren ardura bere gain hartu du Arafatek. Haien ahotsaren bozgorailu izan nahi du, eta denen begiak Gazara begira jarri. Yala Nafarroa elkartea sortzeko prozesuan parte hartu zuen, lehendabizi, eta Salam Gaza elkartea martxan jarri zuen gero, nafarrek emandako dirua gazatarrentzako janari eta ur bihurtzeko. Nabarmendu du Gazako emakumeen egungo borroka hurrengo eguneko argia ikusi ahal izatea dela.
«Feminista naiz, eta Martxoaren 8a beti izan da garrantzitsua niretzat. 18 urte bete nituenetik, emakumeon eskubideen alde borrokatu naiz», erran du Arafatek. Nafarroara 2002an etorri zen, eta herrialdean mugimendu feministarekin bat egin zuen. Martxoaren 8ko manifestazioan parte hartu izan du, «berdintasunaren alde». 2024ko Martxoaren 8an dena aldatu zela erantsi du: «Gazatarra naiz, eta gazatar guztiekin bat egiten dut, bereziki emakumeekin. Haien ahotsa izan behar dudala sentitzen dut. Mezua aldatzeko garaia da, isilarazi dituztenen ahotsaren bozgorailu izatekoa. Haien alde eta haien izenean hitz egin behar dut; bizirik irauteko borrokatzen ari dira».
Palestinarren erresistentzia ez zen 2023ko urriaren 7an hasi, baina egun hartaz geroztik egoerak izugarri egin du okerrera. «Ordura arte, ahal zuten neurrian, Martxoaren 8a elkartzeko eta saretzeko egun bat zen emakume gazatarrentzat. Medikuak, irakasleak eta abokatuak diren lagunak ditut, eta egun seme-alabei emateko ura lortzea da haien kezka bakarra». Genozidioak segitzen duela salatu du Arafatek; Gazara begira jarraitzeko eskatu dio munduari.
