«Sorgintzat zeuzkatenek komunitateko ordena hausten zuten»

«Sorgintzat zeuzkatenek komunitateko ordena hausten zuten»

2019tik aitzina sorgin ehizari tiraka dabil Leire San Martin Marcos historialaria (Iruñea, 1995). Nafarroako Artxibo Garaikidean lan egiten du, eta Sorginen memoria izeneko nazioarteko kanpainako kidea da. Helburuetako bat sorgin ehizaren inguruko historia berreskuratzea da. Horretarako, Nafarroako Sutara taldean dago. Bide horretan, La caza de brujas en Pamplona. Sala del tormento, procesión infamante y hoguera (Sorgin ehiza Iruñean. Tormentuaren gela, prozesio zitala eta sua) liburua idatzi du Katakrak argitaletxearekin. Ohartarazi du indarkeriaz beteriko liburu bat dela.

Galdera asko zenituelako hasi zinen ikertzen; zein izan zen abiapuntua?

2020an, beka baten bitartez artxiboan lanean hasi nintzen, eta justu sorgin ehizaren inguruko erakusketa handi bat antolatu zuten. Aurretik, 2019an, Katakraken egindako jardunaldietara hizlari eta aktibista pila bat etorri ziren; tartean, Silvia Federici. Sorginen iruditeria deseraikitzen ari zirela, galdera asko piztu zitzaizkidan. Esaterako, zergatik iruditeria hori, zer zentzu duen sorgin batek hegan egiteak eta zergatik diren helduak edo atsoak. Oso estereotipo markatua dago.

Prozesu judizialetatik eskuratu duzu informazio gehiena. Zer ezaugarri hartu behar dira kontuan garai hartako interpretazio patriarkala apurtzeko?

Bi gauza daude. Alde batetik, sorgin ehiza historikoa Aro Modernoaren aldaketan gertatu zen, eta hemen, aldiz, XVI. mendean. Tarte horretan ikertzeko dugun erreminta bakarra prozesuak dira. Oso baliagarriak eta hemen ditugun altxorrik garrantzitsuenetarikoak dira, dena idazten baitzuten. Batzuetan ematen du ondoan eserita daudela emakume horiek. Hor, ikuspegi kritiko batetik, kontuan hartu behar dugu nork idazten duen hori. Fiskalek idazten zituzten prozesu judizialak eta torturapean ateratzen zizkieten testigantzak ziren. Hau da, behartuta zeuden hori esatera. Aurretik, Erdi Aroan, Kontuen Ganbarako erregistroak zeuden. Erregistro kontable batzuk ziren, non gastu guztiak ateratzen ziren. Adibidez, zenbat diru erabili zen egurra erosteko. Egur horiekin emakumeak erretzen zituzten. 

«Fiskalek idazten zituzten prozesu judizialak eta torturapean ateratzen zizkieten testigantzak ziren»

Bestetik?

Oso garrantzitsua da aztertzea emakume horien profila edo nortzuk ziren. Jakin dezakegu zer herritakoak ziren, ezkongabeak, alargunak edo ezkonduak ziren, bai eta zer herritan zer gertatzen ari zen ere momentu horretan. Ikusi daiteke kasu batzuetan sorginkeriaren tresna erabili baino lehen aldez aurretik herrian liskar bat izan zutela, eta sorginkeria erabili zutela haiek paretik kentzeko edo mendeku moduan. Gure ikuspuntutik, akaso, akademiatik, lan ildo horiek ez dute garrantzi handirik izan orain arte.

Ordena publikoa hautsi edo kolokan jartzen zuten emakumeak ziren bereziki?

Bai. Nolabait sorginkeria akusazioaren atzean ezkutatzen diren errealitate edo kasuistikak hizpidera ekarri nahi genituen. Adibidez, epilepsia daukan emakume baten kasua, lapurreta kasu batekin lotutakoa eta bi emakumeen arteko harremana agerian uzten duena. Oso zabala izan daiteke, baina sorgintzat zituztenek gauza bat komun bat daukate: komunitateko ordena hausten zutela. Sorgintzat zituzten guztiek orduan zegoen emakume rola apurtzen zuten. Funtzio nagusia izan behar zen ama eta gizonaren menpekoa izatea; hau da, orokorrean Ama Birjinaren ereduaren barruan sartzen zen guztia.

Zergatik landu duzu gaia Iruñean?

Tribunalaren egoitza, kartzelak eta tortura ganbara San Frantzisko plazan zeuden. Herrietatik hona ekartzen zituzten. Krimen errukigabeen artean, sorginkeria deliturik gogorrenetarikoa zen. Kategoria horren barruan erailketak eta parrizidioak ere bazeuden. Nafarroan aurrera eraman zitekeen auzitegi bakarra Iruñean zegoen. Inkisizioa ere egon zen, baina liburuan agertzen diren kasu guztiak zibilak izan ziren. Tortura egun edo saio gogor baten ostean, zigor soziala zetorren. Kaletik barna ateratzen zituzten, eta jendea inguruko herrietatik hara joaten zen. Festa moduko bat zen. Errepresio mekanismo bat zen, esateko horrelako zerbait egiten baduzu hori gertatuko zaizula. Horregatik, zigorrek eredugarriak izan behar zuten.

«Tortura egun edo saio gogor baten ostean, zigor soziala zetorren. Errepresio mekanismo bat zen, esateko horrelako zerbait egiten baduzu hori gertatuko zaizula»

Sorgin ehiza sorgintzat zituztenak erretzearekin lotzen da maiz, baina zer zigor mekanismo erabiltzen ziren Nafarroan?

Erretzearena Alemaniatik etorri zaigu bereziki, izugarrizko sarraskia izan baitzen. Nafarroan, oinaze zaldia erabiltzen zuten gehien torturatzeko orduan. Oinak oliotan busti, eta irakiten zegoen su ontzi batean sartzen zizkieten. Torturatzen zituztenean biluzi edota burusoildu egiten zituzten. Horrez gain, lurrean etzan, eta inbutu batekin ura botatzen zieten itotzen ari zirela sentitzeko. Delitu kolektibo bat zenez, beste emakume bat inplikatuta egotekotan aurrez aurre jartzen zituzten. Zigorrei dagokienez, normalean, deserriratzea izaten zen tresna. Sua pizteari dagokionez, Nafarroan erregistratuta dagoen lehenengo exekuzio publikoa edo masiboa 1925ean izan zen, Auritzen. XVI. mendean, Iruñean, gutxienez bi erre zituzten Takoneran. Normalean kartzelan hiltzen ziren. 

Sorgin ehizarik ba al da oraindik beste leku batzuetan?

Liburuaren eta kanpainaren tesietako bat da sorgin ehiza oraindik ere egiten dela. Adibidez, Afrikan, hala nola Ghanan, sorginen kontzentrazio esparruak daude, eta errepresio mekanismoak berdinak dira.