Adingabeak dituzten bi familia kalean utzi izana leporatu diete Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari

Adingabeak dituzten bi familia kalean utzi izana leporatu diete Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari

Negu Gorriak plataformak agerraldia egin du Iruñeko Katakrak liburu dendan, etxerik ez duten bi familiaren egoera salatzeko. Atzerritik iritsi ziren biak Euskal Herrira —Aljeriatik bata eta Marokotik bestea—, eta plataformako kideek adierazi dutenez, kalean lo egin behar izan dute «hotzaldiari aurre egiteko protokoloa indarrean egonagatik ere». Izaskun Matak eta Alba Schiaffimok hartu dute hitza, plataforma osatzen duten kolektiboen izenean, eta erakunde publikoak egin dituzte egoeraren erantzule: Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua, zehazki. «Funtzioen utzikeriaren eta arrazakeria instituzionalaren erakusgarri argia da hau», esan dute.

Calvok eta Schiaffimok esplikatu dutenez, Marokotik etorritako familia sorterrira itzuli da jada, «udal etxebizitza batetik kaleratuak izan ostean ez zutelako babesik jaso». Beste familiari dagokionez, esan dute bi alaba adingabe dituztela, eta KEM-MOC elkartearen egoitzan hartua dutela aterpe behin-behinean, «alternatiba publikorik ez dagoelako». Udalari egotzi diote «bere erantzukizunari iskin egitea», eta gehitu dute Negu Gorriak, CGT eta Bakearen Etxea kolektiboak ari direla ardura bere gain hartzen, «era autogestionatuan familia horren bizitza mantenduz».

Instituzio publikoen «hipokrisia» ere salatu dute Calvok eta Schiaffimok, eta gogora ekarri dituzte Joseba Asiron alkateak bere agintaldiaren hasieran esanikoak: «Hitzeman zuen inork ez zuela kalean lo eginen, baina gaur egun, berrehun gazte inguruk Jaso eta Aranzadi bezalako guneetan eman behar dute gaua». Administrazioek «kalkulatutako indarkeria» erabiltzen dutela gehitu du Calvok, «burokrazia erabiltzen baitute migatzaileen kanporaketa behartzeko».

Baliabideak eta erroldatzea

Are, uste dute gizarte zerbitzuek etxegabeekin egiten duten lanak gehiago duela «kutsu poliziala duen kontrol batetik, babes soziala benetan bermatuko duen sare batetik baino». Erroldatze prozesuarekin dauden trabak jo dituzte horren adibitzat. «Errolda agiriaren ukatze arbitrarioak bostehun pertsonari baino gehiagori eragiten die, nahiz eta, legez, udalek betebeharra duten hemen bizi diren pertsonak erroldatzeko», nabarmendu du Calvok. Horrez gain, esan dute Aranzadiko komentu abandonatuan eta Jaso ikastola zaharrean bizi direnak «handik kanporatuak izateko mehatxupean» direla une oro: «Eskuineko gobernuen politikekin pareka daitezke halako jardunak, migratzaile pobreei eragiten baitie bereziki».

Horiek horrela, lau eskaera zehatz egin dizkiete erakunde publikoei: bat, kalean bizi direnei «bizitoki duina eta egonkorra» eskaintzea; bi, familientzako baliabide propioak sortzea, «familia horietako kideak banandu behar ez daitezen»; hiru, erroldaren «berehalako erregularizazioa» sustatzea; eta lau, egoera zaurgarrian diren adingabeak eskolatzea, «hezkuntzarako oinarrizko eskubide unibertsala bermatze aldera».

Iruñeko Udala: «Familia guztiak artatzen ditugu»

Negu Gorriak kolektiboaren kritikei erantzun die Ruben Unanuak, Iruñeko Udaleko Ekintza Sozialeko zuzendariak. BERRIAren galderei erantzunez, Unanuak esan du arta eman dietela bi familia horiei, «larrialdi egoeran diren familia guztiei ematen zaien bezala». Zuzendariak esan du, hala ere, «udal protokoloen arabera» banatzen dela laguntza hori, lehentasuna emanez lehendik itxaron zerrendan zeudenei eta egoera larrienean direnei: «Eskaera kopuru izugarri handia dugu, eta familia ugari dago itxaron zerrendan, baliabide egonkorragoak jasotzeko zain. Zerrendaren ordena ezin dugu nahieran aldatu kasu berri bat etortzen zaigun aldiro».

Gaur eragile sozialek salatutako familien kasuan, Ekintza Sozialeko zuzendariak esplikatu du hiru eguneko egonaldia eskaini zietela hotel batean: «Iritsi berri direnen eta beste norabaitera doazenen kasuan horixe eskaintzen dugu larrialdiko baliabide gisa, kale gorrian gera ez daitezen. Horrez gain, laguntza ere ematen diegu, senide edo lagun baten etxera, edo harrera eginen dien norbaitengana joan daitezen. Trantsizio horretan laguntzen diegu, gehienen helburua ez baita hemen gelditzea».