Asironen arabera, PSNrekin adostutakoen %90 bete du Iruñeko udal gobernuak

Asironen arabera, PSNrekin adostutakoen %90 bete du Iruñeko udal gobernuak

Joseba Asironek 2023ko abenduan hartu zuen bigarren aldiz Iruñeko alkatetza, UPNko Cristina Ibarrolaren kontrako zentsura mozioa aurrera atera ostean. Bada, hura ahalbidetu zuen akordioaren inguruko balantzea egiteko bildu dira gaur EH Bilduko eta PSNko ordezkariak, eta biek ontzat jo dute orain arte egindako bidea. Alkatearen esanetan, itundutakoen %90 bete dute, legealdia amaitzeko urtebete baino gehiago falta denean.

Bi aldeek udalean dituzten ordezkari nagusiak elkartu dira gaur goizean. EH Bilduren partetik, Asironekin batera, Garbiñe Bueno eta Joxe Abaurrea zinegotziak izan dira. PSNren ordezkari lanetan, berriz, Marina Curiel eleduna eta Xabier Sagardoi hautetsia egon dira. Eta alde batekoek zein bestekoek nabarmendu dute ezarritako konpromisoen betetze maila «handia» dela.

«Nik esango nuke %90 inguruan gaudela», zehaztu du Asironek. Hark argudiatu du PSNrekin adostu zituzten proiektuen «zati oso-oso handi bat» martxan dituztela, edo garatzeko bidean direla, eta gaineratu du asmoa dela legealdi amaierarako konpromiso guztiak betetzea. Orain arte egindakoaren zenbait adibide ere jarri ditu: etxebizitza plana, Erorien Monumentua eraldatzeko prozesua eta Sarasate pasealekuko lanak, besteak beste.

Horien atzean dagoen lanean ere indar egin du Iruñeko alkateak. Azaldu du udal gobernua osatzen duten hiru taldeak —EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin— «oso ezberdinak» direla, baina horien arteko lankidetza gako izan dela legealdiak aurrera egiteko. Eta hor kokatu du udal gobernuaren eta PSNren arteko harremana ere. Izan ere, lau alderdiei aitortu die zailtasunei aurre egiteko «borondatea» azaldu izana: «Ziur nago adostasunetarako oinarriak ezartzeko lanean ari garen lau indarrok badugula borondate hori».

Mahaiaren beste aldetik, PSNk ere ikusten du borondate hori, eta Curielek nabarmendu du negozioen eta elkarrizketen aldeko apustuak hiriak aurrera egitea eragin duela. Hala, «asebeteta» azaldu da orain arteko lanarekin.

Aurrera begira, berriz, bizikidetza planean egin du indar. Azaldu du hura bideratzeko zenbait adostasun lortu dituztela, eta espero du azaroko udal bilkuran onartzeko prest egotea: «Beraz, Iruñeak bere lehen bizikidetza plana izango du aurten». Ezusterik ezean, udal gobernuaren eta PSNren aldeko botoekin izango da, Curielek ez baititu akordiorako prest ikusten UPN eta PP: «Ez dugu ulertzen bizikidetzari bizkar ematea».

UPNrentzat, «iruzurra» da

Egoeraren bestelako irakurketa bat egin du UPNk. Ohar batean, alderdi erregionalistak ohartarazi du sozialisten hitz onak «iruzur» bat direla. Haren hitzetan, PSNk Espainiako eta Nafarroako gobernuen truke «entregatu» zion Iruñeko Udala EH Bilduri. «Gainerakoa eszenifikazio hutsa da», adierazi dute, gaurko bilkurari erreparatuz.

Bizikidetza planerako proiektuaren kontrako hitzak ere izan dituzte. Erregionalisten arabera, EH Bildu da «bizikidetzarako arazo nagusia», eta ondorioz, ez diote proposamenari bide eman nahi. «Sozialisten kezka nagusia bizikidetza EH Bilduren esku uztea den bitartean, Iruñeak bizi dituen arazoak hazten ari dira».