Nafarroako Gobernuak beste 146 milioi euro izango ditu inbertsiorako. Iazko aurrekontuei begira, Nafarroako eta Espainiako gobernuek hitzartu zuten superabiteko 125 milioi euro inbertsio publikorako baliatzeko. Alta, azkenean zifra hori motz geratu da. 271 milioi euroko superabita itxi berri du Nafarroak eta soberakin hori guztia inbertitzeko baliatu ahalko du aurten zein 2027an.
Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio batzordean elkartu da gaur goizean telematikoki, eta akordio hori adostu dute Espainiako eta Nafarroako gobernuetako ordezkariek bertan.
Finantza Egonkortasunaren legeak gehienez %13ko zorra izatea baimentzen die autonomia erkidegoei eta baldintza hori aise betetzen du betetzen du Nafarroak: zor publikoa 2.745 milioi eurokoa da, BPGren %10,3.
Arastiren arabera, bi aldeek adostu dute Nafarroak muga hori gainditzen ez duen bitartean soberakinak zorra gutxitzeko ez ezik beste kontutan inbertitu ditzakeela. Hala, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposatu du Irango gerrak izan ditzakeen kalte ekonomikoei begirako laguntzak aktibatzea.
Dena den, hurrengo asteetan erabakiko da non inbertitu. «Gaur egin dugu akordioa eta aztertu behar ditugu departamentu bakoitzak zer inbertsio dituen gordeta bere kutxatan».
2025ko kontu ekonomikoak ere ixteko ditu Nafarroako Gobernuak, eta diru soberakina izan dezake berriz.
