Greba eguna «arrakastatsua» izatea espero dute sindikatu deitzaileek

Greba eguna «arrakastatsua» izatea espero dute sindikatu deitzaileek

Lau egunen faltan, greba orokorrerako prest eta baikor daude sindikatu deitzaileak: «Greba orokor arrakastatsua espero dugu». ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxaide sindikatuetako ordezkariek azaldu dute 1.750 langile batzordek eta ehun eragile inguruk dagoeneko bat egin dutela deialdiarekin.

Donostian eta Iruñean egindako agerraldi banatan, asteartera begirako mobilizazio nagusien berri eman dute. Goizean, lau hiriburuetan manifestazio nagusiak irtengo dira, 12:30ean: Bilbon, Plaza Eliptikoan; Donostian, Pio XII.a plazan; Gasteizen, Bilbo plazan; Iruñean, Gazteluko plazan. Gainera, ordu berean, Eibarren (Gipuzkoa) Unzaga plazatik irtengo da, eta Tuteran (Nafarroa) Foruen plazatik.

Arratsaldean, manifestazio dezentralizatuak egingo dira. 18:00etan Bilbon, Bizkaiko Diputazioaren aurrean, Donostian Katalunia enparantzan, eta Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan. Iruñean, berriz, Baluartetik abiatuko da, 18:30ean. Hiriburuetan ez ezik, herri ugaritan egingo dituzte mobilizazioak.