Nafarroako Ahal Dugu-ko ehun militantek alderdia utzi dute, eta Zurekin babestu

Nafarroako Ahal Dugu-ko ehun militantek alderdia utzi dute, eta Zurekin babestu

Nafarroako Ahal Dugu-ko ehun kidek baino gehiagok alderdia utzi dute. Hedabideetara helarazitako ohar batean, azaldu dute alderdia «noraezean» ikusten dutela, eta Zurekin proiektuan lanean jarraitzeko asmoz azaldu dira: «Nafarroa justuago bat lurraldeari lotutako espazio plural, plurinazional eta anitzetatik eraikitzen denaren konbentzimendu osoz» hartu dute erabakia, ez baitute konpartitzen alderdiaren aliantza estrategia.

Alderdia utzi duten lagunek egungo zuzendaritza egin dute egoeraren erantzule. Zuzendaritzak urtarrilean iragarri zuen hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeei begirako barne eztabaida bat hasiko zutela, militantziari ahotsa emateko asmoz. Kritikoak, baina, kexu dira, zirkuluetan —tokiko batzarretan— parte hartzeko deia egiten bazaie ere, erabakiak «Madrilen interesen» arabera hartzen direlakoan, bertan egiten den lanari «ez ikusiarena eginda»: «Zalantzan jartzen dute urtetako esfortzu militantearekin eraikitakoa, lan estrategikorako dokumenturik aurkeztu gabe, eta euren adierazpenak kuoten, izenen eta diruaren banaketara mugatuz».

Horrek harreman estua du Podemosek estatu mailan duen aliantza estrategiarekin, azaldu dutenez. Hura zalantzan jarri dute, eta kritikatu dute erabakiak «nukleo itxi, gogor eta txiki baten» menpe daudela. Argudiatu dute «inkoherentzia» horren adibide direla Katalunian ez aurkezteko erabakia eta uko egitea Aragoien Espainiako ezker konfederaleko beste alderdi batzuekin koalizio bat osatzeari. «Podemosen edo Unidas Podemosen markaren indarraz harro dira, baina gizarteak gero eta emaitza okerragoekin erantzuten du», adierazi dute, eta autokritika eskatu.

Horren ondorioak Nafarroan ere antzeman dira, ordea. Kritikoek Ahal Dugu-ko zuzendaritzari egotzi diote espazio politiko bereko alderdi eta politikarien kontra egitea, eta indar berezia egin dute Begoña Alfaro Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilariaren dimisio eskaeran.

Hain zuzen, iazko ekainean, Neniques Roldan Nafarroako Ahal Dugu-ren zuzendaritza hartzear zenean, Podemosen zuzendaritzak Alfarori exijitu zion gobernuan zuen eserlekua uzteko, eta Roldanek exijentzia horri eutsi zion behin lidergoa bereganatuta. Kontuan izan behar da, alderdiaren zuzendaritzatik bananduta bazegoen ere, lehen eskaera egin ziotenean Alfaro bera zela oraindik ere Nafarroako Ahal Dugu-ko koordinatzailea, nahiz eta hilabete batzuk lehenago uko egin zion berriz primarioetara aurkezteari. Hain zuzen, Zurekin-en aldeko apustua berretsita eman zuen erabakiaren berri.

Oharra sinatu duten kideek ez dute bat egiten erabaki harekin: «Nafarroako Gobernutik ateratzea bezalako mugimendu bat justifikatzeko erabakiak azeleratu ziren goitik, hain zuzen, gure kideek Etxebizitzari eta Gazteriari lotutako politika publikoen arloan egindako lana estatu mailan erreferentzia bilakatu denean».

Horregatik, «ezkerreko proiektu politikoak» eraikitzeko lana beste nonbait jarraitzea erabaki dute: «Lurraldean errotuta, espazio ezberdinetan eta leku anitzetatik militatzen duten pertsonekin benetako lotura izanik, Nafarroa hobe bat eraikitzen segitzeko». Defenditu dutenez, Zurekin Nafarroa da lan hori egin dezakeen «espazio politiko bateratu eta eraldatzailea».