Nafarroako Gobernuak Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak torturatutako zortzi lagun aitortu ditu biktima gisa

Nafarroako Gobernuak Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak torturatutako zortzi lagun aitortu ditu biktima gisa

Espainiako Estatuaren eta eskuin muturreko taldeen biktimen aitortza iristen ari da tantaka-tantaka, eta norabide horretan egindako azken urratsaren berri eman dute gaur Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak. Egiaren garaia da dinamika osatzen duten bi eragileek jakinarazi dute lurralde hartako gobernuak torturatutako zortzi lagun «giza eskubideen urraketen biktima» gisa aitortu dituela aste honetan. Horiekin, gutxienez 122 lagun dira Nafarroako errekonozimendu eta erreparazio batzordearen aitortza jaso dutenak; horietatik 88 torturatuak.

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak torturatutako zortzi lagun izan dira aitortzen azkenak. Horietatik bat, Iñaki Goñi Zubiri, frankismoaren amaieran torturatu zuen Brigada Politiko Sozialak, 1975ean. 1980ko hamarkadan, berriz, birritan torturatu zuen Guardia Zibilak Victoriano Lopez de Goikoetxea Bengoetxea, 1981ean eta 1984an.

Aitortutako gainerako sei biktimak XXI. mendean pairatu zituzten torturak. Imanol Larrañaga Alberdi, Ainara Gorostiaga Eskubi eta Rosa Iriarte Laset ere Guardia Zibilak torturatu zituen, baina, hurrenez hurren, 2001ean, 2002an eta 2010ean. Espainiako Poliziaren biktima dira, berriz, Ikerne Indakoetxea Barberia, Ramon Lopez Cid eta Itxaso Torregrosa. Indakoetxea 2003an torturatu zuten, Lopez 2003an, eta Torregrosa 2009an.  

Horien guztien aitortzak ontzat jo ditu Egiaren garaia da dinamikak: «Urrats garrantzitsua dira estatu indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko».

Halere, bide luzea geratzen da aurretik, eta eragileek «ezinbestekotzat» jo dute hura urratzen jarraitzea, «egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizun bat eraiki nahi badugu».

Nafarroako Torturatuen Sarearen eta Egiari Zor-en datuen arabera, 16/2019 foru legean oinarrituta, 122 lagun aitortu ditu errekonozimendu eta erreparazio batzordeak. Azaldu dutenez, horietatik 88 lagunek torturak pairatu zituzten, eta horietako bostek baita lesio fisikoak edota kalte materialak ere. Hildako zazpi lagun ere badaude aitortuen artean, eta gainerakoak lesio fisiko edota psikologikoak nahiz kalte materialak pairatutakoak dira.

Hain zuzen, Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendari eta batzordeko buruak otsailaren amaieran aurkeztu zuen erreparazio batzordearen azken txostena. Jakinarazi zuen 2025ean 65 biktima aitortu zituztela, baina aitortu oraindik asko geratzen dela egiteko, eskaerak ugaritu egin baitira urtez urte. Aurkeztutako datuen arabera, 217 eskaera jaso dituzte, eta horietatik 106k aitortza jaso zuten 2025a amaitu aurretik.

Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaren inguruan egindako txostenen arabera, baina, zerrenda askoz luzeagoa izan daiteke. 2024an argitaratutako txosten baten arabera, Nafarroan soilik, 1.083 tortura kasu erregistratu zituzten, gainerako biktima tipologiak kontuan hartu gabe. Horiek hala, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek aitortza eskaerak aurkezteko deia egin diete indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiei. Horretarako laguntza behar duen oro laguntzeko prest dira bi eragileak.