Batean, isiltasuna; bertzean, berriz, miresmenaren bidezko memoria. Atalaya kultur aldizkariaren sortzaileen eta editorearen senideek ez dute berdin jaso aurrekoek egindako lanaren berri. Isiltasuna izan da nagusi Josep Miquel Garciaren etxean. Emilio Garcia Enciso izan zen haien aitona (Guadalajara, Espainia, 1874-Iruñea, 1936). Atalaya aldizkariarekin batera, UGTren Trabajadores argitaratu zuen Iruñean, bai eta hiriburuko garai hartako pedagogia modernoari buruzko hainbat liburu ere, bertze lan anitzen artean.
Horri guztiari buruz deus ere ez zekien Josep Miquel Garciak, ordea, duela urte gutxira arte. «Artearen historialaria naiz, arte kritikaria, eta ez nekien gure aitona editore izan zela». Samina sumatzen zaio Garciari, aitonaren memoria galdu izanak utzitako arrastoaren zama. Pisu hori arintzeko asmoz sustatu du Revista Atalaya. Modernidad en Pamplona/Iruña-Lesaka argitalpena, aitonak argitaratutako Atalaya aldizkariari buruzkoa.
Alfonso (Lesaka, 1911-Donostia, 2008) eta Francisco (Lesaka, 1910-Madril, 2000) Rodriguez Aldabe anaiek sortu zuten Atalaya, Lesakan; haien iloba da Miguel Rodriguez Iantzi. «Etxean baditugu Atalaya aldizkariaren hainbat ale», kontatu du. Miresmena oinarri dute Rodriguezen hitzek, hori jaso baitute etxean aitaren eskutik. «Gure aita Felipek anitz estimatzen zituen anaiak; harrotasunez mintzatzen zen beti haiei buruz. 1936an erbestera joan ziren, baina gure etxean presente egon dira beti».
Alfonso Rodriguez Aldabe. ‘REVISTA ATALAYA’
Josep Miquel Garciak eta Miguel Rodriguezek Atalaya aldizkariaren memoria jasotzeko proiektuan bat egin dute, Kataluniatik lehenak, eta Lesakatik bigarrenak. Egitasmoak izan du bertze oinarri nagusi bat: Ion de la Riva, Xabier de Frutos ilustratzailearen iloba (Iruñea, 1909-Madril, 1936). De Frutosek egin zuen Atalaya aldizkariaren diseinua, eta Garcia Encisok pedagogiari buruz argitaratutako liburuen azalak ere marraztu zituen, bertzeak bertze. 1936ko azaroan hil zuten frankistek, Madrilgo setioan. Euskal Milizia Antifaxisten kapitain izan zen.
Atalaya aldizkariak elkartu zituen Garcia Enciso, De Frutos eta Rodriguez Aldabe anaiak. Lesakarrena izan zen Nafarroako kulturari buruzko argitalpen bat kaleratzeko ideia, Madrilen Revista de Occidente eta Cruz y Raya aldizkarien gisakoak ezagutu eta gero. Francisco, Alfonso eta Felipe ez ziren etxeko seme bakarrak, bost anai-arreba baitziren: Franciscorekin, Alfonsorekin eta Feliperekin batera, Pascual eta Carmen. «Alfonso eta Paco ziren anaia zaharrenak, eta aitatxik haiei ordaindu zizkien ikasketak», kontatu du Miguel Rodriguezek. Lekarozen aritu ziren, eta han Jorge Oteiza, Nicanor Zabaleta eta Jose Maria Leizaola izan zituzten ikaskide, bertzeak bertze.
Francisco Rodriguez Aldabe. ‘REVISTA ATALAYA’
Lekaroztik Salamancako unibertsitatera joan ziren (Espainia); Alfonso Rodriguezek Zuzenbideko ikasketak egin zituen, eta Francisco Rodriguezek Historiakoak. Unibertsitatean, harreman estua izan zuten Miguel Unamuno idazle eta pentsalari bilbotarrarekin. Salamancatik Madrilera mugitu ziren Rodriguez Aldabe anaiak, eta hango garaiko kultur giroan erabat murgildu ziren. Tarteka, halere, Lesakara itzultzen ziren bisitan, eta Atalaya argitaratu zutenean, aldizkaria Lesakan sortua zela idatzi zuten kaleratutako bi zenbakietan. Hirugarren zenbakia prestatzen ari ziren, Unamunori buruzko monografiko bat, baina Rodriguez Aldabe anaiak dirurik gabe gelditu ziren, eta ezin izan zuten atera. Gero, 1936ko kolpe militarrak dena hankaz gora jarri zuen.
Alde batean eta bertzean
«1936ko altxamenduaren ondorioz, Atalaya aldizkarian aritutako batzuk fusilatu zituzten; bertze batzuek erbestera ihes egin zuten, eta bertze batzuk, berriz, bertze alderdira pasatu ziren». Horixe nabarmendu du Josep Miquel Garciak. Izan ere, Atalaya aldizkariak izan zituen kolaboratzaileen artean Eladio Esparza eta Juan Cabanas Erauskin egon ziren. Esparza lesakarra zen (1888-1961), Rodriguez Aldabe anaiak bezala. Fernando Mikelarena historialariak Esparzaren bidea jorratu du urrian Pamielarekin argitaratutako Ideología identitaria de los vencedores liburuan. Lan horretan aipatzen du Esparzak jeltzaleengana hurbildu zuen fase bat izan zuela 1915etik 1929ra: Euzkadi argitalpeneko zutabegile aritu zen, eta 1925etik 1929ra, La Voz de Navarra egunkariko lehen zuzendaria izan zen. Esparru hori, baina, atzean utzi zuen Esparzak, eta nabarrismoarekin eta nazionalismo espainiarrarekin bat egin zuen. Historialariak erantsi du, gainera, euskarak izan zezakeen «indar identitarioa desaktibatzen» ahalegindu zela Esparza. Mikelarenak nabarrismo foral-katolikoaren teorialari nagusitzat du Esparza.
Juan Cabanas Erauskin (Asteasu, Gipuzkoa, 1907-Lima, 1979) ilustratzailea zen, eta hark eginak dira Emilio Garcia Encisok argitaratutako Atalaya aldizkariko eta bertze hainbat lanetako irudiak. «Garai hartan, Cabanasek lan surrealista zoragarriak egin zituen. Guztiak suntsitu zituen gerora, ordea, eta hura izan zen Falangearentzat uztarriaren eta gezien ikurra diseinatu zuena», azaldu du Josep Miquel Garciak.
Xabier de Frutos ilustratzailea, marrazki bat egiten. ‘REVISTA ATALAYA’
Bertzelakoa izan zen Xabier de Frutosen hautua, frankistek hil baitzuten Madrilen, hiria gobernuaren aurka altxatu ziren militarrengandik babesten ari zela. Rodriguez Aldabe anaiek erbesterako bidea hartu zuten. Pascual Rodriguez Aldaba haien anaiak ere muga gurutzatu zuen. «Gure aita herrian harrapatu zuten, eta frontera behartuta bidali zuten, Francoren alde egitera. Hagitz gaizki pasatu zuen. Etxean ez zuen bere esperientziaz anitz hitz egiten, baina Franco agertzen edo aipatzen zuten bakoitzean gaizki esaka hasten zen haren kontra», erran du Miguel Rodriguezek.
Laguntzarik ez
Emilio Garcia Enciso 1936. urtean zendu zen. Haren anaia Ricardo Osasunako lehen medikua izan zen. Emilio Garcia Encisok bazuen bertze anaia bat, Victorino. Epaile aritzen zen Artaxoan, eta, gainera, okina zen, eta Iruñeko Udaleko zinegotzi. 1936ko irailean fusilatu zuten. Ezker Errepublikanoko afiliatua zen, eta Osasunako bazkide. Xabier de Frutos ilustratzailea, berriz, Club Natacion elkarteko lehen presidentea izan zen. Kirolaren esparruko memoria lantzen eta jasotzen aritu da Mikel Uharte ikerlaria azken urteotan, eta bide horrek eraman du Atalaya-ri buruzko argitalpena kaleratzeko abenturara batzera.
Emilio Garcia Enciso editorea. ‘REVISTA ATALAYA’
Aitonaren anaien ingurukoak ere isilpean gorde dira Josep Miquel Garciaren etxean: «Ez genuen Victorinoren ibilbidearen berri». Ikertzen hasi zirenean, aitonaren izena Valcalderako fusilatuen artean aurkitu zuten, baina, antza, ez zuten han hil. «Iruñeko hilerrian aurkitu genuen. Ustez bihotzekoak jota zendu zen, 1936ko azaroan». Zalantzan jarri du Garciak. Uhartek, berriz, garbi du ez zutela fusilatu.
Aitonaren inguruko isiltasunak eragindako pena du Garciak; Nafarroako erakunde publikoek orain kaleratu duten liburua prestatzeko lana lagundu ez izanarena ere bai. «Agian ez diegu ongi saldu proiektua», zehaztu du. Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko arduradunekin bilerak egin dituzte, baina ez dute argitalpena babestu. Lanak, halere, Joseba Asironek Victoriano Juaristiri buruz argitaratutako artikulu bat jaso du.
‘ Atalaya’ aldizkariari buruz egin duten liburuaren azala. ‘REVISTA ATALAYA’
Atalaya aldizkariari buruzko liburuak hiztegi moduko bat osatu du argitalpenean parte hartu zuten kolaboratzaileen izenekin. Gainera, Jose Maria Barrerak, Mikel Tabernak, Lola Valverdek eta Miguel Unamuno Adarragak idatzitako hitzaurreak jaso ditu. Barrerak abangoardiari buruz idatzi du, eta Tabernak hizkuntzaren auziari egin dio so: «Bidasoaldea hirueledun genuen, eta Atalaya-n hiru hizkuntzetako idazkiak publikatu gogo zituzten. Horixe omen zuten burutan Alfonsok eta Franciscok. Hala errana zioten inguruko jendeari, haien jendakiek kontatu digutenez. Ordea, argia ikusi zuten bi zenbakietan gaztelania bertzerik ez da. […] Gure ezjakintasunetik gaur egun anitzek pentsa genezakeenaren kontra, denbora hartan ez zen euskal idazlerik falta literatura aldizkarien orriak osatzeko», idatzi du.
Emakumerik ere ez da ageri Atalaya aldizkariko sinatzaileen artean; horri buruz aritu da Lola Valverde bere hitzaurrean. Aipatzekoa da Alfonso Rodriguez Aldaberen lehen emaztea Maria Zambrano filosofo espainiarra izan zela. Elkarrekin joan ziren erbestera, hain zuzen. Hizkuntzaren kasuan bezala, sustatzaileen asmoa omen zen hurrengo zenbakietan emakumeen ahotsak jasotzea. Norah Borges, Maria Teresa Gaztelu eta Maruja Mallo zeuden zerrendan.
«Aldizkariak merezi du ahanzturatik ateratzea», berretsi du Josep Miquel Garciak. Aitona omendu nahi izan du, eta orain arteko isiltasunaren zama arindu. Fernando Mikelarenaren keinu batek poz handia eragin dio: «Gure aitona aipatu du Asesinato en la conspiración bere azken eleberrian».
