«Tren sozial eta publikoa» eskatu dute Altsasun

«Tren sozial eta publikoa» eskatu dute Altsasun

Tren Sozialaren Aldeko Plataformak deituta, manifestazioa egin dute Altsasun (Nafarroa), AHTaren txikizioaren aurrean, herritarron trena lelopean, abiadura handiko trenaren egitasmoa salatu eta kontrakarrean tren sozialaren aukera sustatzeko. Suhiltzaileen etxetik abiatu dira, eta plazan amaitu dute ibilbidea, euripean.

Bukaera ekitaldian irakurritako agirian, antolatzaileek azaldu dute ez daudela trenaren kontra, ezpada «tren sozialaren alde, gure herriak lotu eta herritarrei zerbitzua emango dien trenaren alde».

Izan ere, Espainiako Garraio Ministerioak argitara eman du AHTari buruzko bere proposamena Iruñea eta Altsasu lotzeko, eta azterlanean agertzen denak kezka sortu du trenbideak zeharkatuko dituen herri eta haranetan. Manifestazioaren antolatzaileen aburuz, egitasmoak «txikitu eta erdibitu» egingo luke lurraldea, eta «despopulazioa» areagotuko luke, hiri handien lotura hobesten baitu. Gainera, uste dute proiektuak kalteak ekarriko dizkiola lehen sektoreari eta ingurumenari, eta herritarren bizi kalitatea kaskartuko duela.

Antolatzaileen proposamena beste bat da: tren sozial eta publikoa. Baina, haien esanetan, Espainiako Gobernuak «entzungor» egin dio proposamen horri, eta inposizioaren bidea hautatu du.

Martxoaren 27an amaituko da Espainiako Garraio Ministerioaren egitasmoari alegazioak aurkezteko epea. Gaurko manifestazioa iragartzeko egindako agerraldian, antolatzaileek jakinarazi zuten ordura arte 4.450 alegazio bilduak zituztela, eta herritarrei dei egin zieten horretan jarrai zezaten.

AHTaren kontrako beste mobilizazio bat egongo da bihar: Idiazabalen (Gipuzkoa) ibilaldia egingo dute, 11:00etan herriko plazatik abiatu eta zundaketak egingo dituzten lekuak zeharkatuta. Antolatzaileek iragarri dute eguraldiak ibilaldia egitea galarazten badu ekitaldia egingo dutela frontoian.