«Erronka nagusia da pobrezia desagerraraztea eta hutsean uztea»

«Erronka nagusia da pobrezia desagerraraztea eta hutsean uztea»

Ez dago ohituta elkarrizketak izatera eta ez ditu oso gustuko, baina otsailean Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Nafarroako Sareko batzorde iraunkorrean izandako aldaketen ondoren, Javier Huarrizek (Iruñea, 1969) maizago egin beharko ditu. Izan ere, azken bi urteetan sareko lehendakaria Andrea Corera izan ostean, hark kargua utzi eta Huarrizek hartu du lekukoa. Xilema fundazioko kidea ere bada —sarea osatzen duten 35 elkarteetako bat—. Aldez aurretik, Huarriz sareko presidenteordea izan da, eta esan du aldi berri honekin «helburu eta erronka berriak» sortu direla.

Orain arte sareko presidenteordea izan zara. Nola ikusten duzu aldi berri hau?

Hiru urte daramatzat batzorde iraunkorrean, eta laugarren hau lehendakari moduan egingo dut. Aurreko hiru urteak ikaskuntza bat izan dira, sarea 35 elkartek osatzen baitute, eta sarean Nafarroako gizarte errealitatearen ezagutza baitago. Aldi hau erronka bat da. Ilusioa egiten dit, baina errespetua ere ematen du.

Nafarroako pobreziari eta gizarte bazterketari buruzko datuei dagokienez, zein dira sareak dituen azkenekoak?

Biztanleen %16,5 pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan daude. Pertsona askori eman behar zaie arreta, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Ehunekoa zerbait apaldu da; hala ere, behar asko dituen jende asko dago. Hortaz, erronka nagusia da pobrezia desagerraraztea eta hutsean uztea.

Otsailean, sareak Suspentso orokorra proposamen eta etika politikoan artikulua argitaratu du. Bertan, besteak beste, aipatu duzue 2023an Nafarroako Parlamentuan oinarriak ezarri zirela pertsonen ahultasuna inoiz ez erabiltzeko «hauteskundeetarako erregai gisa». Artikuluan aipatu duzuenez, konpromiso hori ez da betetzen ari.

Hauteskundeak hurbiltzen diren heinean, zaurgarritasun edo arrisku egoeran daudenak seinalatu eta estigmatizatu dira berriro, eta hauteskundeetarako erregai gisa erabili dira. Hori guri oso larria iruditzen zaigu; izan ere, jendeari kalte egiten dio. Pertsona horiek ezin dute euren burua defendatu, eta neurri batean gizarte kohesioa hausten dute. Esaten ari dira pertsona horiek nahi dutelako direla pobreak, eta ez dira jabetzen egiten dituzten ahalegin handiez. Gainera, egoera oso pribilegiatuetatik epaitzen dituzte.

«Pobrezia desagerrarazteko lan egingo duten politika ausartak eskatu behar dira eragin politikoan»

Artikuluan ere aipatzen duzue huts egiten duen sistema batek eragiten duela gizarte bazterketa, jendearen borondate faltak bainoago. 

Bai. Pobrezia egiturazkoa da. Hainbat faktore ditu, eta jendearengan hainbat modutan eragiten du. Horregatik, politika publiko ausartak behar dira pobrezia desagerrarazteko. Ez da nahikoa, esaterako, lanari bakarrik erreparatzen dion ikuspegi bat; ikuspegi orokorra behar dugu. Pobrezia desagerrarazteko lan egingo duten politika ausartak eskatu behar dira eragin politikoan.

Eragin politikoa aipatu duzu. Horrekin loturiko kanpaina bat aurkeztu zenuten iaz: eragin politikorako eskola.

Bai. Pertsonak ahalduntzeari begira egiten dugu, eta haiek zer eskubide eta zer baliabide dituzten jakin dezaten. Harrera ona izan du, eta balio handikoa da; izan ere, gizartetik nolabait aparte daudenentzat, parte hartzetik abiatuta, inklusiorako neurri bat da. 

Beste publizitate kanpaina bat ere egin dugu: Hurbildu ikusten ez duzun horretara. Aporofobiaren aurka borrokatzeko sortu dugu, eta oso lotuta dago maila politikoan gertatu denarekin; izan ere, mezu aporofoboak erabili dira, pertsona zaurgarrienak seinalatuz eta estigmatizatuz. Kanpaina gizartearentzat da, baina politikariek ere beren gain hartu beharko lukete. 

#ParteHartuAldaketan kanpaina ere aurkeztu duzue, jendea ez epaitzearen garrantzia azpimarratzeko.

Guk eskatzen duguna da arlo guztietan lan egitea pertsonek bizitza duin bat izateko. Hala ere, etxebizitzaren gaiak asko kezkatzen gaitu. Etxebizitza ez izateak pertsonak hausten ditu, eta kalte larria eragiten du. Pilatuta eta etxebizitza partekatuetan bizi diren adin txikikoak daude, eta horrek tratu txarrak edo abusu sexualak izateko arriskua ekartzen du. 

Haurren pobrezia tasa ere handia da. 2024ko Arope neurgailuaren arabera —pobrezian eta gizarte bazterketan egoteko arriskuan zenbat jende dagoen neurtzen du—, Nafarroan haurren pobrezia tasa %35,3 da; hau da, hiru adin txikikotik bat pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan dago. Datu mingarria da, eta gizarte gisa ezin dugu onartu. Horrez gain, konturatu gara pobrezia heredatu egiten dela. Hori larria da, politikek ez baitute funtzionatzen. Pobrezia ezin da transmititu.

«Pobrezia faktore anitzekoa da, eta, besteak beste, lanaz, etxebizitzaz eta formakuntzaz hitz egin behar dugu»

Urte hasieran, aldaketak izan dira sareko batzorde iraunkorrean. Zein dira lantalde berriaren helburu nagusiak?

Helburuetako bat da eragin politikoan lanean jarraitzea, zaurgarritasun eta gizarte-bazterketa egoeretan daudenen eskubideak zaintzeko eta bermatzeko. Eta beste helburu bat da ikustea ea zer egiten dugun pobrezia edo gizarte bazterketa arriskuan dagoen biztanleriaren %16,5 horrekin. Horri dagokionez, Nafarroako Gobernuak egindako bakarra errenta bermatua aldatzeko asmoa izan da, baina lanari bakarrik erreparatzen dion ikuspegi batekin. Pobrezia faktore anitzekoa da, eta, besteak beste, lanaz, etxebizitzaz eta formakuntzaz hitz egin behar dugu.

Alderdi batzuek pobrezian edo gizartetik baztertuta bizi direnak deshumanizatzera jotzen duten garai batean, zer proposatzen du sareak?

Aurkeztu dugun kanpainaren ildotik, ikusten ez dugun horretara hurbiltzea eta aporofobiaren aurka borrokatzea. Horrelako mezuek deshumanizatu eta biktimizatu egiten dituzte pertsonak, eta gizarte kohesioa hausten dute. Gu kezkatu egiten gaitu mezu horiek hauteskundeak hurbiltzen diren garai batean emateak. Egoera oso zailetan dauden pertsonen instrumentalizazioa da, eta ez da etikoa.