Ez da oso ohikoa erakunde batek bere burua zuzentzea. Hori egin du berriki Nafarroako Kontu Ganberak. Urteroko azterlanik garrantzitsuena izan ohi da kontu ekonomikoen ikuskaritza, eta 2024ko azterketak talka handia sortu du hori landu duen ikuskatzailearen eta Kontu Ganberaren artean. Desadostasun horren aurrean, UPNk Ignacio Cabeza Kontu Ganberako lehendakariaren premiazko agerraldia eskatu du Nafarroako Parlamentuan.
Atzo, greba orokorraren egunean argitaratutako txosten ofizialean azaleratu zen eztabaida. Bertan, Jose Miguel Aurrekoetxea ikuskatzaileak kritikatu zuen ezabatu egin dizkiotela pasarte batzuk. Ignacio Cabezak erantzun dio hasierako zirriborroa proposamen bat zela, eta behin betiko lanarekin konforme ez egoteko aukera duela. Bere esanetan, azken testuan gehitutako aldaketak «zuzenketak» dira, eta horietan ganberako idazkari nagusiaren zein gainerako ikuskatzaileen ikuspegia aintzat hartu da.
Besteak beste, ikuskatzaileak auzitan jarri du Belateko tunelaren bikoizketa lanetan gertatutakoa. Hasierako eskaintza ekonomikoaren aldean, kostu igoera bat proposatu zion enpresa elkarteak Nafarroako Gobernuari, eta Lurralde Kohesioko Departamentuak igoera hori baimentzeko tramiteari bide eman zion. Aurrekoetxeak ondorioztatzen duenez, tramite horrek «inplizituki» onartu egiten du kostu igoera, prozedura hori ez delako «inondik ere legezkoa». Gainkostu horiek tunela zulatzeko metodoak eta lehergaiek eragiten dute, eta hori adjudikazio garaian proposatu behar zen; «eta ez kontratua aldatzeko proposamen gisa».
Aldiz, Cabezak uste du urrutiegi joan dela. Bere esanetan, Kontuen Ganberak ezin dezake epaitu teknikoki justifikatua ote dagoen kostu igoera, eta prozedurari bide emanda ezin daiteke ondorioztatu nola amaituko den. Hots, ezin dezake esan «inplizituki» gobernuak igoera hori onartu duela. «Ikuskatzailearen iritzi huts bat da eta ez dago ebidentziatan oinarrituta».
Nafarbideren kasua
Beste polemika iturrietako bat Nafarbide sozietatea izan da. Nafarroako Gobernuak sozietate publiko hori eratu du etorkizunean Nafarroako errepide nagusietako bidesariak kudeatu ditzan, tartean kamioientzako jarriko dituztenak. Aurrekoetxeak bere txostenean zioenez, gobernuak aurkeztutako egiturak proposatzen du Obra Publikoen zuzendaritzako langileriaren erdia baino gehiago kontratatzea eta horrek kontratu publikoen legea urratuko luke, bere esanetan.
Gainera, Aurrekoetxearen esanetan, errepideetako sarien inguruko foru legeak dio horien bidez bildutako dirua kontu publikoetan jaso behar dela. Aldiz, ikuskatzaileak argudiatzen du gobernuak proposatu zuela Nafarbideren gastu eta diru sarrerak aurrekontu publikoetatik at uztea. Hala, Nafarbide desegiteko eskatzen du «ez duelako nahikoa baliabiderik eta ezingo duelako kontratazio arloko araudien arabera jokatu etorkizunean».
Cabezak pasarte horiek kendu ditu azken txostenetik eta hari erantzuten dio ezin dela oraingoz ondorio horretara ailegatu. Bere esanetan, ez da ganberaren eskumena horrelako gomendio bat egitea.
Ikuskatzaileak Nafarroako Inbertsio Institutua desegiteko ere eskatzen du, Sodena sozietate publikoarekin funtzioak bikoizten direlako. Antzera, Cabezak azken txostenetik kendu egin du gomendio hori eta Aurrekoetxeari erantzun dio hori bere iritzi pertsonala dela. «Administrazioak bere burua antolatzeko eskumena du eta funtzio horren baitan sartzen da organoak sortzea, aldatzea eta kentzea, beti ere legearen arabera». Bere ustez, sozietate hori desegiteko eskatzea ez da ganberaren zeregina.
UPNren eskaera
Horren aurrean, UPNk sakoneko desadostasunak ikusi ditu, eta horregatik Ignacio Cabeza Nafarroako Parlamentura joateko premiazko eskaera egin du. «Kezkatuta eta harrituta» agertu dira polemikaren ondorioz. Beharrezko ikusten du Cabezak eta Aurrekoetxeak azalpenak ematea.
Gaur Nafarroako Gobernuaren kontseilu osteko agerraldian, Javier Remirez eledunak hitz egin du Kontu Ganberak azken txostenean gobernuari egindako eskaerez, baina ez eztabaidaz. «Atzo izan genuen haren berri eta bere edukia aztertzen ari gara». Remirezek nabarmendu du Kontu Ganberak finantza publikoen kudeaketari buruzko «aldeko iritzia» eman duela.
