Pirinioetatik dator 24. Korrika

Pirinioetatik dator 24. Korrika

«Euskara ez da muga, arnasa baizik». Horixe nabarmendu zuen Ane Elordik, Korrikaren arduradunak, martxo hasieran, Iruñeko Baluarte auditoriumean egindako aurkezpenean. Mezu hori berretsi du Asier Biurrunek, Korrikaren Nafarroako arduradunak, euskararen aldeko lasterketa hasi baino astebete lehenago. «Dena prest? Ia dena! Oraindik bada lana egiteko, baina Korrika hartzeko moduan gaude». Nafarroako arduradunekin bilera egin eta gero hartu du Biurrunek Nafarroako Hitza. Harat eta honat ibili da azken asteotan, korrika. Lasterketa hasten denerako, izanen ditu kilometro batzuk eginak. «Urduri» dagoela aitortu du, eta nekearen zama sumatzen duela ere bai. Irribarrea ez du galdu, ordea, eta herritarrak Korrikara batzera deitu ditu.

Korrika Pirinioetatik sartuko da gaur; Orreagara 05:58an ailegatuko da, eta 14:40 aldera zeharkatuko du Burgi; arratsaldean, berriz, 20:34 inguruan iritsiko da Zangozara. AEK-k kilometroz kilometro antolatu du lasterketa; Iruñeko Iruñezar euskaltegian petoak banatzen aritu dira azken egunotan; deiak jasotzen eta egiten; azken kontuak lotzen. «Gero eta jende gehiago batzen da Korrikara; lasterketa handitu da, eta lantaldea ere bai, zorionez. Uste dut sekulako Korrika izanen dela aurtengoa», nabarmendu du Biurrunek.

«Euskara gara»

Korrika igandean sartuko da Iruñean. Astelehenean Arabarantz aterako da, eta hainbat herri zeharkatu eta gero, Sakanatik itzuliko da Nafarroara. Gipuzkoara bidea eginen du lasterketak astelehen gauean, eta Beratik Nafarroan berriz sartu. Bortzirietatik Zugarramurdira bidea eginen du Korrikak astearte goizean. Herriotan guztietan, Nafarroako bazter orotan, Korrikaren aurtengo leloa zabaldu nahi du AEK-k: «Euskara garela, alegia». Nafarroan, Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioaren mugen gainetik egin behar du aurrera mezu horrek. Euskaraz herrialde osoan ofizial behar duela berretsi du Biurrunek.

Euskara arnasa bilakatzeko bide horretan, Korrika bada euskaldunen komunitatea sendotzeko tresna bat. Horren beharra badela uste du Biurrunek: euskararen aurkako erasoen aurrean, hizkuntzaren aldeko mezuak zabaltzekoa. Batetik, Iruñeko Udalean sortutako eztabaida aipatu du Korrikaren Nafarroako arduradunak. Hiritarren Auzien Batzordeak UPNk sustatutako adierazpen bat onartu zuen martxoaren 10ean, erregionalisten, PPren eta PSNren aldeko botoekin; onartutako testuak eskatu du Korrikak irauten duen bitartean «terrorismoaren aldeko manifestazioak edo ETAren biktimak umiliatu ditzaketen ekitaldiak saihestea», eta hori gertatuz gero, udalaren diru laguntza kentzea. «Korrikaren bide on eta arrakastatsua itzali nahi du UPNk», salatu du Biurrunek.

Korrika Iruñeko karriketan, 2024. urtean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Bertzetik, Argia aldizkariak egindako ikerketa lana hartu du hizpide. Argia-k egindako lanak ondorioztatu du CCOO sindikatuko zenbait kide eta Euskara Denontzat elkartea aritu direla administrazio publikoek ezarritako euskara eskakizunen aurkako epaiak bultzatzen eta diruz sostengatzen azken urteotan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Nafarroan ere bada euskararen aurkako oldarraldia. Ematen du denak balio duela euskararen kontra».

Biurrunek garbi du euskaltzaleek Korrikarekin bat eginez erantzunen dietela euskararen aurkako erasoei. «Komunitatea sendotzeko garaia ere bada», gehitu du. 24. Korrikako omendua da Errigora, hain zuzen, eta hura goresteko ekitaldia egin zuen AEK-k urtarrilean. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean bertako ekoizleen bidez euskaratik, euskararentzat eta euskaraz egindako lana aintzatetsi nahi izan du Korrikak. «Errigorak lortu du Erriberako nekazari batzuek euskaraz jartzea beren produktuen etiketak; euskarari buruzko beren ikuspuntua aldatu dute», zehaztu du Biurrunek.

Doakotasunaren alde

Errigora lagungarri izan da batzuen euskararekiko jarrera aldatzeko. Hori garrantzitsua dela azpimarratu du AEK-ko kideak. Bertzelako oztopoak badira gainditzeko, haren ustez. Dirua ere muga bat izan daitekeela azaldu du, Nafarroako Gobernuak A1 maila doan ikasteko aukera eskaini duenean gora egin baitu euskaltegietako ikasle kopuruak. «Erabateko doakotasunaren alde lanean jarraituko dugu», gehitu du Biurrunek.

1.500 ikasle inguru ari dira AEK-k herrialde osoan dituen euskaltegietan euskara ikasten. Haientzat ere Korrika «hagitz berezia» dela nabarmendu du Biurrunek, eta eskoletan lantzen dituztela euskararen aldeko lasterketaren ingurukoak. «Nork berea egiten du Korrikaren alde; ikasleak erraz inplikatzen dira». 

Ikasleok eta herritarrek gaurtik asteartera bitarte izanen dute Korrikaz gozatzeko aukera, lasterketak Nafarroan emanen baititu datozen egunak. Euskaltzaleen oinak dantzarako prest dira; ozen erran ahal izanen dute haiek ere euskara badirela, Orreagatik Zugarramurdira. Korrika martxoaren 29an ailegatuko da Bilbora. Han eginen dute bukaerako besta handia. 

19

 

AEK-k zenbat euskaltegi dituen. 

AEK-k hemeretzi euskaltegi ditu Nafarroan, eta taldeak, gainera, bertze horrenbertze herritan. Laurogei irakasle ari dira egun AEKn lanean.