Datozen urteko foru eta udal hauteskundeetara begira, urrats bat aurrera egin dute Ahal Dugu-k, Ezker Batuak, Batzarrek eta independenteek. «Publikoki adierazten dugu foru hauteskundeetan Zurekin Nafarroa koalizioarekin aurkezteko asmoa dugula». Komunikatu bat argitaratu dute webgunean eta sare sozialetan, eta bertan berresten dute udal bozetan ere batera joateko asmoa dutela.
Hiru urte baino gehiago iragan dira 2022ko uztailaren 22an koalizioan joateko asmoa adierazi zutenetik, eta ordutik egindako lana goraipatu dute. «Balioa eman nahi diogu batasunari, lurralde mailako errotzeari, berdintasunari eta justiziari, erronka sozialei aurre egin ahal izateko. Ilusioa zein politikarekiko atxikimendua berreskuratu nahi ditugu». Adierazi dute euren artean «diferentziak» dituztela, baina «kontu askotan bat» datozela.
Hala, koalizioaren aldeko apustua berretsi dute, eta jakinarazi dute koalizioa berritzeko elkarrizketa prozesuari ekingo diotela. «Nafarroako ezkerreko askotariko identitateak eta erakundeak elkar topatzeko espazio bat da koalizioa, eta hala izaten jarraitu behar du», diote adierazpenean.
Ziklo aldaketa
2015ean UPN gobernutik atera zen, eta ordutik aldaketa ziklo batean dago Nafarroa, euren esanetan. Halaber, nazioarteko olatu erreakzionario bat dago. «Gure asmoa da Nafarroaren eraldaketa horretan sakontzen jarraitzea, eta, horretarako, beharrekotzat jotzen dugu aldaketa zikloarekin jarraitzea eta zabaltzea».
Azken 11 urteetako mugarri politiko nagusiak onetsi dituzte, baina, era berean, uste dute agerian geratu dela Nafarroako Gobernuaren neurri ugari ez direla nahikoak. «Ontzat jotzen dugu eskuinaren alternatiba den gobernu bat osatzea, bereziki etxebizitzaren, gazteriaren eta migrazio politiketan». Dena den, uste dute «anbizio politiko handiagoa» behar duela gobernuak. «Gure anbizioa da Nafarroan gobernatzen jarraitzea, indar eta anbizio handiagoz»,
Elkarrizketa prozesu horretan, gogoeta egingo dute politikari eta koalizioaren antolamenduari buruz. «Hauteskundeei begira, erreminta hobetu nahi dugu eta ahalik eta proiektu hoberena diseinatu nahi dugu».
