«Oso pozik gaude; egun polita izan zen, eta omenaldiak bat egiteko aitzakia eman zigun senideoi». Ekaitz Santaziliarenak dira hitzak, eta martxoaren 8an Lakuntzan Elbira Turunbai oroitzeko egindako ekitaldiaz ari da. Udalak antolatu zuen, herriko talde feministarekin elkarlanean.
Turunbai emagin aritu zen herrian urte luzez, eta 1.500 erditzetan baino gehiagotan lagundu zuen, 1970ean erretiroa hartu zuen arte. Lakuntzarrek aitortza egin nahi izan diote, eta haren izena jarri diote herriko plaza bati; gainera, oroitarri bat jarri dute haren eta, Turunbaik bezala, herrian zaintza lanetan aritu eta ari diren emakume guztien omenez. «Nik ez nuen Elbira ezagutzen; oroitarriaren bidez, haren berri eman nahi diegu herriko gazteei», erran du Lakuntzako alkate Oihane Uribeetxebarria Garmendiak.
Elbira Turunbai 1892. urtean sortu zen, Lakuntzan, eta 1975ean zendu. 1919. urtean, Jose Kruz Zubeldia lakuntzarrarekin ezkondu zen, eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Bakarrak segitzen du bizirik, Euxebi Zubeldia Turunbaik. «Ez da etxetik ateratzen, baina martxoaren 8ko omenaldiak ilusioz bete zuen, eta plazan izan zen gurekin», erran du Santaziliak, kontent.
Elbira Turunbairen ondorengoak, Lakuntzan haren omenez egindako ekitaldian. EKAITZ SANTAZILIA
Turunbaik etxean jaso zuen emagintzari buruzko gogoa eta interesa, haren ama eta amatxi ere lan horretan aritu baitziren. Haiengandik jaso zituen erditzeetan laguntzeko ezagutzak ere, garai hartan ohikoa baitzen ikasketa jakinik gabeko emakumeak aritzea emagin. Turunbairen amak, hain zuzen, salaketa bat jaso zuen horregatik, eta Turunbaik, ondorioz, ikasketak egitea erabaki zuen. «Ez zen erraza izanen; Elbirak euskara zuen ama hizkuntza, eta gaztelaniaz egin behar izan zituen ikasketak. Iruñean eta Zaragozan egin zituen azterketak. Etxean gordea dugu haren titulua», kontatu du Santaziliak, harro.
Etxean eta herrian jasotakoa hartu du hizpide, eta nabarmendu Turunbai «emakume langilea eta eskuzabala» izan zela. Emagin tituludunek gutxieneko soldata bat zehaztua zuten, baina Santaziliak azpimarratu du Turunbai beti zegoela adostutakoaz azpiko kopuru bat jasotzeko prest, familiak ezin bazuen ordaindu. «Kobratu gabe ere aritzen zen; Lakuntzako, Arbizuko eta Arruazuko emagina zen, baina Dorraon eta inguruko herri txikietan ere aritzen zen», gehitu du Santaziliak.
Euskara, ama hizkuntza
Turunbai euskalduna zen. 1930eko hamarkadan, Euskaltzaindiko presidente izandako Resurreccion Maria Azkue Lakuntzan izan zen, kantuak, esaerak eta bertze biltzen, eta Turunbaik errandako kukuka jostatzeko formula bat jaso eta argitaratu zuen, hain zuzen: «Kuku piku naparra, peritxote pitxoe, jauna, nondik zatozte? Kalea goiti, kalea beiti, aminatxoa polliki, kidarrean begia, erretxina gorria». Ana Maria Etxaidek ere Turunbairen hitzak jaso zituen, El Euskera en Navarra: Encuestas Lingüísticas (1965-1967) lanerako. Turunbaik arrastoa utzi du liburuetan, eta herritarren artean ere bai.
