«Maruxak orain eroso gaude, baina une ezerosoak ere izan ditugu hona iristeko»

«Maruxak orain eroso gaude, baina une ezerosoak ere izan ditugu hona iristeko»

Joan den astean aurkeztu zuten Iruñeko Civivox aretoan Maruxak taldeari buruzko dokumentala: Vente con nosotras (Zatoz gurekin). Iker Perezek zuzendu du (Iruñea, 2002), eta Maria Berisa eta Carmen Ruiz de Temiño aritu dira harekin batera ekoizpen lanetan. «Ikus-entzunezkoen karrera elkarrekin egin genuen. Maruxak taldearen ikuskizun guztietara etorri dira, eta dokumental bat egitea proposatu nien», azaldu du Perezek.

«Maritxuak gara, trabestiak gara; libre izan nahi baduzu, zatoz gurekin». Hori diozue dokumentalean. Baina joan nora, eta norekin?

Jendeari egiten diogun gonbidapen bat da. Eta Maruxak taldeak atera zuen bigarren abestiaren izenburua ere bada: Vente con nosotras. Hasi eta gutxira ateratako abesti bat da, taldearen aurkezpen modura atera zena. Eta guk ere izen hori jarri diogu dokumentalari, jendeari Maruxak taldeak egin duten ibilbide guztia erakutsi nahian. Nortzuk garen aurkezteko modu azkar bat da.

Zuzendariak eta dokumentalgileak ere bazarete apur bat maruxak. Zer begirada eman nahi izan diozue dokumentalari?

Hasierako zirriborroek umore asko zuten, baina antzematen zen jendeak halako maskara bat zuela jarria, norberaren iragana ez erakusteko. Erabaki genuen apur bat gehiago sakontzea eta gauden lekura nola iritsi garen erakustea. Begirada intimoago baten aldeko apustua egin genuen: senitartekoak elkarrizketatu genituen, eta inguru goxoago batzuk sortu, horren guztiaren atzean zer dagoen erakusteko.

Eta zer dago horren guztiaren atzean? 

Orain ondo gaude, baina lan asko egin behar izan dugu hona iristeko. Oso erosoak izan ez diren une batzuk izan ditugu. Azkenean, Maruxak bezalako talde bat, gaur egungo gizartean, talde konplikatu bat da. Aldarrikatzen ditugu aldarrikatzen ditugun gauzak, eta hasieratik horixe egin dugu: probokatu. Modu horretan jendearen arreta lortzeko. Orain eroso gaude, baina une ezerosoak ere izan ditugu hona iristeko.

Drag-a eta euskal dantzen iruditeria nahastu, dantza tradizionalaren binarismoa salatu… Ez zen lanketa erraza.

Ez. Euskal dantzena mundu tradizionalago bat da, eta kritikak egiten zizkiguten dantza horiek drag-arekin nahasteagatik. Baina drag-aren munduan ere ez zuten ulertzen dantzaren mundu tradizional hori. Tradizionala zena apurtzailea zenarekin nahastu genuen, baina ez dugu inoiz modu behartuan egin. Bakoitza datorren lekutik dator. Euskal dantzak egin dituzte batzuek, erraldoi moduan jantzi dira beste batzuk… Txikitatik izan ditugun erreferentzia horiek ditugu buruan, eta horiek ateratzen zaizkigu Maruxak taldean aritzen garenean. 

Izan duzuen harrera eta jendearekin sortu den konexioa bada zerbaiten seinale. 

Jendeari kostatu egiten zaio halako pausoak ematea, baina, eman eta gero, esaten dute: «Ostras, hau super ongi dago!». Oso publiko ona daukagu.

Zer da folklore trabestia?

Finean, horixe da egiten duguna: folklore trabestia. Tradizioa hartu, eta apurtzailea den zerbaitekin nahastu. Saiatzen gara tradizioa guztiz ez apurtzen eta drag-arekin nahasten. Azken batean, nahi duguna egiten dugu. Ez gara hasten esaten: «Ez dugu hau egingo agian zerbait esango digutelako».

Nola dago Maruxak taldea orain?

Zortzi laguneko taldea gara. Lagun talde bat. Jende asko pasatu da taldetik: dantzari berriak, koreografia berriak… Eszenatokian oraintxe bertan zortzi aritzen gara, baina proiektuaren atzean askoz gehiago daude. Lagunez inguratuta gaude. Elkar ezagutzen dugu, eta elkar lagundu. Ezagutzen ditugu norberaren lan egiteko moduak. Errespetuz eta super gustura aritzen gara elkarrekin.

LOTSaBAKO

Gustuko dokumental bat?
Muchos hijos, un mono y un castillo, Gustavo Salmeron zuzendariarena.

Dantza tradizional bat?
Dantzari dantza.

Drag bat?
Gottmik.