Osasun langileek 775 eraso salatu zituzten iaz Osasunbidean, 2024an baino %2,71 gehiago

Osasun langileek 775 eraso salatu zituzten iaz Osasunbidean, 2024an baino %2,71 gehiago

Martxoaren 12a osasun langileei eginiko erasoen kontrako Europako eguna izan zen, eta, egun hori dela eta, Nafarroako Gobernuak zabaldutako datuek erakutsi dute osasun langileen aurkako erasoena konpondu beharreko afera dela oraindik Nafarroan. Izan ere, osasun langileen aurkako 775 eraso zenbatu zituen Osasunbideak iaz —2024an baino 21 gehiago eta 2023an baino 128 gehiago—, eta azken bost urteetan %64 egin dute gora osasun arloko langileen aurkako erasoek. Horrez gain, 2025ean Osasunbidean izandako eraso guztietatik %86,2 emakumeen aurkakoak izan ziren. Dena den, zenbait eragileren arabera, litekeena da egoera datuek erakusten duten baino larriagoa izatea.

Horren inguruan mintzatu dira Nafarroako Medikuen Elkargoa eta Nafarroako Erizainen Elkargoa, besteak beste. Medikuen elkargoak ohartarazi du datu ofizialek «arazoaren zati bat» baino ez dutela islatzen, eraso «asko» ez baitira salatzen. Erizainen elkargoak, berriz, adierazi du iaz Nafarroako erizainek 296 eraso jasan zituztela —Osasunbidekoak eta zentro pribatuetakoak kontuan hartuta—, baina balitekeela datu hori «askoz handiagoa» izatea, eraso horietako «asko» ez direlako jakinarazten. Aurten ere Osasunbideko Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak eraso horiek jakinaraztera animatu ditu osasun langileak. Zerbitzu horren buru da Belen Asenjo, eta esan du «zaila» dela jakitea egoera nolakoa den gertatzen dena kontatzen ez bada, eta litekeena dela gertatzen direnak baino eraso gutxiago jakinaraztea oraindik. Hala ere, aipatu du lehen jasotzen ez zuten errealitate bat jasotzen dutela gaur egun.

Azken urteetan osasun langileen aurkako erasoen kopuruak gora egiteari dagokionez, Asenjok esan du hipotesiak «konplexuak» direla, baina argitu du horren arrazoietako bat dela lehen baino eraso gehiagoren berri ematen dela gaur egun. Horrez gain, uste du pandemiaren ostean gizartean aldaketa izan dela, eta jendeak gaur egun pazientzia gutxiago eta exijentzia gehiago izan dezakeela. Emakumeak eraso gehien jasateari buruz, berriz, Asenjok esan du ezen, Osasunbidean lan egiten dutenen %80 baino gehiago emakumeak badira ere, tasak aztertzerakoan emakumeak direla eraso gehien jasaten dituztenak; izan ere, esan du 2025ean Osasunbideko emakumeen %6,2k erasoren bat jasan zutela; gizonei dagokienez, %4k pairatu zuten erasoren bat.

Benetako eraso kasuak

Osasunbideko lan arloei dagokionez, erizainak izan ziren eraso gehien jasan zituztenak iaz, 242 eraso hain zuzen ere. 2025ean erasoren bat jasan zuten erizainetako bat da Paula —ez du abizena eman nahi izan—. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan egiten du lan, eta hemeretzi urte daramatza erizain moduan lan egiten. Esan du 2025era arte ez zuela pairatu erasorik, baina iaz eraso fisiko bat eta hitzezko bi eraso jasan zituela, hirurak anestesia osteko errekuperazio unitatean lan egiten ari zela. Eraso fisikoari dagokionez, Paulak aipatu du eraso egin zionak desgaitasun bat duela, eta ez duela bere burua kontrolatzeko gaitasunik. Azaldu du erasoa jasan zuen lehen pertsona haren senide bat izan zela, baina paziente horrek Paulari ere eraso egin zion, lepotik zintzilik zuen identifikaziotik eta iletik helduta. Hitzezko erasoei dagokienez, berriz, erizainak esan du bi alditan pertsona berak egin zizkiola, bietan hura erabat kontziente zela, eta ebakuntza gelatik errekuperazio unitatera iritsitakoan bertan zeuden profesionalei irainak, oihuak, gutxiespenak eta komentario desatseginak egin zizkiela. 

«‘Orain ez ukitu’, ‘ez dakizu zure lana egiten’, ‘ergela zara’, ‘putakumea’… Hori izan zen leunena», salatu du Paulak, lehen aldian jasandako hitzezko erasoei dagokienez. Eraso fisikoari buruz, erizainak esan du ez ziola eragin, eraso egin zionaren egoera zela eta; hitzezko erasoei dagokienez, berriz, esan du ezen lehenengo erasoak jasan ostean, bizpahiru hilabete pasatuak zirela, pertsona bera berriro aurkitu zuela ospitalean, profesionalak iraintzen, eta lankideei eskatu ziela hartaz arduratzeko. Hala ere, egoera ikusita, Paula laguntzen saiatu zen, baina erasotzaileak berriz iraindu zuen. 

%78,2

Iaz Osasunbidean izandako erasoen artean zenbat izan ziren hitzezko erasoak. Erasoen %78,2 hitzezkoak izan ziren. Gainerako %21,8, eraso fisikoak.

%5,81

Iaz Osasunbideko zenbat langilek jasan zuten erasoren bat, ehunekotan. Osasunbideko lantalde guztia kontuan hartuta, %5,81ek erasoren bat jasan zuen iaz; emakumeen artean, %6,2k, eta gizonen artean, %4k.

«Ez duzu ulertzen zergatik jasan behar duzun hori, eroso ez dagoenari gauzak errazteko zaude eta», adierazi du Paulak. Hiru erasoen berri eman zuen erizainak, bai ospitalean eta bai Nafarroako Erizainen Elkargoan. Horiek jasota geratzea nahi zuen. Erasoak jakinaraztearen garrantzia nabarmendu du: «Arazoa neurtzen duzunean, ondorioak atera eta neurriak har ditzakezu». Dena den, erizainak eta Asenjok azaldu dute batzuetan osasun langileek zenbait eraso «onartu» egiten dituztela, eta ez dituztela jakinarazten. Erasoak salatzeari dagokionez, Asenjok esan du gehienak ez direla salatzen. Paulak ez du salaketarik egin jasandako erasoengatik, azaldu duenez, ez delako eraso horien jarraitutasunaren beldur eta ez duelako uste babesik edo ordainik behar duenik.

Kontzientziazio kanpaina

Osasun arloan izandako erasoen gorakadaren inguruan kontzientziatzeko, Osasunbideak Sendagairik Onena kanpaina aurkeztu du. Horren bitartez, erakutsi nahi dute enpatia eta errespetua direla «tratamendurik hoberena» osasun zentroetan ingurune egoki bat sortzeko. «Egin dezagun guztion artean ingurune seguru bat. Eutsi diezaiogun lasaitasunari, enpatiari eta errespetuari», diote Nafarroako Gobernuak zabaldutako karteletako batean.

Horrelako kanpainak egokiak direla esan du Paulak. Horrez gain, Osasunbideko prebentzio zerbitzuak 2025ean 31 prestakuntza jarduera ere antolatu ditu, non ikastaroak egin dituzten, besteak beste, nork bere burua babesteko, hitzezko eta hitzik gabeko indarkeria apaltzeko, eta erasoren bat jasanez gero jarduteko protokoloa zabaltzeko. Protokoloa aktibatzeak, besteak beste, laguntza psikologikoa eta juridikoa izateko aukera ematen du.