0-3 zikloaren kudeaketa bere gain hartzeko eskatu diote sindikatuek Nafarroako Gobernuari

0-3 zikloaren kudeaketa bere gain hartzeko eskatu diote sindikatuek Nafarroako Gobernuari

LAB, ELA, STEILAS, UGT eta CCOO sindikatuek agerraldia egin dute gaur goizean Iruñeko Kondestablearen jauregian, Haur Hezkuntzako lehen zikloak Nafarroan duen egoeraren berri emateko eta hura hobetzeko proposamenak aurkezteko. Uste dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bere gain hartu beharko lukeela 0-3 zikloaren kudeaketa komuna, «sare publiko koherente bat sendotzeko, eskolen arteko berdintasuna bermatzeko, lan baldintzak hobetzeko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatzeko». Hala ere, azken hilabeteetan ez dute urratsik sumatu helburu hori betetzeko bidean, eta ohartarazpena egin diote gobernuari: «Aurrerabiderik ez badago, intersindikalak ekintza eta mobilizazio gehiago bultzatuko ditu aurrerantzean ere, 0-3 zikloak hezkuntza sistemaren barruan dagokion lekua har dezan behingoz».

0-3 zikloaren kudeaketa gobernuaren esku uzteaz gain, eskaera gehiago ere egin dituzte sindikatuek. Alde batetik, «elkarrizketa mahai erreal eta eraginkor bat» sortzea Hezkuntza Departamentuaren eta ordezkari sindikalen artean: «Azken ikasturteetan ez da halako gunerik sortu, sindikatuok behin eta berriz eskatu dugun arren».

Bigarren eskaera ratioen jaitsiera da, Europak ezarritako kopuruetaraino, «kalitatezko hezkuntza arreta eta haurren ongizatea bermatzeko». Zikloko hezitzaileei «irakasle» estatusa aitortzea, horra hirugarren eskaera. Aitortza horrek ordainsariak igotzea ere ekarriko luke, sindikatuen arabera. 0-3 eskolen egutegia Haur Hezkuntzako bigarren zikloarekin bateratzea ere galdegin dute ordezkari sindikalek, «hezkuntza etapa berean lan egiten duten profesionalen arteko egungo desberdintasunak saiheste aldera». Azkenik, arreta zuzeneko lanorduak murriztea ere eskatu dute, «koordinazio pedagogikorako, prestaketa lanetarako, familiekiko harremanetarako eta ikasleen jarraipena egiteko denbora nahikoa bermatzeko».

Sindikatuek adierazi dute Nafarroak badituela eskumenak gaiari heltzeko «eta 0-3 sare publiko indartsu, koherente eta kalitatezkoa» eraikitzeko, baina uste dute «borondate politikoa» falta dela. Horregatik, lanean hasteko galdegin diote Hezkuntza Departamentuari: «Eskatzen diogu hartutako konpromisoak bete daitezela eta aurrera egin dezala kudeaketa komunaren zehaztapenetan, Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren arteko lantaldearen barruan. Gaur egun, ez da benetako aurrerapenik gertatzen ari puntu hauetan, eta horrek 0-3 ziklo publiko koherente, ekitatibo eta kalitatezkoaren sendotzea atzeratzen du».

Aurrerabiderik antzeman ezean, 0-3 eskolen intersindikalak «protesta ekintza eta mobilizazio gehiago» antolatuko ditu datozen hilabeteetan.