Larunbatean igaro zen 24.Korrika Iruñerritik, eta lasterketaren isatsa luze-luzea izanagatik, iritsi zen kontraerasorik: «Korrika Txantreatik igaro denean Tomas Caballero Iruñeko Udaleko UPNren zinegotzi ohiaren eta Francisco Casanova lurreko armadako tenienteordearen hiltzaileen argazkiak erakutsi dituzte», erran zuen Cristina Ibarrola UPNren presidenteak. Berehala batu ziren olatura Maria Txibite Nafarroako presidentea eta PP Alderdi Popularra, eta salatu zuten Korrikak «ETAren aldeko ikurrak» atera izana. Are, mozio bat aurkeztu zuen PPk, eta gaur hartu du erabakia Iruñeko Udalak: onartu egin du mozioa.
Bortz boto izan ditu kontran: EH Bilduk, Geroa Baik eta talde mistoak emanak. Aldeko botoak, ordea, zazpi izan dira: UPNrenak, PPrenak eta PSNrenak. Hala, zera erabaki dute: Iruñeko Udalak ez du Korrika diru publikoarekin finantzatuko, baldin eta antolatzaileek ez badituzte «gertaera horiek» erabat gaitzesten, eta ez badute «neurri eraginkorrik» hartzen halakorik berriro ez gertatzeko.
Baina ez hori bakarrik, salatu dute adingabeek ezin dituztela «mezu terroristak» eraman soinean, eta AEK-ri hiru kontu exijitu dizkiote: «Barkamena» eskatu dezala, «keinu terroristak» gaitzetsi ditzala, eta ekidin dezala «terroristen» aldeko ezein ikur, argazki edo hitz.
Edonola ere, bertzelakoa da Nafarroako Parlamentuko egoera, Bozeramaileen Batzordeak atzo bota baitzituen gibelera UPNk eta PPk aurkeztuako bi adierazpen instituzionalak. Ez zuten aitzinera egiteko adina babesik lortu.