Accionako presidentea ikertzeko eskaera egin du fiskaltzak Nafarroako ikerketa batzordera ez joateagatik

Accionako presidentea ikertzeko eskaera egin du fiskaltzak Nafarroako ikerketa batzordera ez joateagatik

Jose Manuel Entrecanales Accionako presidentearen aurka eginbide judizialak egiteko eskatu dio fiskaltzak instrukzio epaitegiari. Funtsean, deliturik egon ote den ikertzea galdegin dio. Diario de Navarra egunkariak aurreratu du albistea. 

Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak bi aldiz deitu zuen deklaratzera Entrecanales, urtarrilaren 20an zein otsailaren 9an. Bi aldietan Entrecanales ez zen bertaratu eta bere ordez Accionak beste bi zuzendari bidali zituen: Joaquin Molinedo eta Jose Julio Figueroa. Accionak argudiatu zuen administrazio kontseiluari zegokiola erabakitzea nor joan behar zen agerraldira.

Parlamentuak, aldiz, gogora ekarri zuen deialdia pertsona zehatzei zuzentzen zaiela eta bertara joateko betebeharra dutela. Eskaera hori betetzen ez bada desobedientzia delitua egon litekeela ere gogorarazi zioten. Haatik, Entrecanales ez zenez bertaratu, ikerketa batzordeak fiskaltzari jakinarazi zion gertatutakoa, eta orain fiskaltzak delitu zantzua egon daitekeela ondorioztatu du.

Fiskaltzaren arabera, Accionak emandako azalpenek ez dute justifikaziorik, parlamentuak berak bi aldiz ohartarazi ziolako Entrecanalesi. «Idatzi batek edo beste bi ordezkarik ezin dezakete ordezkatu pertsonalki bertaratzeko betekizuna». Gaineratzen duenez, enpresaren zerbitzu juridikoek ezin dezakete parlamentuaren eskakizuna saihestu. «Agerraldi eskea legitimoa da eta Zigor Kodeak babesten du». Fiskaltzak aipatzen du eskakizuna ez betetzeak espetxe zigorra ekar dezakeela. «Bi hitzorduetan gogorarazi zitzaion ez agertzeak zigor arloko ondorioak izan zitzakeela», azpimarratu du.

Entrecanalesek berak otsailaren 20an idatzi batean Nafarroako Parlamentuari onartu zion ez joatea erabaki zuela, bertaratzeak bere ohorea eta irudi ona urratu zitzakeelako.