ELAk eta LABek gaur bilera batera deitua zuten CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, baina hark bezperan uko egin zion biltzeari. Aurretik, astelehenean, UGT eta CCOO sindikatuek aurreratu zuten ez zutela bilera horretara joateko asmorik. Horren aurrean, ELAk eta LABek salatu dute CEN, UGT eta CCOO gutxieneko soldata propioaren aurka batu egin direla eta betoa jarri diotela eztabaidari.
Martxoaren 17ko greba orokorraren ostean, Hego Euskal Herriko bi patronalek ezezkoa eman diete ELAri eta LABi. Nafarroako patronala hilaren 11n bildu zen sindikatu abertzaleekin Iruñeko bere egoitzan, eta berriro biltzeko prest zegoela adierazi zien. Egun gutxiren buruan, jarrera aldatu du.
Halaber, UGTk eta CCOOk ezezkoa eman diote biltzeari. Sindikatu horiek adierazi dute Nafarroako Akordio Interkonfederala berritzeko negoziazioak abiatu nahi dituztela CEN patronalarekin: bertan helburu gisa jarriko dute lan hitzarmenetan gutxienez 1.500 euroko soldata lortzea, eta hori da, hain zuzen ere, sindikatu abertzaleek bultzaturiko kanpainan erreferentzia gisa erabilitako kopurua.
Ohar bateratua
Horren guztiaren aurrean, ELAk eta LABek ohar bateratu bat kaleratu dute gaur goizean. Gogora ekarri dute iaz hiru erakunde horiek bi aldiz uko egin ziotela Nafarroarentzako gutxieneko soldata bati buruz eztabaidatzeari. «Eragile horiek sistematikoki uko egin diote berezkoa den gutxieneko soldata bat negoziatzeari». Bazterketaren bidez eta «aldez aurretik baldintzak ezarrita» elkarrizketa eragotzi nahi dutela uste dute.
Beto horrek CEN patronalari mesede egiten diola azaldu dute bi sindikatuek. «CENek nahi du langileak esplotatzeko aukera erabat irekita jarraitzea, beren negozio eredua baldintza prekarioetan oinarritzen delako». Euren irudiko, enpresaburuen elkarteak modernoa dela irudikatu nahi du, baina «guztiz atzerakoia» da.
Dena den, «are ulertezinagoa» egiten zaie UGT eta CCOOren jarrera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi sindikatu horiek gaiari buruz negoziatzeko prest daude, baina Nafarroan ez. «Ikuspegi zentralista eta uniformizatzailea lehenetsi dute, Nafarroako langileen lan baldintzen gainetik», kritikatu dute.
ELA eta LABen irudiko, deigarria da UGTk zein CCOOk orain lan hitzarmenetan gutxieneko 1.500 euroko soldata bat defenditzea. «Hala ere, defentsa hori hipokrita da, horretarako deitutako negoziazio bilera batean parte hartzeari uko egin diotelako», gaitzetsi dute. Sindikatu abertzaleek gogora ekarri dute patronalarekin bilera sorta iragarri dutela, eta aldi berean aurretiazko euren baldintzak ezarri dituztela. Susmatzen dute atzean aliantza bat dagoela, «akordiorako edozein aukera boikotatzeko».
Ziurtatu dute greba orokorrak babes zabala izan zuela eta erakutsi zuela langileen gehiengo bat gutxieneko soldata propioa izatearen alde dagoela. «Haiek diote gutxiengo batek babestu zuela. Orduan, zergatik iragartzen dute orain bilera sorta bat enpresaburuekin?», galdetu diete UGTri eta CCOOri.
Sindikatu abertzaleek Nafarroako Gobernuari adierazi diote ezin duela ikusle gisa aritu eta beste aldera begiratu. «Elkarrizketa eta negoziazioa berme guztiekin egiten dela zaintzeko betebeharra du». ELAren eta LABen arabera, bere ardura da «patronalaren zein UGT eta CCOO sindikatuen blokeoa gainditzea». Mobilizatzen jarraitzeko borondatea agertu dute, halaber.
