Kosmoprexioxi

Kosmoprexioxi

«Bizitza osoa Iruñean eman duzu. Hori ez da batere kosmopolita», bota zuen. Pam-plo-na esan zuen, une hartan ahoa bete polboroi izan balu bezala. «Zer da Iruñea? Non dago Iruñea? Gure ikasle egoitzan dauden profilak internazionalak dira, zu ez bezalakoak. Ezin dugu geure burua, gure ospea arriskatu, ulertzen?» Horrela mintzatu zitzaidan Alizia andrea, Madrilgo ikasle egoitzako zuzendaria. Egoitzak eskaintzen zuen bekaren hautaketaren lehenengo fasea gainditu ondoren, orduan lantzen ari nintzen poemarioaz mintzatuko ginela pentsatu nuen (deialdiaren xedea justuki hori zen: urte batez Madrilen literatur lan bat idazten aritzea). Oker nenbilen: elkarrizketaren bigarren faseak munduan zehar mugitzeko neure gaitasuna zuen aztergai. Kosmopolita hitza entzutean, kosmosa eta edertasuna, izarrekin eta norberaren dir-dir egiteko modu ezberdinekin jolasean hasi nintzen, baina planeta osoko ispilu guztietan zehar ibilia zen nazioarteko kultura miresgarrien Alizia horrek lurrerarazi egin ninduen. Danba! Untxi zuriari jarraika, gordeleku ilunaren amaieran, nire gorputzak lurraren kontra talka egin izan balu bezala.

Nire jatorriari buruz hitz egin nahi izan nion, berehala lan munduan sartzeko beharraz (sasi Alizia erregina honek ez bezala, nik ez nuen ekonomikoki sostengatuko ninduen familia ondasunik). Hori azaldu nahi izan nion, aukera bat emateko erregutu nahi izan nion, baina buru-estimu txiki batek-edo ahoa itxita edukitzera behartu ninduen. Atea ixtear zegoelarik, azkeneko galdera luzatu zidan: «Gure beka jasoko ez bazenu, idazten jarraituko zenuke?» Gela gezi bat bailitzan zeharkatu zuen «noski» zuzenaz erantzun nion. Hitza bere bihotz pozoitsuaren erdian iltzatu zela argi dut, baina ezin izan nuen erabat akabatu. Badakigu espezie horretako Aliziak materia ilunez eginak daudela eta arras zailak direla tronugabetzen.

Iruzurtiaren sindromea gertutik ezagutzen dut. Dena kapitalizatzen duen gizarte honetan, ez naiz eroso mugitzen

Esan dezakedan gauza bakarra da idazten jarraitu dudala (zure bekaren laguntzarik gabe ere egin daiteke, Miss Alizia-Erregina) eta bidean beste Alizia burges dexente topatu izan ditudala. Gauza bakar batean arrazoia emango diot Alizia maiteari: ez dakit artearen ez kulturaren marketin eroaren esparruan mugitzen. Ez dut neure burua ongi saltzen, ez dakit superdossier kosmopolitarik ez promozio bideo modernitorik editatzen. Iruzurtiaren sindromea gertutik ezagutzen dut. Dena kapitalizatzen duen gizarte honetan, ez naiz eroso mugitzen.

Alizia ezberdinen aurrean klase-lotsa delakoa sentitu izan dut (sentiarazi izan didate) eta sentipen hau ez da kasualitatez gertatzen: boterea eraiki eta mantendu egiten da. Gutxi batzuen artean partekatzen da. Zaila da etengabeko proiekzio nekagarriaren azokan leku bat topatzea. Batez ere artista berria eta ezezaguna zarenean. Zer esanik ez ez-gaztea, ez-kosmopolita, ez-izarra zarenean. Halere, espazio hori eraikitzen ez den bitartean, idazten eta sortzen jarraituko dugula argi dut, bidean Alizia, Lebiatan eta Lagarfljotsormurra topatzen baditugu ere. Horra hor gure mendekua.