Nafarroan, euskarazko eskaintza oso murritza da Lanbide Heziketako eta goi mailako ikasketetan. Hori dela eta, Euskalgintzaren Kontseiluak «neurri eraginkorrak» galdegin dizkio Nafarroako Gobernuari «euskaraz ikasteko aukera errealak» berma daitezen, hala Lanbide Heziketan nola unibertsitatean.
Kontseiluak ohar bidez adierazi du Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuela iaz Lanbide Heziketan eskaintza handitzeko, «besteak beste, euskaraz eskaini daitezkeen prestakuntza zikloen eta derrigorrezko hezkuntza euskaraz egin duten ikasleen eskariaren analisia eginez». Horretarako, galdetegi bat egin zuten aurreinskripzio prozesuarekin batera, ikasleek adieraz zezaten euskaraz ikasteko asmoa zuten ala ez.
Prozesu hartan jasotako datuen arabera, 800dik gora ikaslek adierazi zuten euskaraz ikasteko borondatea, baina, Kontseiluak salatu duenez, «gazteleraz ikastera behartu dituzte». Euskalgintzako ordezkariek uste dute gertakari horrek agerian utzi duela «euskarazko eskaintza oso mugatua dela Lanbide Heziketan», eta horren ondorioz, ikasle askok ezin dituztela ikasketak euskaraz egin, «horretarako borondatea izan arren».
Horiek horrela, Kontseiluak lau eskaera zehatz egin dizkio Nafarroako Gobernuari: bat, Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza «modu planifikatu eta progresiboan zabaltzea», eta euskaraz ikasteko aukera lurralde osoan bermatzea; bi, neurriak ezartzea euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiek horretarako aukera izan dezaten; hiru, euskarazko ibilbide osoak garatzea, oinarrizko mailatik goi mailako zikloetaraino, «jarraitutasuna ziurtatzeko»; eta lau, baliabide eta azpiegitura egokiak aurretik planifikatzea, «euskarazko eskaintzaren kalitatea eta iraunkortasuna bermatze aldera».
Informazio falta NUPen
Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokionez, Kontseiluak adierazi du oraindik ez dela «modu sistematikoan ikertu» ikasleen hizkuntza hautua: «Premiazkoa da informazio hori jasotzea eta, aldi berean, urratsak egitea unibertsitateko eskaintza akademiko osoa euskaraz egiteko aukera egon dadin».
Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez, euskaraz ikasteko aukera «ez da soilik eskariaren ondorio», eskaintza egoki baten emaitza ere bada: «Eskaintza dagoenean, eskaria ere handitu egiten da. Horregatik, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko, ezinbestekoa da administrazioak lidergoa hartzea eta neurri ausartak abian jartzea».
