Uda hasi aurretik Belateko tunelean zulatutako bi aldeak elkartzea espero dute

Uda hasi aurretik Belateko tunelean zulatutako bi aldeak elkartzea espero dute

Belateko tunelaren ipar hegalaren kanpoaldean lokatz beltz busti batek hartzen du txoko oro. Ertzetan, arbel zatiak ikus daitezke, eta, sakabanatuago, beste arroka batzuk; hala nola, kuarzita. 200 langilek 24 orduz egiten dute lan hiru txandatan, eta jai egun berezietan baizik ez dira gelditzen. Beharrezko zerbitzu guztiak eskura dituzte. Tunel barruan zulatzea segurtasunez egiteko eta ondoren egitura finkatzeko burdinazko estalkiak han muntatzen dituzte. Aldagelak, jantokiak eta makinaria guztia ere hantxe dago. «Hiri txiki moduko bat da», lanean diharduten enpresen arabera. Tunelaren ahoko kartelean agertzen dira haien izenak: Acciona eta Oses. Servinabar falta da —iazko irailean utzi zuen enpresa elkartea—

Tonaka adierazpen egin dira azken hilabeteetan Belateko tunelaren obrei buruz Nafarroako Parlamentuan. Cerdan auzian susmopean diren Accionak eta Servinabarrek azken hamar urteetako Nafarroako kontratu publikorik handiena irabazi izanak fokuen erdian jarri du herrilan hori. Adjudikazioaz gain, bi urteotan lanek eragindako zortzi milioi euroko gainkostuek polemika ugari eragin dute, eta horren harira, Nafarroako Gobernuak zein Acciona eta Oses eraikuntza enpresek obraren nondik norakoak ezagutzeko bisita antolatu diete gaur goizean bai komunikabideei bai eta N-121 errepideak igarotzen dituen udalerrietako alkateei.

%88

Zulatutakoa. Ipar hegaletik, 1.857 metro egin dute aurrera; hego hegaletik, berriz, 662 metro. Orotara, 2.519 metro zulatu dituzte eta 325 metro inguru baizik ez zaizkie falta elkar lotzeko. Hortaz, gaur-gaurkoz tunelaren %88,2 zulatu dute. Guztira, tunelak 2.856 metro izango ditu.

Kasik bi urte iragan dira lanean hasi zirenetik. Honez gero 2.520 metro zulatu dituzte bi aldeetan. Maiatza amaierarako edo ekain hasierarako bat egin behar lukete, baina Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak uda hasterako elkartzea espero du. Behin zuloa eginda, tunelaren hiru kilometroetako zorua desegin eta errepidea zein tuneleko gainerako zerbitzuak eraiki beharko dira. Helburua da 2027 amaierarako bukatzea. Haatik, beste behin, zuhur jokatu du Txibitek: «Bi aldeak batuta ez da obra honen konplexutasuna amaituko. Horregatik, ausartegia da epeez hitz egitea». 

Gainkostuen eztabaida

Lanak hasi eta gutxira, eraikuntza enpresek aurrekontutik gorako 8,5 milioi euroko kostu igoera proposatu zuten, eta Nafarroako Gobernuak espedientea ireki zuen. Horren baitan, obraren zuzendaritzak zein gobernuko teknikariek bide eman zioten prozedurari, baina iazko azaroan Nafarroako Gobernuko Kontu Hartzaile Nagusiak arrazoitu zuen 6,2 milioi euro justifikatu gabe zeudela. Enpresa elkarteak dioenez, ustekabeen ondorioz zulatzeko metodo garestiagoa aurreikusitakoa baino tarte handiagoan erabili behar izan du, bai eta eusteko egitura ere. Aldiz, Kontu Hartzaileak arrazoitzen du aldaketa horiek lehiaketan proposatu behar zirela —eta horrenbestez, euren balorazio puntuazioa alda zitekeen—.

«Tunelera sartze hutsa erronka bat bada, imajinatu zer den bertan zortzi orduz lan egitea eta luiziei aurre egitea»

OSCAR TXIBITE Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilaria

Tamaina horretako obrak tartez tarte ordaintzen dira, eta kostu aldaketaren auziak konpondu gabe jarraitzen du. Txibitek azaldu duenez, Kontu Hartzailearekin eta enpresekin hitz egin ostean, txosten bat landu behar dute: «Formula bat bilatzen ari gara ustekabeko ordainketa horiekin segitzeko. Azalpen tekniko handia eskatzen du. Esperientzia ikusirik, aldaketa proposamen zorrotza landu nahi dugu, aurrez Kontu Hartzailearekin izan dugun talka hori saihesteko». Txibiteren arabera, txosten hori «aste gutxiren buruan» izan nahi dute. 

Bisita ofizialak bilatu du herrilan horren konplexutasun teknikoa bertatik bertara azaltzea. Funtsean, mendiaren beraren egitura geologikoarekin zerikusia du horrek. Handik gertu, Belateko tunel zaharra pasatzen da, eta iraganeko informazio horrek balio behar luke hasieratik jakiteko zerekin topatuko ziren. Alta, Jose Luis Cacho obra gainbegiratzen duen koordinazio taldeko geologoetako batek BERRIAri zehaztu dio hori ez dela hain matematikoa errealitatean. Bere esanetan, obra zuzendaritzak eztabaida biziak ditu eraikuntza enpresekin nondik norakoez eta kostuez, baina arbelarekin gertatutakoa ustekabekoa dela azpimarratu du.

Arbelaren arazoa

Arroken egitura antzekoa bada ere, aldatu egin daiteke metro batzuetan, Cachoren arabera. Ipar hegaleko zuloan, teknikoek aurreikusitakoa baino «60 metro lehenago» agertu da arbela, eta hegoaldeko aldean «110 metro lehenago». «Horren erruz garestitu da», dio Cachok.  Arroka sendoaren aldean, arbela biguna eta ezegonkorra da: eskatzen du babes egiturak sortzea, hondeamakinekin zulatzea eta eusteko egitura sendoagoa altxatzea. Lizitazioa egin zenean, zundaketak egin ziren. «Zulo bat egin eta eremu egonkorra zela ematen zigun, baina metro bat harago zorua erabat ezegonkortu egiten zen egiazki».    

Txibitek arrazoitu du kostu igoera horri aurre egiteko bi arrazoi lehenetsi nahi izan dituztela. «Batetik, bertan lan egiten dutenen segurtasuna bermatu nahi dugu. Tunelera sartze hutsa erronka bat bada, imajinatu zer den bertan zortzi orduz lan egitea eta luiziei aurre egitea. Bestetik, interes orokorra da kalitatezko lan teknikoa egin behar dela, etorkizunean arazorik eman ez dezan». 

Tunela 2027an amaitzeko helburua badago ere, proiektua askoz ere zabalagoa da. Batetik, Belateko tunel zaharra egokitu egin beharko da. Bigarrenik, Almandozko tunela ere bikoiztu behar da, eta horren lizitazioa aurten egitea espero du Nafarroako Gobernuak. Gainera, bi tunelen arteko errepidea egokitzeko lanak ere hasiak dira. 

[galleries:horizontal:142]