Auzo baten norabidea aldatzen

Auzo baten norabidea aldatzen

2023an Iruñeko Alde Zaharreko AZ Ekimena herritar proiektuak egin zituen jardunaldietan, auzoko zenbait bizilagunek kezka agertu zuten, besteak beste, zenbait krisialdik energiaren arloan duten eraginagatik —esaterako, 2009ko krisi ekonomikoak eta 2022an energiaren arloan izandako garestitzeek—, eta auzoko bizilagunak kanpoko ekoizleen oso menpeko izateagatik. Hori dela eta, bizilagun talde bat elkartu egin zen, helburu bat betetzeko asmoz: kontsumo komunitario eta jasangarrian oinarritutako alternatiba bat sortzea, horrela kontsumoaren objektu pasibo izateari utzi eta rol aktiboagoa hartzeko. Xede horretatik abiatuta, interes sozialeko Aldatzen energia kooperatiba sortu du Alde Zaharreko bizilagun talde batek. Izan ere, Aldatzen-ek «alternatiba sozial eta komunitario bat» eskaini nahi die auzoko norbanako eta elkarteei, energia kontsumoa murrizteko, energia berriztagarria sortzeko, kontsumo «arduratsua» sustatzeko eta joan-etorriak egiteko modu jasangarriak bultzatzeko. Auzoenea zentro komunitarioa da Aldatzen-en egoitza.

Martxoaren 16an egin zuten kooperatibaren aurkezpen ofiziala, Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta, besteak beste, azaldu zuten zer bide egin duten proiektua lantzen hasi zirenetik gaur egun arte. Kooperatiba sortzeko prozesuan, hainbat ekintza egin dituzte Aldatzen-eko kideek, hala nola sentsibilizazio jardunaldiak eta argindarraren eta gasaren fakturak ulertzen laguntzeko tailerrak. 2023tik AZ Ekimenaren aterkipean aritu da lanean Aldatzen, Alde Zaharrean komunitate energetiko bat sortzeko; dena den, kooperatibako kideek aipatu dutenez, «zenbait arrazoi direla-eta» Iruñeko Udalaren trantsizio energetikorako estrategiarekin bat egin du azkenean. Aldatzen energia kooperatibako idazkari Xabi Martinezek azaldu du udalarekin akordioa egiteko arrazoi nagusia zera izan zela, funtsean: eguzki energia kolektiboa izateko aukera edukitzea; izan ere, Martinezen arabera, gaur egun «ezinezkoa» da Alde Zaharrean halakorik lortzea. 

Xabi Martinez Aldatzen-eko idazkaria eta Isabel Herrero kooperatibako lehendakaria, martxoaren 16an egindako aurkezpenean, Iruñeko Kondestablearen jauregian. ALDATZEN

Oraingoz udalak jarritako panel fotovoltaikoen instalazio bat dago Zabalguneko Vazquez de Mella ikastetxearen teilatuan, baina Martinezek dio ez dakitela noiz erabili ahal izango den. Horrez gain, kooperatibak azaldu duenez, hainbat hilabetez udalarekin batera lan egin ondoren, erabaki zuten Alde Zaharrari lotutako energia komunitate bakarra sortuko zutela, baina Zabalguneko eta Iruñeko beste auzoetako herritarrentzat ere irekita egongo zela. 

Energia bakarrik ez

Aldatzen-en lanean ari dira energia berriztagarrien instalazio partekatuak sortzeko eta sare bat eratzeko, baina, aipatu dutenez, Aldatzen energia baino «askoz gehiago» da. Izan ere, kooperatibako kideek azaldu dute garraio arloko, elikadura jasangarriko eta kontzientziazio komunitarioko auzo proiektuetan lan egiten dutela herri aholkularitzako proiektu baten bitartez. Pobrezia energetikoari ere aurre egin nahi diote, «sektorerik ahulenak identifikatuz eta lagunduz».

Beste zenbait proiektutan lanean ere aritu da kooperatiba, eta martxoaren 24an jarri zuten martxan lehenengoa: energia eskola. Aipatu dute eskola horren bitartez, besteak beste, argindarraren eta gasaren fakturak ulertzen lagunduko dutela, eta bonu sozialaren inguruko informazioa zabaldu —kontsumitzaile zaurgarriei laguntzeko mekanismo bat da—. Zerbitzu hori Auzoenean emango dute, astearteetan, 18:00etatik 20:00etara, ekainaren 16ra arte. Horrez gain, Txiklofitxina izeneko proiektua ere landu dute. Oraindik ikerketa fasean dago, baina Martinezek xehetasun batzuk eman ditu haren inguruan: «Egitekotan, ez da izango bizikletak uzteko proiektu bat soilik, baizik eta garraioaren inguruko proiektu bat. Aldi berean, bizikletak konpontzeko tailer bat ere izango da». 

«Auzoan kooperatiba ezagutaraztea da erronka. Uste dut behin txupinazoa botata has gaitezkeela kalera begira lan egiten»

XABI MARTINEZ Aldatzen energia kooperatibako idazkaria

Behin kooperatiba aurkeztuta, Aldatzen-en erronka zein den aipatu du Martinezek: «Auzoan ezagutaraztea da erronka. Uste dut behin txupinazoa botata has gaitezkeela kalera begira lan egiten». Gaur egun 30 lagunek osatzen dute kooperatiba; hala ere, hasiak dira bazkide egiteko eskaerak jasotzen. Horretarako interesa dutenek, Aldatzen-en webguneko inprimaki bat bete behar dute, eta, kooperatibako errektore taldeak eskaerak aztertu ondoren, jendearekin harremanetan jarriko dira, Martinezek esan duenez. Horrez gain, azaldu du norbanakoek 60 euro ordaindu beharko dituztela hasieran; pertsona juridikoek, berriz, 200 euro. Hasierako ordainketaren bitartez, kooperatibako bazkideek doan izango dituzte zenbait zerbitzu —esaterako, energia eskola—, baina Martinezek dioenez, litekeena da beste zerbitzu batzuk erabiltzeko kuota berezi bat ordaindu behar izatea.