Jaio aurretik edo jaioberritan haurra galtzen duten familien dolu prozesuan eragin handia izan dezake arreta medikoak. Izan ere, hura igarotzen lagundu dezake, edo zaildu. Osasunbideak langileentzako gida bat sortu du tresna «gehiago» eskaintzeko eta arreta «gizatiarragoa» eta «bateratuagoa» emateko. Orain arte langile bakoitzaren irizpideen eta tresnen esku jarduten zutela azaldu du Maria Araiz Bergarak, Emakumeen, Haurren eta Nerabeen Zainketarako Erizaintza Arloko buruak: «Hitz egiten ez duguna ematen du ez dela existitzen. Gidak familiekin komunikatzeko tresnak ematen dizkie profesionalei. Horrez gain, ikusgaitasuna ematen die».
Zenbait helburu ditu gidak: langileei tresnak eta informazioa eskaintzea; «kalitatezko» arreta «integrala eta gizatiarra» eskaintzea; prozesuan jarduten duten profesionalen arteko koordinazioa sustatzea; langileak sentsibilizatzea; haurdunaldia etetea erabakitzen dutenei akonpainamendua egitea; gestio burokratikoetan laguntzea eta familien eskubideen inguruan informatzea. «Gure pazienteen testuinguru soziala, ekonomikoa, kulturala eta familiarra kontuan hartu, eta arreta horren arabera eskaini behar dugu. Ezin dugu ahaztu pertsonentzat eta pertsonengatik lan egiten dugula», esan du Araizek.
Horrelako galerek eragindako dolua bizi izan duten edo bizi duten familiei babesa eta akonpainamendua eskaintzea du helburu Esku Hutsik elkarteak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan jarduten dute. Maria Gonzalez elkarteko presidentea da, eta Luciaren, Julenen eta Juliaren ama. Lucia 2016an zendu zen, haurdunaldiaren 37. astean. Esti Perez Nafarroako ordezkaritzako kidea da, eta Aimarren eta Ireiren ama. Aimar 2024an zendu zen, haurdunaldiaren 21. astean, eta Irei bere bikiarekin batera jaio zen, 35. astean. Biek uste dute gida sortu izana urrats garrantzitsua dela. «Gida sortzeak esan nahi du maila instituzionalean aitortza egiten diotela dolu perinatalari», adierazi du Gonzalezek.
Paperetik harago, uste dute garrantzitsua dela hori guztia praktikara eramatea. Horretarako, ezinbestekoa ikusten dute langileak trebatzea: «Orain arte asmo ona zegoen. Zoragarriak diren eta prozesuetan dena ematen duten langileak ditugu, baina norberaren esku zegoen, ez zutelako formakuntzarik eta protokolo bateraturik». Hori dela eta, orain arte, langilearen arabera, arreta oso bestelakoa izan zitekeen.
Dolu perinatalari aurre egiteko oroitzapenen kutxa sortu du Osasunbideak. NAFARROAKO GOBERNUA
Protokoloaz gain, Beti gurekin bihotzean izeneko oroitzapen kutxa diseinatu du Osasunbideak. Kutxa zuri bat da, eta barnean eskuorriak eta triptikoak daude. Haurrari lotutako oroigarriak gordetzeko da; hala nola jaiotze ziurtagiria, zilbor pintza, hatz markak, arropa, ile sorta bat edo bakoitzak nahi duena. «Horrelako galera bat min eta estres handiko momentu bat da, eta erabaki asko hartu behar dira. Kaxa familientzako tresna bat izatea nahi dugu, nahi dutenek oroitzapenak gorde ahal izateko eta nahi dutenean ikusteko», aipatu du Araizek.
Kutxaren ideia ez da guztiz berria, urteak baitira horrelakoak prestatzen dituztela. Alabaina, ez zegoenez protokoloaren barruan, langileek eskuz egiten zituzten, eta ez zizkieten familia guztiei ematen. Gonzalezentzat aurrerapausoa den arren, iruditzen zaio «oso korporatiboa», «urria» eta «hutsa» dela: «Aurrekoan ama batek esan zidan arima gabekoa zela». Bat egin du horrekin Perezek: «Oso kutxa hotza iruditzen zait, horren preziatua den zerbait gordetzeko. Ia zapata kutxa baten gisakoa da». Elkarteko kideek pena bat dute: ez dutela haiekin hitz egin kutxa diseinatzeko. Horrez gain, uste dute familien eta langileen artean sortu beharko liratekeela. Adibidez, familiak aztarna gorde nahi badu, osasun arloko langileek egin beharrean, familiak langileen laguntzaz egitea. Gainera, familia bakoitzaren esperientziaren arabera, gorde nahi dituzten gauzen arabera, kutxa handiegia edo txikiegia izan daiteke.
Arreta psikologiko urria
Perezen esperientziak argi islatzen du arreta oso bestelakoa dela osasun langileen arabera. Haurdunaldiko 20. astean, esan zioten Aimarrek malformazio larri bat zuela hodi neuralean: «Jakinda pronostikoa konplexua zela, bi aukera eskaini zizkiguten: aurrera jarraitu edo haurdunaldia eten. Erabaki zail horretan, haurdunaldia etetea erabaki genuen». Nafarroako ospitalean artatu zuten, eta, erabakia hartu bezain pronto, medikuak esan zien kontzientzia eragozpenagatik ez zegoela langilerik haurdunaldia eteteko. Hortaz, Antsoaingo klinika pribatura bidali zituzten. «Ez nuen arreta hurbilik edo enpatikorik sentitu; kontrara, medikua hoztasun handiz gogoratzen dut», kontatu du. Gaineratu du «oso protokolarioa» izan zela, eta horrelako jarrerek ez dutela laguntzen: «Lasai gaude hartutako erabakiarekin. Hala ere, sentitu nuen atea parez pare ixten zidatela ez zutelako bat egiten nire erabakiarekin».
Haurdunaldiak aurrera jarraitu bitartean informazio «gutxi» jaso zutela sentitzen du. Medikuak azaldu zien Aimarren gorputza nola joanen zen aldatzen, baina ez zizkieten erditzearen osteko aukerak azaldu. Hau da, zein aukera eta eskubide zituzten. Erditzea aurreratu zenez, ezin izan zizkioten medikuari nahi beste galdera egin: «Hura agurtzeko eta haren eskutxoa ikusteko tarte bat eduki genuen. Medikuak esan zigun garrantzitsua zela agurtzea. Niri egia esan on egin zidan».
Aimar zendu eta gero, hardunaldia arrisku handiko bilakatu zela esan zioten. Horregatik, hamabost egunetik behin ikusten zuen medikuak. Saio horietan Aimarrek ere lekua zuela sentitzen du, baina arreta psikologikoa «urria» zela. Haurdunaldiarekin beldur asko piztu zitzaizkionez, Andraize zentroko psikologoarenera bideratu zuten. Elkarteko beste kide batzuen esperientzia ona izan den arren, Perezek sentitzen du ez zutela dolua lantzen: «Ekainaren 12an taupadak izateari utzi zion Aimarrek, eta ekainaren amaieran psikologoak esan zidan bere lankide batek irailean ikusiko ninduela. Abandonatua sentitu nintzen». Uste du bere kasua «berezia» dela, haurdunaldiak aurrera jarraitu baitzuen: «Irei bizirik mantentzean jarri zuten arreta, eta doluaz ahaztu ziren».
Esku Hutsik elkarteko kide Esti Perez. IÑIGO URIZ / FOKU
Behin Irei jaio eta gero osasun arloko langileak Aimarrekin ahaztu zirela sentitzen du: «Aldizkako azterketetan ez zen inor Aimarrekin oroitu». Osasunbideko gabeziak ikusita, Maria Casadamon psikologoarena jo zuen. Dolu perinatalean espezializatutako psikologo pribatu bat da, eta Esku Hutsik elkartearekin kolaboratzen du. «Dolua landu dugu, eta nolabait Aimarren gabezia onartzen ikasi dut. Horrez gain, ikasi dut bera ez egon arren beste modu batera dagoela eta harremanetan nagoela harekin», kontatu du. Azpimarratu du, gainera, dolu perinatalean espezializatutako psikologo gutxi daudela, eta pribatura jo ezin dutenak arreta gabe geratzen direla. Horregatik, haren ustez, gida sortzea beste urrats bat den arren, arreta psikologikoari dagokionez «asko» dago egiteko.
Kolektibizatzeko premia
Saretzeko bidean laguntza taldeak «oso onuragarriak» izan daitezkeela sentitzen du Perezek, beste familia batzuk ezagutzeko aukera ematen baitute: «Horrelako albiste bat jasotzen duzunean, uste duzu bakarra zarela, ez baita hitz egiten eta isilarazten den dolu bat baita». Kolektibizatzearen ideiarekin bat egin du Gonzalezek, eta gaineratu du «tabu handia» dagoela: «Laguntza taldeak errespetuan oinarritutako guneak dira. Kalean, behin eta berriz zalantzan jartzen gaituzte, eta berehala gainditzera gonbidatzen gaituzte. Estigma eta kulpa handia dago». Duela gutxi arte, Esku Hitsik elkarteak ez zuen ordezkaritzarik Nafarroan, baina, ikusita berrogei familia daudela, urte hasieran ordezkaritza sortzeaz aparte laguntza taldea sortu dute. «Taldeak familientzako tresna bat dira, eta gero norberak erabakitzen du joan edo ez», esan du Gonzalezek.
Dolu perinatala ikusarazteko bidean, gizartean egiteko «asko» dagoela esan dute. Adibidez, 24. astea baino lehen hiltzen diren haurrak ezin dira erregistro zibilean inskribatu eta ezin da amatasun baimenik eskatu. Nafarroari dagokionez, Nafarroako Ospitalean hilabetean behin laguntza taldea biltzeko toki bat eskatu du elkarteak, eta ukatu egin diete. «Ez da soilik ez dituztela baliabideak jartzen, baizik eta trabak jartzen dizkigutela», salatu du Gonzalezek. Horrelako gauzek bakardadea «areagotzen» eta dolua «zailtzen» dutela diote. Aldi berean, hitz egitea lagungarria dela azpimarratu du Perezek: «Horrelako istorioei lekua egitea kontzientziatzeko bide izan daiteke. Bestela, aipatzen ez bada, ematen du ez dela existitzen».
