Salatu dute Iruñeko Udalak erroldatze soziala ukatzen diela migratzaile etxegabeei, «administrazio auzitegiaren sententziari ez ikusi eginez»

Salatu dute Iruñeko Udalak erroldatze soziala ukatzen diela migratzaile etxegabeei, «administrazio auzitegiaren sententziari ez ikusi eginez»

Abdelwahab Booktxi tunisiarra da. Iazko urriaren 27an Europara heldu zen, pobreziatik ihesi: Malagan izan zen lehenbizi (Espainia), eta Euskal Herrira mugitu zen gero. Azken hilabeteetan, Iruñean bizi izan da, Aranzadiko komentu abandonatuan, beste hainbat etxegaberekin batera. Iritsi berritan, errolda agiria eskatu zuen, baina ukatu egin zioten. Gaur berriro eskatu du: «Ez dakit emanen didaten ala ez. Zain nago». Izan ere, errolda agiria ezinbestekoa da oinarrizko zerbitzu publikoetara jotzeko, osasun etxean artatua izateko edo lan bat eskuratzeko, besteak beste. «Hemen bizi nahi dut. Hemen bizi eta lan egin, baina horretarako, paper hori behar dut», esan du.

Booktxiren eta beste dozenaka etxegaberen egoera salatzeko xedez, Iruñeko Udalak Kondestablearen jauregian duen erroldatze bulegoa hartu du gaur Negu Gorriak plataformak: hogeita hamar bat pertsonaren errolda agiria tramitatzen saiatu dira plataformako kideak, baina ezezkoa jaso dute. «Kanpaina bat abiarazi dugu berrogeita hamar pertsona hauek zenbait erakunderen lokaletan erroldatzeko. Ezezkoa eman digute, baina arrazoirik eman gabe», salatu du Leire Ardanaz Ullatek, Negu Gorriak sarea osatzen duten elkarteen izenean. Ekintzarekin bat egin dute Matalaz, Katakrak eta Bakearen Etxea elkarteek eta CGT eta Steilas sindikatuek.

Abdelwahab Booktxi, errolda agiria eskatzeko ilaran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Leihatilan ziren administrariek argudiatu dute, alde batetik, bizitoki gisa aurkeztutako lokalak ez direla etxebizitzak eta, hortaz, ez dutela bizigarritasun zedularik; eta bestetik, erroldatze sozialaren modalitatea eskatu nahi izanez gero, gizarte zerbitzuen txosten bat aurkeztu behar dela, eskatzaileak hirian bizi direla egiaztatzeko. Hala ere, Ardanazen arabera, administrazioak legez behartuta daude erroldatze soziala egitera: «Udal errolda ez da pribilegio bat, legez onartutako eskubidea baizik. Nafarroako Administrazio Auzitegiak berak legez kanpokotzat jo ditu udal honen blokeo praktikak, baina sententzia horri ezikusi egin diote». Plataformako arduradunen esanetan, Iruñeko Udalak erroldatze soziala ukatu die «bostehun pertsonari baino gehiagori», 2025eko maiatzetik 2026ko urtarrilera bitartean: «Horrez gain, erantzun administratiboa emateko epeak luzatu ditu behin eta berriro, errolda eskubidea era arbitrarioan atzeratzeko».

Bilboko eredua

Negu Gorriak elkarteko kide Julen Ariztegik hartu du hitza gero. Esplikatu duenez, erroldatzea «oinarrizko eskubide sozialen giltza» da: «Medikuarenera joan ahal izateko, alokairu kontratu bat sinatzeko, laguntza sozialak eskatzeko edo lan bat lortzeko, ia denerako eskatzen dute errolda agiria». Pertsona bat udalerri batean bizi dela egiaztatzea, horra errolda agiriaren betekizuna. Etxegabeek, baina, ezin dute helbide zehatzik eman, eta kasu horietarako dago erroldatze soziala: «Iruñeko Udalak berak erabili izan du modalitate hori noizean behin: etxerik gabeko pertsona batzuk auzo unitateetan erroldatu izan dituzte, jakinik ere ez direla hor bizi». NUKF Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak ere tokiko administrazioak premiatu ditu etxegabeak «ofizioz» erroldatzera, eta Negu Gorriak plataformako kidearen arabera, beste udal askotan aplikatzen dute eredu hori. 

Negu Gorriak plataformaren laguntzarekin, erroldatzea galdegin dute dozenaka etxegabek. J. MANTEROLA / FOKU

«Bilboko Udalean agintea du EAJk, eta urteak daramatzate migratzaileak eta etxerik gabekoak udal eraikinetan erroldatzen. Nola da posible Iruñeko Udala, gobernu aurrerakoia izanik, gai ez izatea kosturik ez duen neurri horrekin konprometitzeko?», galdetu du Ariztegik. Horregatik, uste dute erroldatze sozialaren ukatzea «nahita hartutako erabaki politikoa» dela: «Arazoa ez da juridikoa. Arazoa da ez dietela erroldatze soziala aplikatu nahi jatorri zehatz bat duten eta egoera zehatz batean bizi diren pertsona zehatz batzuei. Horrek badu izen bat».

Iragan otsailean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin zuen bi etxegaberi errolda agiria ukatzeko erabakia. Auzitegi horren arabera, ez dago justifikatua udalak erantzuna zenbait hilabetez atzeratu izana, eta isiltasun administratiboa baldin badago, errolda eskaera onartutzat jo beharko litzateke. Horren harira, Negu Gorriak plataformak azaldu du ebazpen horrek ez duela berekin ekarri udalarentzako zigorrik edo kalte ordainik: «Hortaz, udalak ez du motiborik ikusi praktika horiek zuzentzeko». Horregatik guztiagatik, administrazio auzitegiaren ebazpena betetzera premiatu dute udala. Ekintza amaituta, iritsi bezala joan dira etxegabe guztiak: errolda agiririk eta bizitoki egonkorrik gabe. Esku hutsik.

 

erroldatze soziala

Zer da erroldatze soziala? Ezohiko erroldatze eredu bat da, udalerri batean bizita ere etxebizitza duin edo egonkor bat ez dutenei begirakoa.
Nori eragiten dio? Funtsean, etxegabeei, baina baita baldintza prekarioetan bizi diren pertsonei, aterpetxeetan daudenei edo gizarte bazterketa egoeran bizi direnei. 
Zertan datza? Errolda agirian, etxebizitza fisiko baten ordez, erreferentziazko helbide bat jartzen da: izan gizarte zerbitzuen egoitzarena, gobernuz kanpoko erakunde batena, auzo unitate batekoa edo harrera zentro batena, besteak beste.
Zertarako egiten da? Egoera zaurgarrian direnen erroldatze eskubidea bermatzeko eta, hala, oinarrizko gizarte zerbitzuetarako sarbidea ahalbidetzeko. Izan ere, errolda agiria ezinbestekoa da prestazioak jasotzeko, osasun etxean artatua izateko edo haurrak eskolatzeko.
Zeintzuk dira baldintzak? Erroldatze soziala emateko tenorean, gizarte zerbitzuen txosten bat eskatzen dute administrazio askok, eskatzailea udalerrian bizi dela egiaztatzeko. Hala ere, beste zenbait erakundek ofizioz egiten dute tramitazioa. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, adibidez, bide hori lehenesteko galdegin die tokiko administrazioei.