Nafarroako Gobernuak iazko azaroan eman zuen Arroizko biogas planta eraikitzeko baimena, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri diote horri 4.252 pertsonak eta elkartek dagoeneko, Stop Biogas plataformaren ekimenez. Sustrai Erakuntza fundazioak beste horrenbeste egitea erabaki du, biometanizazio proiektuaren aurka egiteko «arrazoi ugari» daudela uste baitu. Horien artean, «ingurumen inpaktu negatiboak» eta «administrazio izapideei buruzko zalantzak» aipatu dituzte.
Erlazionatuta
Tramitazioari dagokionez, Sustrai Erakuntzak azaldu du baimena 2025eko azaroaren 12an eman zela, Nafarroan biometanizazio planten gaineko luzamendu bat onartu eta gutxira. Luzamendua azaroaren 7an onartu zuen foru gobernuak, eta azaroaren 13an sartu zen indarrean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Hain zuzen, plantaren baimena onartu eta hurrengo egunean, nabarmendu dutenez. Fundazio horren ustez, horrek adierazten du «ziur aski, planta presaka baimendu zela, luzamendua hasi aurretik onartuta egon zedin».
Hala ere, 2026ko martxoaren 6ra arte ez zen baimen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu. Egun horretan bertan baimenaren «akats zuzenketa» bat ere plazaratu zuten, Sustrai Erakuntzakoen iritziz, «onarpen azkar horretan sortu diren arazoak saihesteko». Izan ere, ohartarazi dutenez, zuzenketa horiek «nabarmen aldatzen dituzte planta eta bere funtzionamendua».
Arroizko biogas plantari helegitea jarri diote 4.252 pertsonak eta elkartek dagoeneko, Stop Biogas plataformaren ekimenez
Horiek horrela, tramitazioan «lege iruzurra» gertatu dela salatu dute biogas plantaren kontaren kontrakoek, haien ustez, «gizarteak proiektua behar bezala aztertzea, eztabaidatzea eta aurrera eramateko aukera ezartzea eragozten saiatu baitira».
Gardentasun falta
Sustrai Erakuntzak egin duen kritika nagusietako bat da biogas planta baimentzeko espedientearen izapidetze prozesuan zehar ez zitzaiela herritarrei informazio nahikoa eman. Adierazi dutenez, AGR Biogas enpresaren proiektua «ia ezezaguna» izan zen herritarrentzat tramitazioaren zati handi batean, «nahiz eta Arroizko Udalak horren berri izan».
Ildo berean, Nafarroako Gobernuak proiektua «zatika» aurkeztu izana gaitzetsi du Sustrai Erakuntzak. Biogas plantaren aurkakoen hitzetan, «horren zati garrantzitsu batzuk ez ziren jendaurrean aurkeztu eta onartu arte ezin izan dira ezagutu». Besteak beste, biometanizazio prozesutik eratorritako hondakinak kudeatzeko planaren falta sumatu zuten; digestatoen kudeaketa plana, alegia. Haien ustez, «guztiz beharrezkoa» da, proiektuaren ingurumen bateragarritasuna aztertu ahal izateko, nekazaritzarako ongarri bezala erabiltzen diren hondakin horiek kutsadura arazoak eragin ditzaketelako.
Bada, onartu ostean, «akats esanguratsuak» antzeman dituztela ziurtatu dute fundaziokoek. Haien hitzetan, hiriguneetatik edo ur ibilguetatik gertu dauden partzelak agertzen dira, zeinetan praktika hau debekatuta baitagoen; eta laborantzarako erabiltzen ez diren lursailak, gehiegizko maldak dituztenak, lurzati bikoiztuak eta partzela irisgaitzak ere bai.
«Susmopeko izapidetze baten aurrean gaude, zeinaren hasierako baimena azkar eta korrika onartu baitzen, biometanizazio planten luzamenduan eraginik izan ez zezan»
SUSTRAI ERAKUNTZA FUNDAZIOA
Horiek horrela, Sustrai Erakuntzak uste du «akats pilaketa hori» nahikoa izan beharko litzatekeela «plana baliogabetzeko». Izan ere, biogas plantaren kontrakoek egindako kalkuluen arabera, okerreko partzelak kenduz gero, hasieran 2.600 hektarea lur izatetik 1.600 hektarea pasatxo izatera igaro da. Aurreikusitako jarduerarako azalera hori «ez da inolaz ere nahikoa», haien iritziz.
Nekazaritzarako azalera eta bideragarritasuna
Era berean, jakinarazi dute jabetza partikularreko 647 hektarea eta herri jabetzako 1.316 hektarea kendu direla enpresaren planetik, eta horrek «zalantzan» jarriko lukeela egindako digestato plana. Horrez gain, nekazaritzako lurzorurako, biodibertsitaterako eta baliabide hidrikoetarako balizko arriskuez ohartarazi dute, horiek baitira Lizarraldeko ingurunearen funtsezko elementuak.
Eztabaida sortzen duen beste gai bat da instalazioaren funtzionamendurako urtean behar diren 140.000 tona hondakinen jatorriari buruzko zehaztasun falta. Horri buruz, Sustrai Erakuntzak ohartarazi du distantzia luzeko hondakinen garraioak emisio kutsatzaileak areagotu ditzakeela, eta proiektuak ingurumenean izan dezakeen onura zalantzan jarri.
