Haietako askok leherketek suntsitutako etxeen hipotekak ordaintzen jarraitzen dute; beste etxe batzuen errentak ordaindu behar dituzte; suntsitutako etxeak berreraikitzen ari dira; eta ezin dute kalte ordainik jaso, oraindik ez delako argitu zerk eragin zituen leherketak.
Iazko urtarrilaren 13ko leherketek kaltetutako Noaingo (Nafarroa) bizilagunen egoera da. Ezin dute leherketen aurretik zuten bizimodura bueltatu. Behin-behineko egoera luze batean daude. Luis Maia herriko alkateak eta Oscar Sanchez kaltetutako bizilagunen ordezkariak agerraldia egin dute gaur, haien egoeraren berri emateko.
Zabalegiko Kontzejua kaleko 20., 22. eta 24. ezkaratzetako bizilagunak dira oraindik etxetik kanpo daudenak. Lau etxe daude ezkaratz bakoitzean. Leherketak haietan eragin zituen kalterik handienak, eta etxeak konpondu gabe daude.
Bederatzi zauritu, 250 bizilagun etxetik kanpo
Iazko urtarrilaren 13ko arratsaldean bi gas leherketa izan ziren Zabalegiko Kontzejua kaleko etxeetan. Bederatzi pertsona zauritu ziren, eta horietako bik zauri larriak izan zituzten: 22 urteko mutil batek eta 13 urteko neska batek. Leherketek zenbait etxe suntsitu zituzten, eta 250 bizilagunek etxetik atera behar izan zuten. Okerragoa izan zitekeen: 15:30ak aldera lehen leherketa izan eta gero, bizilagunak etxetik aterarazi zituzten, baina gero etxera sartzen utzi zieten, gaua etxetik kanpo pasatuko zutenez arropa eta premiazko gauzak jasotzera. Etxeetan zeudela, ordea, 18:00etan, bigarren leherketa izan zen, lehena baino handiagoa. «Gerra eremu bat» zirudiela esan zuten lekukoek.
«Oso suminduta eta atsekabetuta gaude, ez baitago aurrerapenik. Nafarroako Gobernuak ez du dagokion erantzukizuna hartu»
OSCAR SANCHEZ Kaltetutako bizilagunen ordezkaria
«Familien egoera prekarioa eta eutsiezina izaten hasi da», ohartarazi du gaur Maiak. Behin betiko konponbidea uste eta nahi baino gehiago luzatzen ari da. Eutsiezina, bi etxe ordaintzen dituztelako hilero: suntsitutakoen hipoteka eta bizi diren etxeen errenta. Kasu batzuetan errenta 1.100 eta 1.400 eurokoa da. «Oso suminduta eta atsekabetuta gaude, ez baitago aurrerapenik», esan du, abailduta, Sanchezek. «Eta aurrerapen apurrak gu babesten ari den erakundeak egin ditu, udalak», txalotu du udalaren jokabidea.
Erantzulerik ez oraindik
Gainera, ez dute aseguru pertsonalen kalte ordainik jaso. Etxejabeen elkartearen eta etxeen administratzailearen aseguruenak bai. Ikerketa judiziala abiatu zuten leherketaren arrazoia argitzeko —Foruzaingoa eta Guardia Zibila ari dira ikerketaz arduratzen—, baina oraindik ez dute amaitu eta behin betiko ondoriorik atera. Beraz, oraingoz ez dago leherketen erantzulerik, eta hori kalte ordainak atzeratzen ari da, alkateak zehaztu duenez: «Familiak etengabeko ziurgabetasunean bizi dira, hutsune horren eraginez».
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak uste du gobernuak ez duela ardurarik bizilagunei eman beharreko laguntzetan: «Gobernuak larrialdiari, premiari aurre egin zion gertatu zenean». Txibiterentzat aseguru etxeen eta Noaingo Udalaren erantzukizuna da orain bizilagunen premiei erantzutea. Alde batetik, aseguru etxeena, bizilagunei kalte ordainak emateko. Txibitek salatu du aseguru etxeek ez dutela dagokien erantzukizuna hartu. Bestetik, Noaingo Udalarena, laguntza gehiago emateko, beste udal batzuek larrialdi egoeretan egin duten moduan: «Eraikinak berritzeko edo larrialdi sozialetarako laguntzak izan daitezke. Udalak gaitasuna du bere bizilagunei laguntzeko».
Erakundeen arteko ika-mika
Noaingo Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren artean ika-mika izan da laguntzei buruz. Aurtengo urtarrilean, leherketen urteurrenean, Maiak agerraldia egin zuen. Salatu zuen leherketaren ondoren Txibitek laguntzak agindu zituela familia kaltetuentzat, baina ez zirela iritsi. Txibitek gaur erantzun dio esanez Nafarroako Gobernuak ez zuela agindu laguntza zuzenak emango zituela.
Sanchezek, kaltetutako bizilagunen izenean, kargu hartu dio Txibiteri. Baieztatu du Nafarroako Gobernuak kaltetuentzako laguntzak agindu zituela leherketen egunean. «Baina ez du dagokion erantzukizuna hartu», egotzi dio gobernuari.
«Gobernuak larrialdiari, premiari aurre egin zion gertatu zenean»
MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko presidentea
Maia Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bildu zen eta kaltetuentzako laguntza zuzenak eskatu zizkion. Alkateak gaur jakinarazi duenez, atzo jaso zuen Javier Remirez Nafarroako presidenteordearen erantzuna: Nafarroako Gobernuak kasu honetan zerbait egiteko duen aukera «nahiko mugatua» dela. Udalak gobernuari baimena eskatuko dio zortzi familia kaltetuenentzako laguntzak onartzeko. Aurrekontu maileguaren aldaketa bat egin nahi dute, eta horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena behar dute, Maiak azaldu duenez.
Urte eta erdi gehiago
Suntsitutako etxeak berreraikitzeko prozesua luzea izaten ari da. Denbora behar izan zuten obrak egiteko baimenak lortzeko, eta gaur egun baimen guztiak badituzte ere, etxe batzuetan konponketa handiak egin behar dituzte. Oscar Sanchezek aurreratu du B, C eta D eraikinetako lanak ekainean edo uztailean bukatzea espero dutela. Hala ere zuhurrak dira, orain arte hilabeteetako atzerapenak pilatu baitituzte.
A eraikina izan zen kaltetuena. Zortzi familia bizi ziren bertan. A eraikineko berreraikitze lanak gehiago luzatuko dira. Urte eta erdi inguru iraun dezakete. Hondakinak ateratzen ari dira oraindik.
