Aranzadiko agustindarren komentu zaharra hustu eta han bizi ziren migratzaileak kanporatu egin ditu Iruñeko Udalak. Udaltzaingoa 06:30ean hasi da eraikin abandonatua husten, udalak ingurumarietan egin nahi dituen berrurbanizatze lanei ekin ahal izateko, eta bertan bizi ziren dozenaka pertsonak beste aterpe eta behin-behineko bizitoki batzuetara eramateko lanean dira orain.
Iruñeko Udalak emaniko datuen arabera, 75 pertsona bizi ziren komentuan egunotan, eta horietatik 51ri ostatu eman diete jada hiriburuko aterpetxe eta hoteletan. Gainerakoei dagokionez, honakoa esan dute udal arduradunek: etxegabeetako batzuk Iruñerriko beste udalerri batzuetan erroldatuta daudela eta hara bidali dituztela laguntza jasotzera; beste batzuek laguntza publikoak jasotzen dituztela eta, hortaz, alokairu sozialeko alternatiba bat eskaini dietela; zortzi pertsonak nahiago izan dutela senide edo ezagun baten etxean gelditu; eta beste bost pertsonak uko egin diotela ezein laguntza jasotzeari.
Adinekoentzako zentro bat
Etxegabeen esku jarritako baliabideen berri eman dute Hiri Bizigarri eta Etxebizitza alorreko zinegotzi Joxe Abaurreak (EH Bildu) eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Txema Mauleonek (Zurekin Nafarroa), gaur goizean egin duten agerraldian. Esplikatu dutenez, udala aspalditik ari zen Agustindarren komentua zaharberritu nahian: «2011. urteaz geroztik abandonatua zegoen eraikina, erabilerarik gabe, eta kalteak agerikoak ziren: ez ditu betetzen gutxieneko higiene eta segurtasun baldintzak. Ezinbestekoa zen tokia zaharberritzea, dagoeneko bi istripu larri gertatu direlako bertan, eta teknikariek esana ziguten, eraikina berehala berritu ezean, eraitsi beharko genuela», azaldu du Abaurreak.
Zinegotziaren arabera, lizitazioa eta esleipena iazko uztailean egin zituen udalak, eta orain dira hastekoak obrak: «Adinekoentzako egoitza bat eta tutoretzapeko apartamentuak eraikiko ditugu bertan, eta horrez gain, errehabilitaziorako klinika bat. Hortaz, proiektuak izaera soziala izanen du erabat». Proiektua gauzatu ahal izateko, 7,5 milioi euroren inbertsioa iragarri du Iruñeko Udalak, baina Abaurreak zehaztu du, lan guztiak aintzat hartuta, inbertsioa «hamar milioi ingurukoa» izanen dela. Izan ere, komentuaren aldamenean dagoen lursail bat ere birgaitu nahi dute, bertan gizarteratze programetarako baratzeak egiteko.
Aranzadin bizi ziren migratzaileei dagokionez, Mauleonek esan du udalak ez diola errealitate horri bizkarra eman: «Ez da izan egun batetik bestera prestatu dugun zerbait. Azken asteetan aritu gara espazioak eta baliabideak egokitzen, etxegabeei behin-behineko aterpea eta arta emateko. Udaltzainek hustearen berri eman diete han zirenei, lagundu diete beren gauza guztiak biltzen eta jantoki sozialeraino lagundu dituzte, han zentralizatu baitugu dispositibo osoa». Abaurreak gaineratu du udal jantokian otordu bat eskaini dietela Aranzaditik kanporatutako guztiei, eta bizitoki alternatibak aztertu dituztela kasuan-kasuan: «Esku-hartzea egokia ez, eskisitoa izan da», esan du.
Eta gero, zer?
Iruñeko Udalaren protokoloaren arabera, etxerik ez dutenek hiru egun ematen ahal dituzte gehienez ere udal aterpetxeetan. Hortik aurrera, kale gorrian geratzen dira horietako asko. Arazoa «egiturazkoa» dela eta «udalaren baliabideak eta gaitasunak» gainditzen dituela uste du Mauleonek: «Oro har, baliabideak falta dira errealitate lazgarri honi aurre egiteko. Ezinbestekoa da administrazio guztien arteko lankidetza: Nafarroako Gobernuarena, Espainiako Gobernuarena eta udal guztiona. Oso onuragarria izanen litzateke, esate baterako, atzerritarren legea baliogabetzea eta etortzen direnei aukera ematea beren egoera erregularizatzeko, besteak beste, lan bat lor dezaten».
Iragan astean, udalak atzera bota zuen hogeita hamar bat migratzaileren erroldatze eskaera. Horretaz galdetuta, Mauleonek esan du «Iruñeak ez diola inori errolda ukatzen», horretarako eskubidea baldin badu: «Erroldatze soziala eskatzeko, baldintza bakarra da udalerrian hiru hilabetez bizitzea, eta behin hori beteta, aukera ematen dugu auzo unitateetan erroldatzeko, eskatzaileak ez badu bizitoki propiorik. Kasu honetan, prozedura ez zen egokia izan, baina lanean ari gara informazioa ahalik eta hobekien emateko. Gida bat prestatzen ari gara hainbat hizkuntzatan, eskatzaile guztiek argi izan ditzaten jarraibideak».
Eragileen erantzuna
Elkarri Laguntza elkarteak kritika gogorra egin dio udal gobernuari, iritzita pobreziaren eta etxegabeen auzian politika «krudelak» aplikatzen dituela. Talde horrek salatu duenez, dozenaka pertsona kanporatu dituzte Aranzadiko komentu zaharretik, kalean euria ari zuela eta tenperatura 6 gradukoa zela: «Muturreko zaurgarritasun egoeran dira pertsona horiek, oinarrizkoena ere ez dute, errolda edo paperak lortzeko prozesuetan murgilduta daude gehienak. Eta udalak kale gorrian utzi ditu aurretik abisurik eman gabe eta alternatibarik eskaini gabe».
Udalaren jokabidea txarretsi du Negu Gorriak plataformak ere: «Aranzadin bizi zirenetako batzuek konfirmatu digute eskaini dieten alternatiba bakarra izan dela autobus billete bat, Iruñetik alde egin zezaten. Gainera, ustezko bizitoki alternatiba horiek erabili ahal izateko, pasaporteen inkautazioa exijitu diete gizarte zerbitzuek. Erregularizazio prozesua hasteko aste gutxiren faltan, neurri hori absurdua izateaz gain, krudela da erabat».
Plataformak salatu duenez, gainera, etxegabeetako batzuek beren burua zauritu dute protesta gisara, eta udaltzainek zenbait pertsona atxilotu dituzte. Alta, udal arduradunek adierazi dute oraingoz ez duela gertakari horien berririk. Negu Gorriak-en arabera, udalaren jokabidea «PPk Badalonan (Herrialde Katalanak) eta EAJk Donostian eta Bilbon» izandako bera da. «Gidoia berdin-berdina da: seinalatze mediatikoa, migratzaileen bizilekuak kriminalitatearekin lotuz; gero eta ugariagoak eta bortitzagoak diren esku-hartze polizialak; eta azkenik, etxegabetzea, babes neurri gisa aurkeztua».
Hain zuzen, Negu Gorriak plataformak protestara deitu du Aranzadiko komentuaren hustea salatzeko. Elkarretaratzea eginen dute gaur, 19:00etan, Iruñeko Udaletxearen parean; eta horrez gain, iragarri dute manifestazio bat ere antolatzen ari direla hurrengo larunbaterako.
