Mintzodromoaren bosgarren aldiaren berri ematen duten kartelak ikus daitezke Zubiarte euskaltegiko paretetan, Uharten. Apirilaren 22an eginen dute, Iruñeko Baluarten. Zubiarte euskaltegia da antolatzaile lanetan ari diren erakundeetako bat, eta Ainhoa Madariaga da zentro horretako zuzendaria (Iruñea, 1978). Euskaltegiek elkarlanean aritu behar dutela azpimarratu du, eta jendea Mintzodromoan parte hartzera deitu.
Ezagutzen ez duenarentzat, zer da Mintzodromoa?
Nafarroan euskalgintzan aritzen garenon artean antolatzen dugun ekitaldi handi bat da, helburu duena euskaraz hitz egitea. Zubiarte eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala gaude tartean, eta, gurekin batera, IKA eta AEK euskaltegiak eta Taupa mugimendua. Gainera, azken bi urteotan, Euskarabidea sartu da, batez ere kudeaketan laguntzeko. Helburua hitz egitea denez, hiru gai orokor proposatu eta jendea taldeka banatzen dugu, elkarrekin hitz egin dezaten. Lauko taldeak osatzen ditugu, eta hogei minutuan behin txandakatzen ditugu, denek denekin hitz egin dezaten. Ikasleen artean, askok ez dute euskaraz aritzeko aukerarik euskaltegitik kanpo, eta Mintzodromoak aukera hori eman nahi die. Baluarten eginen dugu, eta polita izanen da halako toki bat betetzea.
Inportantea da euskara Baluarteren gisako toki batera eramatea?
Bai, euskara hiriaren erdigunera eraman nahi genuen. Geltoki zaharrean egin izan dugu, eta badu bere xarma. Baina Baluarte, nolabait, toki instituzionalago bat ere bada, eta polita da han egotea, kulturaren esparruko zentro handi batean. Jendea, gainera, gustura egoten da han: gure ikasleek horixe nabarmentzen dute.
Euskaltegietako ikasleekin batera, halere, edozeinek parte har dezake, ezta?
Bai, nahi duen orok eman dezake izena. Gutxienez B1 maila eskatzen dugu, jarioa izateko. Asmoa da talde bakoitzeko kide guztiek hitz egitea, denbora denen artean banatzea, eta horretarako gutxieneko gaitasun bat behar duzu.
«Baluarte, nolabait, toki instituzionalago bat ere bada, eta polita da han egotea, kulturaren arloko zentro handi batean»
Maila ezberdina duten herritarrak elkartzea ere bada zuen asmoa?
Bai, hori oso polita da. Gehiago dakienak enpatia du gutxiago dakienarekin, eta gutxiago dakienarentzat, B1ean direnentzat, adibidez, ona da euskara txukunagoa entzutea, horrela ere ikasten baita. Esperientzia polita izaten da parte hartzen dutenentzat. Guk ematen ditugun gaiak, finean, aitzakia bat dira. Nork bere esperientziaz hitz egiten du, eta jendeak elkar ezagutzen du. Parte hartzaileen adina ere askotarikoa da, eta polita da gazteak eta zaharrak elkarrekin aritzea. Errealitate anitz daude, baina euskarak batzen gaitu; hor gaude euskaraz aritu nahi dugulako.
Komunitatea indartzeko ere balio du Mintzodromoak?
Bai, eta hori oso beharrezkoa da. Datuek diote gero eta jende gehiagok dakiela euskaraz, baina erabilerak ez du modu berean gora egin. Erabilera erdigunera eraman behar dugu, eta hitz egiteko eremuak sortu. Eragile guztiok egin behar dugu ahalegin hori, euskara kalera eramateko bideak bilatu.
Mintzodromoak balio du egun horretarako ez ezik luzaroagorako ere euskaldunen arteko sareak sortzeko?
Bai, hori da asmoa. Taupa mugimenduak Mintzakide proiektua du, adibidez; gure ikasle asko aritzen dira hor, bakoitza bere auzoan. Taldeak osatzea eta hitz egitea da kontua. Euskaltegian ere sortzen dira taldeak, eta gustura aritzen dira; hemendik kanpo ere elkartzen dira euskaraz hitz egiteko. Harreman sendoak sortzen dira.
Oraindik kosta egiten da lehen hitza euskaraz egitea?
Hor dago koska, eta niri ere gertatzen zait, kosta egiten zait askotan lehen hitz hori euskaraz egitea. Askotan uste dugu aurrean dugun horrek ez duela euskaraz jakinen eta zuzenean jotzen dugu gaztelaniara, aurrean dugun hori atzerritarra dela uste dugulako, adibidez. Noski, atzerritarra izanda ere izan daiteke euskalduna, guk ere baditugu kanpotik etorri diren ikasleak. Baina ez gara ausartzen lehen hitza euskaraz egitera. Halere, nik 47 urte ditut, eta txikitan baino askoz ere euskara gehiago entzuten dut orain Iruñerrian.
«Gustura gaude hemen, baina ageriago ere egon nahiko genuke. Jende askok ez gaitu ezagutzen»
Hainbat elkarte ari zarete Mintzodromoa prestatzen. Inportantea da elkarlan hori?
Bai, oso inportantea. Euskal komunitateak bat egin behar du. Helburua da jendeak euskara ikas dezala. Eskuin muturraren mehatxua larria da: inportantea da bat egitea eta komunitate sendo bat osatzea.
Komunitate horren parte da Zubiarte. Noiz heldu zinen zu euskaltegira?
2021ean, eta 2022tik ari naiz zuzendari. 24 lankide gara, eta 1.300 ikasle baino gehiago ditugu, 77 taldetan banatuak. Oso malguak gara, eta hori indargune bat da.
Euskaltegia tokiz mugitzeko asmoa dago, Uharteko Udalak kultur etxea egin nahi baitu eraikina dagoen tokian. Noizko?
Badakigu gutxienez datozen bi ikasturteetan hemen segituko dugula. Gustura gaude hemen, baina ageriago ere egon nahiko genuke. Jende askok ez gaitu ezagutzen.
