Kultura lurraldera hurbiltzeko beste modu batzuk lantzen ditu Pajaros Pintados antzerki konpainiak, eta Albura, sormen zukua proiektua horren adibide da: Olaiaren lorategia antzezlana oinarri hartuta, belaunaldiarteko doako tailerrak antolatu dituzte Nafarroako landa eremuko hainbat herritan. Dolua izanen dute hizpide, eta memoria indibiduala eta kolektiboa landuko dituzte. Victoria Alvarez Musetti da konpainiaren sortzailea, eta hark azaldu du 2022tik —konpainia sortu zutenetik— antzezlanak sortzeaz gain antzezlanei loturiko jarduerak ere antolatu dituztela: «Albura orain arte egiten aritu garenari forma emateko modu bat da». Innova programaren laguntzari esker garatu dute proiektua.
Konpainiaren helburuetako bat da antzerkia oholtzaz bestelako eremuetara eramatea. Hau da, obra bat taularatu aurretik eta ondoren sortzen diren mugimenduei eta esperientziei ere leku egin nahi diete. Horretarako, bitartekaritzan oinarritu dira: «Artearen eta pertsonen arteko hurbilketa bat da. Hurbilketa horretan gertatzen den guztia bitartekaritza da». Aurtengo aldia «sinpleagoa» izanen dela dio Alvarezek, baina urtetik urtera «konplexuagoa» izatea nahi dute: «Oso zabala da bitartekaritzarekin egin daitekeena. Aurten bezala, ikastaroak egin daitezke, edota lurralde jakin bateko jendea antzezlanaren sorkuntzan inplikatzeko gauzak egin. Adibidez, pertsona horiei galeren inguruko elkarrizketak eginez, eta esperientzia horiek antzezlana sortzeko baliatuz»”.
Horretarako, doluan espezializatutako Goizargi elkartearekin Lau urtaroak, bizitzaren zikloa izeneko ikastaroa, Olaiaren lorategia antzezlanaren emanaldia, eta solasaldia antolatu dituzte. «Batetik, aurretik egiten dugun ikastaroak modua ematen du obrarekin lotura bat sortzeko. Bestetik, ondorengo solasaldiak oso interesgarriak dira elkarren esperientzien berri izateko. Uste dugu aberasgarriagoa dela aurretik lanketa bat egitea, eta ikustea zer bide egin duen antzezlanak», esan du.
«Aberasgarriagoa da aurretik lanketa bat egitea, eta ikustea zer bide egin duen antzezlanak»
VICTORIA ALVAREZ MUSETTI Pajaros Pintados konpainiaren sortzailea
Altsasun egin dute lehenengo saiakera, apirilaren 13tik 15era, eta Irurtzunen ere izan dira. Horrez gain, beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa dute; hala nola Azagran eta Los Arcosen izanen dira maiatzean. «Horrelako jarduerak egiteko aukera gutxiago izaten dituzte landa eremuan, eta jasotzen dituzten proposamenak garatzeko gogoz izaten dira», kontatu du.
Dolua ardatz
Lorategiaren metaforaren bidez, antzezlanean omenaldia egiten diete bizitzaren parte izan diren pertsonei, lekuei eta esperientziei. Horrekin batera, doluaz, galerez eta agurtzeko moduez hausnartzeko gonbita egiten diote ikusleari. Doluaren gaia maiz agertzen da konpainiaren ibilbidean, eta Alvarezek nabarmendu du batzuetan kosta egiten dela jendea doluaz mintzatzea, baina gerora jendeak, oro har, eskertu egiten duela, eta haurrek bereziki: «Hasieran, doluaren inguruko proiektu bat egin nahi duzula esaten duzuenean, nolabaiteko errefusa sortzen da. Aldi berean, doluaz mintzatzeak duen garrantziari buruzko kontzientzia handitu da». Urtero gai bat lantzea da helburua.
Sinbolikoki landu nahi dute dolua, eta ez dute nahi mingarria izatea. Gainera, Alvarezek uste du ikastaroaren formatuak aukera ematen duela norberak erabakitzeko zenbat sartu nahi duen gaian. Goizargi elkartearen laguntza ere nabarmendu du: «Oso interesgarria iruditzen zitzaigun jakitea testuinguruaren arabera nola landu gaia. Jende askok ez daki doluan adituak dauden profesionalak badirela, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun halakoak ezagutaraztea».
Horrelako proiektuak aberatsak direla azpimarratu du Alvarezek. Izan ere, uste du oso mesedegarriak izan daitezkeela, eta gisako proiektu «gutxi» daudela Nafarroan, are gutxiago landa eremuan: «Komunitatearen barruan loturak egiteko, herriko istorioak ezagutzeko, bizilagunak beste leku batetik ezagutzeko eta tokian tokiko adierazpen kulturarekin konektatzeko proiektuak falta dira».
