Nafarroako zenbait kolektibok jopuntuan jarri dute lurraldeko AHTaren Aldeko Plataforma. Prentsaurreko bateratu bat egin dute gaur goizean, eta salatu dute plataforma horrek «eliteko enpresen interesak» ordezkatzen dituela, eta «presio lobby» gisa jarduten duela bai Nafarroako Gobernuan, bai Espainiakoan. Manifestu bat ere ondu dute, eta horri atxikitzeko deia egin diete lurraldeko gainontzeko kolektiboei eta herritarrei. Elkarretaratze bat egingo dute ekainaren 13an, Iruñeko Burgoen plazan, eta hor aurkeztuko dute manifestua.
Iaz sortu zuten Nafarroako AHTaren Aldeko Plataforma, eta manifestuaren egileen arabera, horren eginkizun nagusia da «makroazpiegitura horren lanak azkartzea». AHTaren aurkako kolektiboek nabarmendu dute plataformak haren «onura ekonomikoa, sare klientelarrak eta bizitzaren garestitzea» lehenesten dituela, eta gogoratu dute azpiegitura horren eraikuntzan hamahiru langile hil direla Euskal Herrian. «Ez dirudi AHTaren eraikuntzaren muturreko lan esplotazioa axola dienik», gehitu dute.
Plataformak Nafarroako Gobernuarekin daukan lotura ere azpimarratu dute prentsa oharrean. Jakinarazi dutenez, lan batzorde bat osatu dute, «trenbide azpiegiturak bultzatzeko helburuz», Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin, Garraio Ministerioarekin eta gobernu zentraleko Atlantikoko Korridorerako Ordezkariarekin batera. Finean, manifestuaren antolatzaileek iritzi diote jokaera horren helburua eraikuntza «gizarte mailan legitimatzea» dela.
Hala, plataforma horren eta AHTaren aurka egiteko deia egin diete herritarrei eta Nafarroako erakunde eta kolektibo politiko, sozial, sindikal, kirol eta kulturalei, beren gaitzespena adieraz dezaten. Hala, ondutako manifestuari atxikitzeko eskatu diete, baita manifestu hori aurkezteko ekainean egitekoak diren elkarretaratzean parte har dezatela ere.
