Nahita egina ematen du. Ideia apenas kizkurtu beharrik gabe, kasik berez dator esaldi jostalaria ezpainetara: BERRIAk aldi berri bati ekin dio Iruñean, Alde Zaharreko Kale Berrian, ordezkaritza lantoki berri batera mugituta. Nahita egina ematen du, baina kasualitatea da. Izenen arteko bat egitea bai behintzat. Eta, izatekotan, hori bai, kasualitate polita da, batez ere, halako irribarre bihurri bat pizteko gai diren horietakoa, bai kointzidentzia azpimarratzen duenarengan, bai hori aditu eta aurrenekoz erreparatzen dionarengan ere. «Marketinekoei gauzak erraztu dizkie, edo, bestela, agian kontua da aldez aurretik idatzita zegoela hau guztia», nabarmendu du, umoretsu, Iruñeko ordezkaritzako buru Joxerra Senar kazetariak. Inaugurazio ekitaldian esan ditu hitzok, parean BERRIAko hainbat lankide eta beste dozenaka euskaltzale zituela. Ostegun arratsean, komunitatean ospatu dute aldi berria guztiek, eta komunitatean agurtu, kariñoz, hain luzaroan egunkariaren etxe izandako Donibane auzoa. Ez baitira alferrik joan 36 urte Irrintzi Dorrean.
«Non gauden bezain garrantzitsua da nondik gatozen», egin du azpimarra Senarrek, oroitzak freskatu ahala. Aitorpenen bat ere egin du tartean; esaterako, kontatu du hari tokatu zitzaiola bulego zaharreko atea azkenekoz ixtea, dagoeneko huts-hutsik zelarik, eta orduan halako «zirrara» batek hartu zuela, atzean uzten ari ziren une onak bai, baina gaziak ere gogora etorri zitzaizkionean.
Euskaldunon Egunkaria martxan jarri zutenean, Irrintzi Dorrean ireki zuten bulegoa Iruñean. 2003an hura bortxaz itxi ondoan, Egunero argitaratzeko ere bertan egin zuten lan kazetariek, eta bertan izan dira, orain arte, BERRIA sortutakoan ere. «Euskal komunitatearentzat itsasargi moduko bat izan da Irrintzi Dorrea Iruñerrian», azaldu du Senarrek. Euskalerria Irratia ere aipatu du orduan, preseski, egunkariaren bizilagun izan baita urte hauetan guztietan.
Jendeak arretaz aditu du Senarren hitzaldia; begiradak erne guzti-guztiek, eta irribarre konplizeek ere egin diete ihes bati baino gehiagori. Izan ere, atzera begiratzeak berez daukan karga emozionala alde batean dela, aldaketa ospatu nahia eta poza nabarmendu dira gehien airean.
Bihotzetik hurbilago
Senarren ondotik, BERRIAko zuzendari Amagoia Mujikak hartu du hitza inaugurazio ekitaldian. Hark ere egin dio aitortza aurrez ibilitako bideari, baina zera nabarmendu du: hiriaren erdigunean egoteak egunkariari eginen dion onura. «Plaza nagusira gatoz, eta hori oso inportantea da guretzat». Mujikaren esanetan, Alde Zaharrean izateak biziki lagunduko du, batetik, egunkariaren lana ikusarazten, eta, bestetik, jende gehiagorengana hurbiltzen. «Ez ginateke honetarako kapaz izango guk geure artean harremanik izango ez bagenu. Abiapuntu honekin, beste bide bat dugu hau, bai, baina betikoa egiteko: kazetaritza. Hurbileko kazetaritza, kazetaritza anbiziotsua, eta kazetaritza fidagarria».
«Abiapuntu honekin, beste bide bat dugu hau, bai, baina betikoa egiteko: kazetaritza. Hurbileko kazetaritza, kazetaritza anbiziotsua, eta kazetaritza fidagarria»
AMAGOIA MUJIKA BERRIAko zuzendaria
Kalean atondutako merienda baten bueltan ospatu dute aldaketa guztiek, segidan, baina musikari ere egin diote tokia aurrez. Ihitz Iriartek, Oier Zuñigak, Amets Arangurenek eta Julen Goldarazenak bi jota kantatu dituzte erredakzioaren atarian. Gozatua ezin ezkutatuz izan dituzte gainerakoak inguruan, doinuaren erritmoan kulunkan, eta txalokadak indarrez egin du eztanda azken bertsoetan: «Mila errekak berritu dute/ emari gazte eta bizia/ gora Iruñeko euskaldunak!/ Gora Hiri buruzagia!».
