Genozidioaren biktimak gogoratzeko toki bat izanen da, baina baita elkartasuna adieraztekoa ere. Israelgo armadaren eta kolonoen eskuetan hil direnei gorazarre eginen dien oroitarria, eta Palestinako erresistentziaren aldeko aldarrikapena. Iragana oroitzeko txoko bat, egungo errealitateari bizkarra eman gabe. Yala Nafarroa elkarteak Palestinaren aldeko memorial iraunkor bat jarriko du Iruñean. Gaur aurkeztu dute proiektua, Katakrak liburu dendan egin duten agerraldian.
«Memorial bat aipatzean, tristura zertzelada bat datorkigu gogora, iraganari begira baitago, egoera historiko jakin baten biktimei. Palestina, ordea, ez da historia, bertan ehunka milaka biktima izan badira ere; ez da iragana, prozesu irekia baizik. Bizirik dagoen herri bat da, duintasunaren, erresilientziaren eta erresistentziaren ikur», azaldu du elkarteko kide den Josu Gulinak, aurkezpenean.
Horregatik, Iruñean paratu nahi duten monumentua «memorial soila baino gehiago» izanen dela uste dute: «Gustatuko litzaiguke instalazio hau izatea herri palestinarraren borrokaren erreferente». Kutsu «positiboa» eman nahi diote egitasmoari, «herritarren babes eta elkartasun oihu etengabea» izan dadin. Helburu horrekin idatzi dute oroigarrian zizelkatuko duten mezua: «Palestina bizirik dago, Palestinak borrokan jarraitzen du, Palestina askatasuna».
Josu Radaren eskultura
Proiektuak hiru ardatz ditu: Yala Nafarroak sustatu du proiektua, eta elkartea bera arduratuko da altzairuzko eskultura instalatzeaz; Iruñeko Udalak, aldiz, espazio publikoa utziko du; eta finantzaketari dagokionez, azkenik, sustatzaileek crowdfunding edo diru bilketa kanpaina bat jarriko dute martxan, proiektua herritarren diru ekarpenen bidez ordaintzeko xedez.
Josu Rada artista iruindarrak diseinatu du memorialerako eskultura. Palestinako mapa bat irudikatu du eta haren barruan, paperezko panpinak balira bezala, zenbait pertsona, eskutik helduta: «Josu Radak ezin hobeki ulertu du proiektuaren espiritua, eta eskulturak era ezin ederragoan islatuko ditu Palestinako herriaren erresilientzia eta borroka», esplikatu du Gulinak.
Elkarteak zenbait hilabete daramatza egitasmoa lantzen, eta behin ideia zehaztuta, Iruñeko Udalari proposatu zioten: «Begi onez hartu dute». Udalak espazio publiko bat utziko die memoriala paratzeko. Hala ere, oraingoz ez dute tokia zehaztu: «Badira zenbait proposamen, baina aukeran, guk Antoniutti parkea hautatuko genuke», aitortu dute Yala Nafarroako arduradunek. Edonola ere, hori udalak erabakiko du datozen hilabeteetan.
Gulinak uste du proiektu honi esker «hezurmamitu» eginen dela «Iruñeko eta Nafarroako herriak Palestinarekin duen elkartasuna», eta behin bukatuta, hiriko ondare publikoaren parte izanen dela betirako: «Uste dugu gisa honetako lehen instalazioa izanen dela Europan». Elkarteak diru bilketa kanpaina bat abiatuko du bere webgunean, proiektua finantzatzeko.
