Ondarearen zaindariak

Ondarearen zaindariak

Harria, zura eta ura. Oinarrizko hiru elementu horiek oso presente daude oraindik orain Burgin (Nafarroa). Harriz eraiki dira herriko etxeak eta zubia, eta Ezka ibaiak zizelkaturiko harri borobilez beterik dira haren bi ertzak. Inguruko oihanetako zuhaitzen enborra garai bateko ogibide zen Erronkariko herritarrentzat, eta hori dena almadiatan garraiatzeko biderik zuzenena zen ibaia bera. Iraganerako leiho horrek irekirik jarraitzen du Burgin, eta 34. aldiz, Almadiaren eguna ospatu dute gaur. Ondare horren zaindari dira.

«Gure aurrekoak gogoratzeko eguna da gaurkoa. Niri aitatxik irakatsi zidan ogibide hau», azaldu du Pio Sarriesek. Antzina, enborrak moztu, zuritu eta prestatzen, berriz, hilabeteak ematen zituzten basoan. «Udaberrian, ur emaria handitzen zenean jaisten zuten egurra ibaian behera», zehaztu du. Estitxu Otaegik gogora ekarri duenez, helburua zen egurra ahalik eta azkarren saltzea, «zenbat eta lehenago, gero eta hobe». Ez bazuten saltzen «Zaragozaraino» heltzen ziren. 

«Gure helburua da lehengo emakumeek egiten zuten lana ere bistaratzea»

ESTITXU OTAEGILatsaria

Bizimodu latz hura ez zen soilik gizonena, baita emakumeena ere. Latsariaren lana antzeztu du ibai ertzean, beste hainbat emakume eta neskekin batera. «Gizonek hilabete asko egiten zituzten etxetik kanpo, eta emakumeek lan asko zuten etxean. Negua bakarrik pasatzen zuten, umeak zaintzen, arropa errekan garbitzen hotz askorekin…  Gure helburua da lehengo emakumeek egiten zuten lana ere bistaratzea», azaldu du Otaegik. «Beraientzat almadiak festa bat ziren, hilabeteetan ikusi gabeko senarrak ikusten zituztelako eta ezkongabeek baten bati so egin ziezaioketelako», dio barrez.

[galleries:vertical:151]

Gaur ere festa bat da Almadiaren eguna. Jendetza pilatu da zubian eta bi ibaiertzetan. Aurten hiru almadia jaitsiko dira, eta horietako bat lehen aldiz ez da Erronkarin egin, lanbide heziketako Donibane zentroan eraiki baitute.

Erne, baina emozioz

Bigarren almadian jaitsi da Mario Palla, Puyarruego herrikoa (Huesca, Espainia). 14 urte zituenetik igo da almadiatan, Sobrarbe bailaran, baina aurten lehen aldia du Burgin. «Guretzat sentimendu handiko zerbait da hau guztia; asko gozatzen dut, baina, aldi berean, oso kontzentratuta egon behar zara, akats batek dena zaildu dezakeelako». Maniobratzeko ez dira ontzi errazak almadiak, eta «erne» egon beharra dago mugimenduei aurrea hartzeko. Adibidez, ur jauzian. «Emozio handikoa da, baina adi egon behar gara, handik ateratzean arraunekin almadia bideratu eta kontrola bereganatzeko. Jabetu zarenerako pasatu da», aipatu du.

Aurten, gainera, ur gutxirekin jaitsi da Ezka ibaia. Erik Adoten arabera, hilabete eta erdi igaro da «tantarik bota gabe». Horregatik trabatuta geratu da almadia nagusia zubira iritsi aurretik. Kostatu zaie askatzea, baina txaloka hartu ditu bertan bildu den jendetzak. «Etorkizunari begira birpentsatu beharko dugu: almadia arinagoak egin ur emaria gutxitzen bada», hausnartu du Sarriesek. 34 urtetan bi aldiz bertan behera utzi dute: bata ur gehiegi zeramalako ibaiak, eta bestea, ur gutxigatik.