Bihotza motelago taupaka

Bihotza motelago taupaka

Lau letra soilik ditu buruan Elik: BAME. Medikua izateko prestatu behar duen azterketaren presio itogarria du gainean Jaso ikastolako ikasleek sortutako Taupaka obraren protagonistak. Apunteak, senideen espektatibak, atseden falta… taup-taup, taup-taup, taup-taup. Eliren bihotz taupadak azkartuz doaz. Lagunek agurtu egin dute liburutegian, eta zerbait hartzeko aukerarik duen galdetu. Betiko erantzuna eman die: «Medikua izan nahi badut, ikasi egin behar dut».

Mahai gainean dituen apunteak errepasatu bitartean, Elik gero eta astunago sumatzen ditu betazalak. Azkenean, amore eman du, eta lokartu egin da. Auto istripu baten ondoren agertzen diren larrialdiko langileekin egin du amets: eszenatokian akrobaziak egitera sartu dira. «Lan hau egiteko, bokazioa behar da, sakrifizioa», abestu dute langileek.

Jaso Ikastolako ikasleek gaur aurkeztutako obran egindako akrobaziak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Odolez estalita dauden zaurituak azkar-azkar eraman dituzte ospitalera. Bertan Eli dago, bere ametsean zirujaua baita, ama bezala. Esku oheak bat-batean sartu dituzte, eta osasun langileek berehala jarri dituzte ebakuntzak egiteko eskularru urdinak. Paziente bakoitzaren egoera aurkezteko plataforma birakari batean jarri dituzte zaurituak: belauna apurtua duen bat, aurpegia hondatua duen beste bat, eta oso larri dagoen bat. «Barneko zauri sakona du. Zirujau bat behar dugu!», oihukatu du erizain batek. Begirada guztiak Elirengana bideratu dira.

Presio itogarria

«Ez nago prest, ez dut aurretik ebakuntzarik egin», dio Elik, beldurtuta. Egoera frenetiko horretan sartu da Eliren ama, eta, alaba lasaitu ordez, are gehiago urduritu du: «Familiaren izen ona zure eskuetan dago». Taup-taup, taup-taup, taup-taup. Izen ona, ikasketa nekagarriak eta lehen ebakuntzaren presioa. Elik eztanda egin du: «Ezin dut ebakuntza egin». Lasterka atera da ebakuntza gelatik, eta amak idorki erantzun du: «A zer dezepzioa». 

Elik arnasa sakon hartu du, bihotzeko zurrunbiloa baretu nahian, eta, halako batean, zurrumurru mamitsu bat entzun du: amak, zirujau hasi berria zenean, ebakuntza batean huts bat egin zuen, eta harrezkeroztik ez du ebakuntzarik egin. Ama eta alaba uste baino antzekoagoak dira.

‘Taupaka’ obrako osasun langileak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Zeure burua zaindu behar duzu», «atseden hartu», eta halako gomendioak barneratu dituzte biek, eta Eliren bihotza poliki-poliki lasaituz doa. Begiak ireki, eta liburutegian dago, bakarrik, baina bere gauzak bildu eta lagunekin aterako da. Txalo zaparrada eman diete antzezleei, baita tarta bat ere. Izan ere, emanaldi berezia izan da gaurkoa: Jaso Musikala proiektuak ehun emanaldi bete ditu. Agertokiaren atzetik ikuskizun guztiak ikusi ditu Imanol Janices musikalen zuzendaritzako kideak, eta begiak malkoz bete zaizkio ikuskizunaren amaieran: «Oso hunkituta gaude. Oso prozesu polita izan da. Gainera, ikasleek hartu dute medikuntzako ikasleen egoera lantzeko erabakia. Beharrezkoa da osasun mentalaren inguruan hitz egitea».