Maria Txibitek ez du sakatu botoi gorria. Nafarroako Gobernuko lehendakariak ahalmena du hauteskundeak aurreratzeko, betiere legealdia bukatzeko urtebete baino gutxiago gelditzen ez bada. Hain zuzen, ostiralean amaitu zen epemuga. Iragan astean Nafarroako Gobernu barruan sortutako kalapitaren ondorioz, giro politikoa berotu egin zen, eta bazitekeen PSNk bozak aurreratzeko tentazioa izatea, baina nahiago izan du geldi egon. Hauteskundeak aurreratzekotan, beranduenez uztailaren 15erako egin beharko lituzkete, eta kanpaina noiz-eta sanferminetan egitea ez da munduko ideiarik onena.
Behin hori argituta, espero da urtebete gorabeheratsua izatea bozetara bitarte. Kanpaina gertu izateak eta inkesten marmarrek urduritasuna areagotuko dute. UPNk topatu du Nafarroako Gobernua eta batik bat PSN higatzeko moduko gai bat: Cerdan auzia. Azken hilabeteetan eskuinaren estrategia hori desaktibatu egin bada ere, ikusi beharko da haren itzal luzeak zer eragin izango duen hautesleengan.
PSN, urduri
Izan ere, Cerdan auzia izan da legealdia markatu duen gaia. Iazko ekainera arte, PSN trankil zegoen, baina Guardia Zibilak guztia leherrarazi zuen: ustezko ustelkeria egitura baten erdigunean jarri zuen Santos Cerdan, PSNren eta Maria Txibiteren azken hamar urtetako ibilbidean pisu politiko handiena izandako buruzagia. PSNk hasieratik hautsi zuen Cerdanekin zuen lotura oro, eta parlamentuko ikerketa batzordeak agerian utzi du ez dela irregulartasunik atzeman susmopean diren bi enpresei —Accionari eta Servinabarri— lotutako adjudikazioetan.
Ondorio politikoak izan ditu, baina. Urte hasieran Felix Taberna lehen presidenteordeak gobernua utzi zuen, eta ez zen oso argi geratu erabaki horrek nolabaiteko erlaziorik izan ote zuen auziarekin. Taberna joan izana gobernua moldatzeko baliatu zuen Txibitek, eta PSNren barruan pisu handia izan duten bi lagun kontseilari izendatu: Javier Remirez eta Inma Jurio. Azken txanpari begira PSNk bere soslai politikoa indartu nahi duen seinale.
Cerdanen itzala, gainera, Espainiaraino iristen da. Espainiako Gobernua ez da gai Pedro Sanchezen inbestidurari bide eman zion gehiengoari eusteko, eta Sanchezi oso luze egingo zaio azken txanpa. Nahiz eta erkidegoetako azken bozetan emaitza kaskarrak lortu, baliteke Sanchezek hauteskundeak aurreratzea, eta, hala egingo balu, horrek ondorio zuzenak izango lituzke Nafarroan. Espainiako Gorteetako bozak foru hauteskundeetara deitu baino hilabete batzuk lehenago edo beranduago izan, Sanchezek porrot eginez gero posible da agertokia hankaz gora gelditzea. Izan ere, Cerdanek konbentzitu zuen Pedro Sanchez PSNk 2019an egindako apustu politikoa egokia zela, eta, biak ekuaziotik ateraz gero, eutsiko al dio PSNk 2019an hasitako bideari?
UPNk, txanpona gora
UPNk halabeharraren esku utzi du bere apustu politikoa: txanpona gora bota eta oraingoan bai, oraingoan aurkia aterako den itxaropenari heldu. Belateko tuneletako lanetan ustelkeria zantzuren bat topatzea izan da horretarako karta nagusia. Legealdi hasieratik gai horrekin hautsak harrotuz, ahalegina egin du botoak irabazteko edo gutxienez aurkarien boto emaileak desmobilizatzeko.
Jokamolde horrek badu gabezia nagusi bat, ordea: UPNk ez du bere esku zuen beste ezer egin. 2024ko UPNren kongresuak ez zuen eztabaida estrategikorik ekarri, eta ez du aliantza politikorik elikatu, nahiz eta funtsezko osagaia izan Nafarroan benetan irabazle izateko. Iruñeko Udaleko zentsura mozioaren ondorioz, UPNk zubi oro hautsi zituen PSNrekin, eta Cristina Ibarrolak ez du gaitasunik izan horiek berreraikitzeko. Gainera, parlamentutik kanpo denez, Ibarrolak ez du oihartzun publikorik, eta Jose Javier Esparza da oraindik UPNren figura politiko nagusia.
Soslai propioa nabarmendu nahirik
Koalizio gobernu orotako arazo klasikoa du Geroa Baik: soslai propioa nabarmentzeko beharra. Duela hiru urte, Geroa Bai izan zen gobernu barruko bazkideen artean boto gehien galdu zuena (-%28). Horri gehituz gero parlamenturako bozetan ez ezik beste esparruetan ere emaitza txarrak lortu dituela azken urteetan, beharrezkoa du zoru politikoa egonkortzea. Badaki emaitza onak lortu behar dituela eskuinak agintea ez eskuratzeko.
UPNk eta PSNk ez beste indar guztiek oraindik ez dute aukeratu hautagaia, eta, Geroa Bain, gainera, ez dago argi nor izango den. Legealdi hasieran, Uxue Barkos Espainiako Senatuan senatari autonomiko izateko hautatu zutenean, ematen zuen lehen lerroa utziko zuela, baina, gaur-gaurkoz, ez du baztertu aurkeztea. Beste figura batzuk ere nabarmentzen dira, tartean Ana Ollo, Unai Hualde, Mikel Irujo eta Pablo Azkona. Urtebete honetan, ikusi beharko da Geroa Sozialberdeek eta EAJk noren alde egiten duten eta nola konpontzen duten auzia.
Gorantz, baina mugatuta
EH Bildu eroso dago. Kanpotik babesten du gobernua, eta hartan duen eragin ahalmena baliatu. Azken hilabeteetan inkesta gutxi atera badira ere, haietako zenbaitetan aurreikusten dute balitekeela koalizioa PSNren parean jartzea. Goranzko joera horrek, baina, muga batzuk izan ditzake. Oposizioan egotearen ondorioz, modua izan du gobernuaren aurkako kritikei izkin egiteko, salbuespen batzuk izan badira ere, hala nola Erorien Monumentuaren afera. EH Bildu aspalditik ari da luzarorako estrategiari begira, eta, beraz, ongi neurtu beharko du zer egin, posible baita oinarrien artean ezinegona piztea orain gehiago lortzeko. Aldi berean, hala munduan nola Espainian joera politikoa eskuinerantz doan honetan, baliteke Nafarroako agertokia errotik aldatzea ere, eta koalizioak argi du bi hipotesietako edozein beteta ere emaitza onak lortu beharko dituela. Ez du argitu nor izango den hautagaia, baina berriz ere Laura Aznal aurkeztea litzateke normalena.
Zurekin Nafarroari, bestalde, hautagaia aukeratzea baino are garrantzitsuagoa zaio koalizioa nola osatuko duen argitzea. Nafarroako Ahal Dugu-k zuzendaritza aldatu zuen iazko ekainean, eta irailetik hainbat aldiz adierazi du gobernutik atera behar dutela. Ez dira bakarrak. Koalizioaren barruan, ahots batzuk nahiago lukete EH Bilduren bidea hartu eta oposiziotik ezkerreko politikak baldintzatu. Horrez gain, koalizioari eusteko negoziazioak egiteko dituzte, eta sumatzen da balitekeela Ahal Dugu-rekin tirabirak izatea. Dena den, alderdi moreak ongi neurtu beharko ditu indarrak. Espainian oso emaitza txarrak kateatu ditu azkenaldian, eta, oraingoz, Zurekin Nafarroa da eremu horretako marka errotua.
PPk kale egin du
Bai 2023ko bozetan eta bai hiru urteotan, PPk kale egin du UPNrekin lehian aritzeko orduan. Aldi berean, Javier Garciaren lidergoa auzitan jarri da azken urtean. Parlamentari gisa erakutsitako gaitasun faltari, alderdi barruan izandako liskarrak gehitu behar zaizkio. Oraindik ez dute argitu Garcia izango ote den hautagai, baina badaezpada ere, Sergio Sayas ongi kokatua dago, haren lekukoa hartzeko gertu.
Voxek olatu erreakzionarioaren aparretan jarraitzen du. Espainian, barne liskarretan murgilduta dago; Nafarroan, berriz, ez du egiturarik, eta parlamentuan irrigarri geratu da: legebiltzarkideetako batek taldea utzi du, eta besteak oihukatu eta iraindu besterik ez du egiten. Hori guztia, alabaina, bost axola zaie boto emaileei. Izan ere, gau-gaurkoz inkestek emaitza onak ematen dizkiote alderdi horri, eta gorrotoz beteriko haren diskurtsoa errotzen ari da UPNren eta PPren mezuetan.
udal hauteskundeak: UPN-ren eta EH Bilduren arteko lehia
Lurralde osoan hedaturik dauden indarren artean, UPN eta EH Bildu dira nagusi, eta sendotasun hori islatu egiten da udal hauteskundeetan. 2023an, UPNk 12.700 boto gehiago lortu zituen EH Bilduk baino, baina koalizio abertzaleak 325 hautetsi lortu zituen, eta alderdi erregionalistak, berriz, 246. Iruñeko Udalean agintea eskuratzea izango dute helburu biek. Duela lau urte EH Bilduk ez zuen lortu UPNri gailentzea, baina modua egin zuen zentsura mozio baten bidez Cristina Ibarrolari alkatetza kentzeko. Litekeena da berriro ere giltza PSNren esku egotea. Ez soilik Iruñean, baizik eta baita Eguesibarren, Lizarran eta Barañainen ere, besteak beste.
