«PSNk UPN babes dezan, PSOEren estrategia aldaketa bat behar da»

«PSNk UPN babes dezan, PSOEren estrategia aldaketa bat behar da»

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako urtebete falta den honetan, panorama irekirik ikusten du Ricardo Feliuk (1972, Sabadell, Herrialde Katalanak). Azken txanpa luze horri begira, errepasoa egin du eragilez eragile.

Urtebete gelditzen da Nafarroako hauteskundeetarako. Zer giltzarri daude? Tentsioa handituko al da?

Hiruko gobernu honetan, alderdi bakoitzak nondik norako bereziak eta barne tentsioak ditu. Horregatik, tradizionalki, legealdiko azken urtean diferentziak azaleratzen dira. Aurrekontuen eztabaida giltzarri izango da. Tirabira horiek agerian geratuko dira, baina kontuan har dezagun balitekeela desadostasun horiek neurri batean antzeztuak izatea edo benetako haustura bat islatzea.

Gobernua kanpotik babesten duen bazkidea izanik, EH Bilduk zer rol jokatu dezake?

EH Bilduren rola interesgarria da. Estrategia inteligentea izan du azken bi legealdietan. Kanpotik babesten du gobernua, eta politikoki eragin ahalmen horrekin jokatu dezake.

Geroa Baik gobernutik kanpo egon nahi luke, EH Bildu bezala?

Geroa Bairi dagokionez, aurreko legealditik ika-mikak izan ditu PSNrekin. Distantzia hartu, eta ahots propioa izaten ahalegindu dira; Geroa Baikoek EH Bilduri begiratzen diote zeharka, elkarren arteko barne gerra bat baitute esparru abertzalean. Era berean, koalizio barruan ere bada tentsioa, EAJren eta Geroa Sozialberdeen artean.

«Geroa Baikoek Uxue Barkosen figura politikoa berreskuratzen badute, adierazten dute ez dutela haren ordezkorik»

Eta Zurekin Nafarroa eroso al dago gobernuan?

Bi arima ditu. Ez dakit elkarren aurka arituko diren, baina definitu egin beharko dira. Ahal Dugu-ren zuzendaritza gobernuan ez parte hartzearen aldekoa da, eta marra gorri jakin batzuk ezarri ditu. Beste eragile batzuk posibilistagoak eta pragmatikoagoak dira, eta datozen hilabeteetan zehaztu beharko dute zer egingo duten, hasieratik ez sartu edo behin emaitzak esku artean izanda erabaki.

Koalizio barruko negoziazioak duela lau urte baino zailagoak izango dira, horren ondorioz?

Ez dut esango egoera konplikatuagoa dela, baina, panorama honetan, Ezker Batua ere aintzat hartu behar da. Ahal Dugu-rekin zalantza bat dut: zer du erreferente gisa, estatua [Espainiakoa] edo Nafarroa? Azken hauteskunde autonomikoei begira, asko hitz egiten da ezkerraren krisiaz, baina, egiazki, ezkerraren krisia estatu arlokoa da, lurraldeari begirako proposamenek arrakasta izan baitute. Arazoa ezkerra ote da benetan, edo ezker horrek estatuaren osaera nola ulertzen duen? 

Geroa Baik boto asko galdu zituen 2023an, baina gobernuan ardura handiko gestio eremuak hartu ditu. Ez da argi ikusten nor izango den lidergoan.

Oso interesgarria da azken urte honetako lidergoari erreparatzea. Pablo Azkonak protagonismoa zuen hasieran, baina uste dut hori ikusarazteko arazoak egon direla. Atzean, EAJren eta Geroa Sozialberdeen arteko tentsioa dago. Nire ustez, porrota izango litzateke berriz Uxue Barkos agertzea sektoreen arteko batasun gisa. Haren figura politikoa berreskuratzen badute, adieraziko dute ez dutela ordezkorik. Kanpora begira, ahultasuna islatzen du.

EH Bilduk eroso dirudi, baina baliteke babestu dituen politikak nahikoa ez izatea hautesleriaren parte batentzat?

EH Bilduren estrategia posibilista izan da orain arte, eta nahiko ongi joan zaio. Interesgarria da ikustea nola moldatu duten hizkuntza, independentzia eta halako hitzak desagertuz joan baitira. Zentraltasun irudia eman dute. Alta, koalizio barnean, sektore batek gehiago nahi du. Bestalde, barne inkestek esaten digute balitekeela PSNrekin berdinduta gelditzea parlamentari kopuruari dagokionez. Baliteke hori egoera delikatua izatea EH Bildurentzat.

Zergatik?

Koalizio barnean argitu beharko dute orain arteko jarrera pragmatiko horri eutsi behar dioten, edo prozesua azeleratu.

Horregatik dago urduri PSN? Haiek argi diote gobernu formula honen alde egingo dutela eurek lidergoa duten bitartean.

Duela urtebete, Santos Cerdanen auziak bi agertoki marraztu zituen. Auzia lehertu eta Nafarroan konexio bat izan dezakeela agertu zenean, eskuinari aukera bat ireki zitzaion. Dena den, azken urtean, ikerketa batzordeari aurre egiterakoan, UPNk ez du asmatu. Bestetik, urte hasieran, Txibitek gobernua aldatu zuenean, Felix Taberna [presidenteorde lehena] gobernutik atera zen. Taberna gobernuaren zaindaria zen, baina ez zen PSNkoa. Une batean, PSNk behartu zuen sozialisten alde egitera, eta hark erantzun zien ez zela hura bere funtzioa. Bere etxera joatea erabaki zuen.

«EH Bilduk koalizio barnean argitu beharko du orain arteko jarrera pragmatiko horri eutsi behar dion, edo prozesua azeleratu»

PSOEk eragina du PSNren erabakietan; gobernuko bazkideek ahuldadea erakutsi zuten hauteskundeetan, eta ikusi beharko da EH Bildu sendo bat onartuko al luketen bazkide gisa. Baliteke gobernu formula hori agortuta egotea?

Beste galdera batekin erantzungo dut. Ba al da alternatibarik? Esparru kontserbadorera begiratuz gero, ez dago alternatibarik, ez dago fundamentuzko ezer. PSN estatu mailako alderdi bat da, eta, Madrilen zuzendaritza aldatuz gero, estrategia ere aldatuko da. Beste aukera bat dago mahai gainean, iraganera itzultzea. UPNren eta PSNren arteko akordio bat egitea. Ez lirateke biak egongo gobernuan, baina batak bestea babestu dezake. Hori gerta dadin, Madrilen estrategia aldaketa bat behar da. Pedro Sanchez ekuaziotik atera eta [PSOEko] zuzendaritza aldatuz gero, gerta daiteke.

Cerdan auziaren harira, oposizioa egiteko gaia topatu du UPNk. Ikerketa batzordean haren higadura estrategia hori desaktibatu bada ere, sortutako zarata zenbateraino izan da eraginkorra?

Zarata sortzeko orduan, ikusi behar da zein den helburua: aurkariak desmobilizatzea, edo zure militanteak aktibatzea. Nabaritu dut UPNk ez duela oso argi hori.

Dena den, Cristina Ibarrolak ikusi du baduela aukera bat?

PSNren aurka egiteko orduan, bereizi egin dituzte alderdia eta haren oinarriak. «Lotsagarriak zarete zuen boto emaileentzat» eta halako mezuak zabaldu dituzte. Iduri zuen UPN alderdi sozialistaren barne korronte bat zela. Errealitate enpirikoa da orain arte PSNk ez duela botorik galdu eta ez dela higatu.