Hiru hamarkada eta gero, Nafarroako funtzio publikoko estatutua izateko bidean dira udal eta gobernuko 40.000 langile inguru. Aurreko estatutua 1993ean onartu zenez, gaur egungo administrazioaren beharretara egokitu behar zela azaldu du Nafarroako Gobernuak. Besteak beste, funtzio publiko langile guztien lanbide karrera arautuko du lehen aldiz, eta hari lotutako osagarriak ezarriko ditu progresiboki 2027tik 2032ra, eta horrekin konpentsatuko du azken urteetan izan duten erosahalmenaren galera. 130 milioi euroko inbertsioa eskatuko dio gobernuari.
Negoziazio prozesu luzearen ostean, gaur goizean mahai orokorraren bileran gobernuak proposatutako azken testuaren alde bozkatu dute Afapnak, CCOOk eta UGTk. Aldiz, LABek eta ELAk kontra bozkatu dute, eta etzi lau orduko lanuzteak deitu dituzte, 11:00etatik 15:00etara.
Behin hiru sindikatuen babesa ziurtatuta, Inma Jurio eta Gloria Arancon Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko kontseilari eta zuzendari nagusia «oso pozik» azaldu dira komunikabideen aurrean. Juriok nabarmendu du mahai orokorreko sindikatuen %51eko babesa jaso dutela. «Ez dugu inor baztertu. Hitz egin nahi izan duten sindikatuekin hitz egin dugu eta eskua luzatuta dugu».
Osagarrien igoera
Estatutua langile publikoen lan ituna da, eta ia 200 lege artikulu izango ditu. Besteak beste, lanbide karrerari lotutako osagarriak ezarri dira: 2027an soldata oinarriaren %20 jasoko dute, eta urtetik urtera igotzen joango da 2032an %100era iritsi arte. Hala, soldata tarte apaleneko langileek urtero 1.700 eta 7.000 euro artean jasoko dute kategoriaren eta antzinatasunaren arabera. Kategoria handienekoek (A1 maila), berriz, 2.900 eta 11.000 euro artean.
Jurioren arabera, 2027an 26 milioi euro kostatuko da, eta 2032an 130 milioi euro. Zehaztu du lanbide karreraren osagarriak ez dituela beste ordainsarietan murrizketarik eragingo. «Azken hamabost urteetako erosahalmenaren galera konpentsatu nahi izan dugu horrela», azaldu du. Ez dute zehaztu zer eragin izango duen udalengan.
LAB da Nafarroako Gobernuko lehen sindikatua, alde handiz (77 ordezkari ditu). Isabel Artieda LABeko kidearen ustez, Nafarroako Gobernuak «murrizketak ezarri ditu diruaren truke». Artiedaren ustez, administrazioko lan kontratudunak hartzeko hautapen probak ken daitezke eta «meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioak urratu». Bere ustez, «ekinbide ustelak legeztatzen ari dira gobernuaren kudeaketa errazteko eta kudeaketa txar baten arazoak konpontzeko.
ELAk eta LABek gaitzetsi dute administrazio barruan behin-behinekotasuna %8ra murrizteko planik ez dela jaso. ELAk, zehazki, 120 ekarpen egin dizkio testuari eta horiek ez direla jaso kritikatu du. Bi sindikatu abertzaleak batzarrak egiten ari dira langile publikoen artean, eta ostegunean lau ordurako lanuztera deitu dituzte langile publikoak.
Ordezkaritza sindikalaz
Mahai orokorreko ordezkaritza sindikalarekin ere talka egon da. Izan ere, Nafarroako Gobernuko eta hari lotutako erakundeen hauteskunde sindikalak lau urtean behin egiten dira. LABek eta ELAk %50etik gorako ordezkaritza dute. Udaletan bozak ere egiten direnez, ordezkaritza horren ehunekoa aldatu egiten da etengabe. UPNren garaitik, argazki finko bakarra hartu izan da aintzat lau urtez, baina oraingoan 2025 amaierakoa eguneratu dute, Afapna, CCOO eta UGTren alde.
Dena den, oraindik ere bide luzea geratzen zaio testuari. Lehenik eta behin gobernuak espero du sanferminetarako lege aurreproiektua onartzea. Handik Nafarroako Kontseiluaren esku utziko du, eta udazkenean parlamentura bidaliko du testua. Beranduenez martxorako onartzea aurreikusten du.
EH Bildu da lehentasunezko bazkide eta galdetu diote Juriori zer dagoen prest amore emateko: «Ez dakigu zer eskatuko diguten. Gauza ez da soilik zer ematen duzun, baizik eta zer eskatzen diguten eta zer akordiotara iristen garen». UPNren aukeraz ere galdetu diote, eta Juriok erantzun du garrantzitsua dela estatutua onartzea, «ahalik eta adostasun zabalena» lortuz.
Inma Jurio Nafarroako Funtzio Publikoko kontseilaria eta Gloria Arancon Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, gaur eguerdian. NAFARROAKO GOBERNUAK UTZITAKO IRUDIA.
Giltzak
Lanbide Karrera. Foru administrazioko langileen lanbide karrera arautuko da lehen aldiz. Bost tartetan mailakatuko da, eta antzinatasunaren arabera «automatikoki» tarte batean kokatuko da.
Sustapena. Tartez igo nahi duen langileari «merituak egiaztatzeko sistema baten bidez» baloratuko zaio jarduera profesionala, ezagutza, egindako ikastaroak…
Osagarriak. 2012tik galdutako erosahalmena konpentsatzeko, lanbide karrerari lotutako osagarriak ordainduko dira: 2027ko urtarrilaren 1etik, soldata oinarriaren %20 jasoko dute; 2028an, %30ekoa; %50ekoa 2029an; %70ekoa 2030ean; %90ekoa 2031n eta %100ekoa 2032an.
Leku aldaketak: Postu aldaketak eta sustapen profesionalak arautuko dira, «bai behin-behinekoak bai finkoak».
Telelana. Haren erabilera arautu beharko da urtebetean.
